Euskal Letren Marteko Errepublika

Euskal Letren Marteko Errepublika –

Hasier Etxeberriaren irudia ageri da hizketan, hogeitaka pantaila txiki dituen panel handi batean piztuta dagoen pantaila bakarrean, Sautrela saioaren 448. atala agurtzen, ETB1ek 2016ko ekainaren 25ean eman-dakoa, berak aurkeztu zuen azkena:

– Gaur dugu azkena, baina irailean, dena ondo bidean badoa, hementxe egongo gara, osasunak laguntzen badigu be-deren. Ordura artean, uda ederra pasatu eta, badakizue, beti bezala, zintzo ibili. ala ez. Hori zeuk egin beharreko hautua da.

Euskal Letren Marteko ErrepublikaSaioa amaitu eta pantaila txikia itzaltzearekin batera, planoa zabalduta, ikusi da itzali berri den pantaila espazio-ontzi baten barruko telebista batekoa dela, era horretako ibilgailue-tan ohikoak diren aparatuak daudelako inguru osoan, forma, tamaina eta kolore askotako aginte-botoiz hornituak. Kameraren mugimenduak hura gidatzen ari diren eskuen jabearen aurpegia erakutsi du azkenean, selfie bat egiten ariko balitz bezala kokatua baitago kamera aurrean, astronauta bat da, es-pazioko trajerik gabe, ontziaren barruan halakorik ez baitu behar. Trajearen ordez, lan-jantzi mehe bat du soinean, eta lan-jantziaren bi mahuketan ikurrina bana.

Ongi etorri, ikus-entzule, euskal letren beste errepublika honetara –esan du astronautak, kamera berari begira geldirik utzita–, Sautrela baino xumeagoa eta pobreagoa, baina borondate onez egina. Leire Larrañaga naiz, Martera etorri eta pla-neta gorri honetan bakarrik eta inkomunikatuta geratutako astronauta, hala nire espediziokideek nola espedizioaren Lu-rreko arduradunek hiltzat emana eta hemen abandonatuta utzia. Bideo hau eta ondoren grabatuko ditudanak ikusten dituzunerako, hila izango naiz, hemen bizpahiru hilabeterako janaria baino ez baitaukat eta Lurrean inor ni bizirik nagoela jabetu eta handik beste inor nire bila etortzerako urtebete iga-roko baita gutxienez. Bai, zuzen zabiltza: Andy Weirren The Martian nobelako –eta Ridley Scotten izenburu bereko filmeko– protagonistari, Mark Watneyri, gertatu zitzaiona gertatu zait niri. Baina ni ez naiz Mark Watneyk espazio-ontziaren barruan sortu zuenaren moduko berotegi bat eratzeko gauza izan, nazkatzeko lain patata izateko.

“Errealitatearekiko esperantza oro galduta, fikzioa dut hemen eta orain helduleku nagusi, euskal literaturakoa zehazki, espediziora aisialdirako ekarri nuen materialaren artean euskal literaturako ehunka libururen e-Pubak eta Hasier Etxeberriak Sautrela saioan egindako elkarrizketa guztien grabazioak –laurehundik gora, alajaineta!– dauzkadala baliatuta.

Bai, badakit zer esaten ariko zaren… nik ere nahiago nituzke, bai, paperezko liburuak, baina e-booka erabili beharra daukat nahitaez, espedizioaren Lurreko arduradunek ez zigutelako espazio-ontzira paperezko liburuak ekartzen utzi. Zergatik? Ez dakit, baina ez ninduen harritu debekuak. Ikusi al duzue inoiz paperezko liburu normal bat espazio-ontzi baten barruan? Irudikatzen al duzue paperezko liburuz betetako apalategi bat espazio-ontzi bateko aparatu konplexuen artean? Baita zera ere! Hori baino gauza arraro eta inkongruenteagorik…

Irakurtzea bakarkako plazera da, eta horixe da planeta gorri eskerga honetako nire egun gainerakoan guztiz monotonoetan geratzen zaidan plazer ia bakarra. Baina bakarkako plazer horren lagungarri estimatzekoak dira Hasier Etxeberriaren Sautrela saioko elkarrizketa patxadatsu eta dotoreak. Irakurtzeak nire une bateko plazeretik haragoko balioa eta interesa duela sentiarazten didate elkarrizketa horiek, irakurtzeak euskal letren errepublika bateko herritar librea egiten nauela.

“Hemendik aurrerako bideoetan, gustu baduzu, nire irakurketetan eta Hasier Etxeberriaren Sautrela saioko elkarrizketan oinarritutako nire komentarioak aurkituko dituzu, euskal literaturaren irakurle xume eta apal baten komentario gisa berean xume eta apalak, baina libreak eta zintzoak, grinatsuak ere bai inoiz, Marteko bakardade etsi honetan mamituak denak, euskal letren errepublika librearen tanta xumeak ustez amaierarik gabekoa den unibertsoaren zabaltasun guretzat ezin ulertuzkoaren barruan”.

Euskal Letren Marteko Errepublika  Euskal Letren Marteko Errepublika  Euskal Letren Marteko Errepublika