Musika ere, titularretan

Musika ere, titularretan –

Maddi Ibaibarriaga Zubikarairen azken zuzenekoa Berri Txarrak taldearena izan da, eta lehen kaseta, Itoizena. Lea Artibaiko Hitzan kontatu digu.

Nire lehenengo kaseta Itoizena izan zen. Aititaren etxera joan nintzen domeka batean bazkaltzera eta irratian Mutrikuko taldea deskubritu nuela kontatu nuen. Hurrengo asterako, osaba Jabierrek Itoizen kaseta ekarri zidan: nire lehenengo kaseta. Musika asko eta denetarikoa entzuten zen gurean: klasikoa, domeka goizetako Pablo Milanes edo Silvio Rodriguez, kotxeko Benito, haur kantak… denetik. Baina Itoizena izan zen NIRE lehenengo kaseta. Buruz ikasi nituen kantak, dantzan egiten nuen, musika bakarrik zegoen zatietan emozionatu egiten nintzen, Mafalda eta Zakilixut komiki tira berean zeudela uste nuen eta Mutrikutik pasatu bakoitzean lau teilaturen gainean egon daitekeela pentsatzen nuen, kale estu eta xarmaz beteriko haietan.

Musika ere, titularretanPentsatzen jarri naiz, gaur egungo nerabeek ba ote daukaten euren talde kuttuna, letra guztiak buruz ikasten diren talde maitatu hori. Gaur egun ia ez baita oparitzen kasetik, CD-rik edo talde batena (bakarrik) den ezer. Youtube Itsaso zabala da gure arrantza selektiborako. Edozein euskal talderen kanta youtuben jarri eta beti amaitzen dugu Aske maitte edo Aldapan gora entzuten Youtuberen aginduz. Baina sekula ez Gatiburen edo Huntzaren kanta ezezagunik.

Horrek eraman nau pentsatzera musikaren munduan ere titularren munduan bizi garela. Single-ekin konformatzen gara, gehien entzuten den kantu horren fan egin, eta ez dugu musikari horren ibilbidean gehiago sakontzen.

Zutabea honaino idatzita neukan zapatuan Berri Txarrak ikustera joan nintzen arte. BEC gainezka. Jendea, gogotsu. Fanak eta fanagoak. Gure alboan oso gazteak zirenen kuadrila bat zegoen, letra guztiak goitik behera kantatzen. Zutabe hau gogoan, “klaaro, hau azkenengo CD-koa delako” pentsatu nuen. Baina ez, spoilerra apurtu zidaten nerabeek. Oraingo, lehenagoko, eta hasieretako kanta guztiak kantatu zituzten goitik behera Gorka Urbizurekin batera-batera. Harrituta eta pozik hartu nuen, “ño! hauek ere badaukate ba musika talde kuttuna eta sakonean ezagutzen dutena”. Zutabea aldatu beharrean egon arren, harrotasuna ere sentitu nuen “gure” nerabe horienganako.

Egunak joan ahala pentsatu dut, Berri Txarrak handia ere gazte horientzat ez ote den euskal talde-titular eta bakar. Eta izango da agian. Baina bestalde, uste dut Berri Txarrak taldeak lortu duela (eta ez da talde bakarra izango) titularretatik haragoko musika egitea. Pixka bat lasaitu ninduten entzule haiek youtuben arakatzeko egindako saiakeragatik beragatik, bakarrik. Beude horrelako gazteak. Ez dadila haria eten.

Musika ere, titularretan
Argazkia: Dani Arrizabalaga
Musika ere, titularretan

Sarean, han eta hemen argitaratzen direnak harrapatzen, zeure interesekoak direlakoan.