[Zine Kritika] Muga Deitzen da Pausoa
Muga Deitzen da Pausoa –
Zuzendaria: Maider Oleaga
Urtea: 2018 Herrialdea: Euskal Herria
Durangoko azokan Maider Oleagaren azken lana ikusteko aukera izan dut, aurrestreinaldia izan da, zortekoa ni, gutxi barru aretoetan ikusgai izango den harribitxia gozatzearen aukera izateagatik. Ondorengo lerroetan zuzendariak eskainitako bidaiaren kontu emango dut, ahalik eta modu zuzenean, berak Elbira Zipitriarekin egin duen bezala.
Elbira Zipitria, euskal hizkuntzaren gotorlekua izan zena, lubakia, euskararen lekukoa esku artean gorde zuena, ondoren etorri garenoi eskaintzeko. Gure hizkuntza gaitzetsia zegoen garaian, debekatua, berak babestu zuelako, defendatu, gorputz teorikoa eskaini, hizkuntzari eta hiztunei eman zien plaza, etxea, edo hobe esanda egongela.
Elvira Zipitria, ahanzturan galdua, oroimenak irentsia, laino dagoelako bere memoria, Baionako alderaino, laino, lanbrotan, ahantzia. Maider Oleagak memoria ariketa ezin hobea pantailaratu du proposatzen digun zintan, dokumental, esperimental biografiko-erretorikoan.
Justizia poetikoa dela sinistu nahi dut, ausaz, zuzendariak Elbira Zipitriaren etxea topatu baitzuen, hasieran jakin ez bazekien ere, berak alokatutako etxean Zipitria anderea bizi zela, bai, etxe berean, berdinean. Honek emango dio hasiera zintari, horrelako pertsonaia garrantzitsu bezain misteriotsuaren etxebizitza berberean aurkitzen baitira biak, bata orainean, bestea iraganean, memorian, baina hormek diote, xuxurlatuz batzuetan, intzirika besteetan bertan gertatutakoa, gure historia hurbileko atalik ezinbestekoena.
Elbira, edo berak nahiago zuen bezala Iraitza, garoa, Ira, Ira aurrerantzean. Irak egiten zuelako, Irak esaten zuelako entzungo dugu filmean zehar, eta burura herrialdea datorkit, bere izenari ergatiboa atxikita gerra sakon eta bortitzak bizi izan dituen herrialdea, apetatsua badakit, baina horrela irudikatu dut Ira. Nortasuna, kultura eta ondareaz bere borroka eta bizitza egin zuen emakumea, gogorra, sendoa, zakarra ere esango dute, kontua da agian ez zegoela beste modurik. Eskumuturra itxita izaten ohi zuen sarri, gorputza gogor, hieratiko samar, uzkurtuak giharrak, beti adi, beti tentuz egongo balitz bezala, gerran.
Maider Oleagaren lanak Iraren bizitzan murgilduko gaitu, bere etxean sartuko gara, beronen gelak zeharkatu, leihoetatik begiratuko dugu, patiotik datozen hotsak entzun, kaletik sartzen den argiaz gozatu, baina Iraren etxea Maiderrena da ere orain, ez dezagun ahaztu. Zuzendariak biluzte ariketa izugarria egin du, muga deitzen da pausoa, izendatu duen lanean, lan poetiko bezain ederra.
Planoen konposaketa interesgarriak proposatuko dizkigu, angeluak erakusten dutena ez delako inoiz ausazkoa izango. Etxera gonbidatuko gaitu Maiderrek, Iraren baimenarekin noski, sukalde, logela, egongela zeharkatuko ditugu, bertan egotea zer den antzeman dezagun, bizi dezagun, sumatu.
Planoez ari naizela batez ere ederra logela eta egongelaren artean egiten duen banaketarena, pantaila zatituko balu bezala bi espazioek elkarbiziko dira plano berean: Intimitatea, barrentasuna, oroimena, ezezaguna. Esparru pribatuena logelan izango dugu. Alde publikoena, ezagunena: Lana, militantzia, borroka; egongelan. Jendea biltzen den tokia, dikotomia hau berebizikoa izango delako zintan, ezaguna bezain ezezaguna izango zaigulako Ira.
Heroi ahaztua, euskal nortasuna, kultura eta biziraupenaren katebegi ezinbestekoa, zutabe Doriarra, karga horma. Egituraren pisu guztia jasan duena izan zen eta era berean ikusezina, denboran nonbait galdu baita. Egongela irekia dago, sar gaitezen, logelak ordea atea itxia du, ez dugu bestaldean zer den asmatzerik.
Zuzendariak etxeko ate guztiak ireki dizkigu, airea sar dadin, korrontea, zaharrak berritzeko. Ira euskara irakaslea izan zen, Donostiako Fermin Kalbeton kaleko etxean, han jasotzen zituen haurrak, etxeko egongelan alfabetatzeko, hizkuntza biziraun zezan, gal ez zedin, eta horri eman zion bizitza osoa. Zipitriak beraz, euskarari etxea eskeini zion, hortaz guztioi, etxea, bera izan zen zutabe, horma, teilatu, egitura, eta gu ezta erreparatu ere, ez baitzuen apaingarririk, ez zen laudorioen lagun, soila zen, xumea, egiturak izaten diren bezala.
Zintan deigarria ere, eta oso, soinuaz egiten den tratamendua. Zaindua, sakona, zuzendariak gu etxean nahi gaituelako, haiekin. Entzungo ditugu, paperen soinuak, bildutako dokumentuen hotsa, elurra ere, entzun ahalko balitz. Super 8 formatuan jasotako irudiak uztartuko ditu entsegua dirudien dokumentu poetikoak.
Zeluloide bidezko hausnarketa, momentu batzuetan psikoanalisira hurbiltzen den arakatze lana. Zuzendariak protagonistari egiten dizkion galdera guztiak bere buruari egingo balizko bezala jasoko ditugulako, eta neurri handi batean geuri ere bai. Horregatik biluztea, zuzendariak lan honen bitartez egiten duen hausnarketan biluztea dagoelako, eta nolakoa baina, ederra, zintzoa, eta ez nuke zakarra esango, inola ere ez, baina bai latza. Edertasuna batzuetan latza izan daitekeelako.
Benetan gomendagarria Maider Oleagak egindako azken lana, merezi duen esperientzia delako: Geure nortasuna eta memoria berreskuratzearen lana, geure lekua zein den goraipatzearena. Ardurak, beharrak, ahuleziak eta sendotasunak bilatzearena. Ez ezazue galdu aretoetan ikusteko aukera, sar zaitezte aretora, pantailara, Maiderren eta Iraren etxera, eta sumatu, gure nortasunaren oiartzunak duen dirdira, duen dardara, zainetan daramagulako.