Durangoko Azokako 53. edizioa anitza, baikorra eta arrakastatsua izan DA!

Durangoko Azokako 53. edizioa anitza, baikorra eta arrakastatsua izan DA! –

Anitza, baikorra eta arrakastatsua. Durangoko Azokako antolakuntzak eta Gerediaga elkarteak oso balorazio positiboa egin dute Azokako 53. edizioari buruz: “Gure aurreikuspenak bete eta gainditu dira. Azoka borobila izan da, alderdi kuantitatibo eta kualitatiboan”. Bost egun hauetan Landakon, gainontzeko guneetan eta Durango osoan egon den giro ona azpimarratu dute Azokako antolatzaileek: “Azoka beste behin ere euskal kulturaren plaza izan da. Sortzaile, ekoizle eta bisitariak elkartzeko gunea: proiektu berriak sortu, plazaratu edo erosteko plaza, hausnarketarako eta euskal kulturaz gozatzeko”.

Durangoko Azokako 53. edizioa anitza, baikorra eta arrakastatsua izan DA!

Durangoko Azokako 53. edizioa anitza, baikorra eta arrakastatsua izan DA!Durangoko Azoka Ikasle Egunarekin hasi zen, abenduaren 5ean. Euskal Herri osoko milaka ikaslek Landako eta gainontzeko guneak bete zituzten, Azokak antolatutako tailerretan parte hartu eta erakusmahaiez gozatzeko. Pozgarria da Azokarentzat belaunaldi berriek Azokan parte hartzea: “Etorkizuneko sortzaile, ekoizle edo bisitariak izango dira. Estrategikoa da euskal kulturaren transmisiorako”. Horregatik, Durangoko Azokak Ikasle Eguna indartzeko erronkari eutsiko dio datozen edizioetan ere.

Bigarren egunean, abenduaren 6an, Durangoko Azokako lehenengo Sormen Bekaren irabazlea aurkeztu zen. Etzi Portu Maritimoak aurkeztutako ATOPIArpg proiektuak irabazi du beka, eta, horri esker, euskaraz sortutako lehenengo rol-jokoa argitaratuko da, eta 2019ko Azokan partida bat jokatu ahal izango da. Proiektu berritzailea, sortzailea eta freskoa da, umorea lantzen du eta aukera emango die bisitari eta kulturzaleei egitasmoan parte hartzeko. Gerediagak, beraz, balorazio oso positiboa egiten du lehenengo Sormen Bekak eman duenarekin.

Bekaren bidez Gerediagak sortzaile berriengan jarri du arreta, eta ildo hori indartzen jarraituko du datorren edizioetan ere. Aurtengo Azokan hamaika dira euren lehenengo disko, liburu, ikus-entzunezko lan, proiektu digital edo antzezlan aurkeztu dituzten sortzaileak. Eta sortzaile berri hauei plaza eskaintzen eta ikusgarritasuna ematen jarraituko du Azokak datozen edizioetan ere.

Aurten bigarren urtez, Azokak “kultura guztion eskura” egitasmoa antolatu du, gaitasun ezberdinak dituzten pertsonei ere Azoka eta euskal kultura gerturatzeko asmoz. Oraindik Azokak bide luzea egin behar du bisitari guztientzat inklusibo eta irisgarria izateko, baina norabide horretan urratsak ematen jarraitzen du. Aurten, stand berezia eta abenduaren 8an antolatutako aurkezpenaz gain, Gorabide elkarteko kideak boluntariotza lanetan ibili dira, eta, azpimarratzekoa da Azokan topatu dituzten hutsuneak identifikatu dituztela, hurrengo edizioetan Azokak hobetzeko. Gerediagak horretarako konpromisoa hartzen du.

Gerediaga elkarteak jasotako iritzien arabera, Azoka ona izan da argitaletxe, editore, diskoetxe, autoekoizle eta sortzaileentzat. Salmenta aldetik “berdintsua” izan da egun ezberdinen artean, eta kasu askotan euren espektatibak gainditu egin dira. Hainbat argitaletxetan ekoizpenak agortu dira, eta beste urte batzuetan bezalaxe, ilarak sortu dira sortzaileen sinadura jasotzeko. Azokan, beste urte batez, bisitariek sortzaileak bertatik bertara ezagutzeko aukera izan dute.

Edizio honetan, Gerediaga Elkartearen enkarguz, Siadeco ikerketa elkarteak inkestak egin ditu Azokako bisitarien artean, Azokaren ekarpena zehaztasun gehiagorekin neurtzeko asmoz. Azokazaleen artean 700 inkesta baino gehiago egin dituzte, hainbat datu jasoz: batez besteko gastua, egitarauaren berri duten, zeintzuk diren euren kultur ohiturak eta abar. Horrez gain, Siadecok Azokako unibertsoa osatzen duten beste eragile batzuen datuak ere jaso ditu: erakusmahaiak, Azokako antolakuntza, ostalaritza… Azokak hedabideetan duen eraginaren inpaktua ere aztertuko dute. Horrela, zehatzago neurtuko da zein den Durangoko Azokako eragin ekonomikoa hainbat esparrutan.

Azoka hasi baino lehen, Azokak eskaera egin zien azokazaleei garraio publikoa erabiltzeko Durangora gerturatzeko orduan, eta milaka dira trena eta autobusa erabili duten bisitariak. Era berean, Gerediagak bere poza agertu gura du doako autobus-zerbitzuak izan duen harrerarekin. Zerbitzu horrek Landako gunea eta Iurretako ordainsari inguruko aparkalekuak lotu ditu, eta hasierako aurreikuspenak gainditu dira. Aurreko urteetako bisitari kopurua asko igo da (5000 erabiltzaile izan ditu) eta hirugarren autobus bat antolatu behar izan da zerbitzua indartzeko.

Bisitarien joan-etorria

Azokako bost egunetan etengabea izan da bisitarien joan-etorria. Lehenengo egunean, goizez milaka ikaslek Azoka leporaino bete ostean, arratsalde lasaiagoa bizi izan zuen kulturaren plazak. Hurrengo lau egunetan, milaka eta milaka azokazalek Landako gunea bete dute une oro, eta azken urteekin alderatuta, bisitari kopuru aldetik orekatuena izan da, ez baita egunen artean gora-behera nabarmenik egon; egun guztietan egon da Azoka beteta. Azokak egiten duen estimazioaren arabera, egunotan 115.000 lagun baino gehiago gerturatu da Landako gunera. Azokako aurreikuspenak gainditu dira: lehen urtez kaleratutako “DA!” poltsak atzo agortu ziren; Landako erakusleihoen planoa hirugarren egunean agortu zen, eta abar.

Bisitarien profilari dagokionez, azpimarratzekoa da azokazaleen aniztasuna: azokara urtero etortzen direnak, aurten lehenengo aldiz gerturatu direnak, atzerritik bisitatu gaituztenak, bisita gidatuen baitan gerturatu direnak… Gero eta gehiago dira euren bisita programazioaren arabera antolatzen duten bisitariak. Horren ispilu da Azokako webgunea: 41.500 bisitarik kontsultatu du webgunea azken lau egunetan (gaurko arratsaldearen faltan), egitaraua kontsultatzeko asmoz.

 

Gunez gune

Bisitariak gero eta gehiago kontsultatzen du Azokako egitaraua, eta horrek eragin zuzena du Azokako zazpi guneekin: gero eta ezagunagoak dira, eta aurtengo edizioetan gune guztietan bisitari kopuru handia egon da.

Saguganbaran, berbarako, areto handia beteta egon da saio guztietan, eta txikian antolatutako tailerretan ere itxaron-zerrendak egon dira. Egunik jendetsuenak abenduaren 7a eta 8a izan dira, eta ekitaldirik jendetsuena “Ene kantak” taldearena izan da. Ipuin kontaketek ere arrakasta handia izan dute, eta haur literaturaz harago, antzerkia, musika eta dantza egon da. Itsaso Gangoitia arduradunaren berbetan, “Gozamena izan da. Gozamena sortzailearentzat, gozamena bisitarientzat, eta gozamena guretzat”.

Irudienean ere gorakada igarri dute aurten. Ikus-entzunezkoen gunean programazio anitza eta oso lan interesgarriak izan dituzte aurten, eta Johana Olabarria arduradunaren iritziz, “harrotasunez esan dezakegu Irudieneak bere txokoa duela Azokan, euskarazko zinemak gero eta ikusle gehiago dituela eta hau urrats bat besterik ez dela”. Kopuruei dagokionez, laugarren egunerako aurreko edizioko asistentziak gainditu zituzten, 1860 pertsona izan zituztelako, azken egunaren faltan. 31 ikus-entzunezko lan proiektatu dira, eta 8 filmetan aretoa beteta izan dute.

Kabi@n ere aurtengo edizioaren balorazio positiboa egin dute. Wikipediaren ezagutza libreak eta Gamerauntsiaren euskarazko bideojokoek aretoa bete dute. Horrez gain, hainbat sare sozial eta proiektu interesgarri aurkeztu dituzte, Mastodon kasu. Gorka Julio arduradunak azaldu duen bezala, “teknologia-proiektuen bizitasuna argi gelditu da”.

Areto Nagusian, beste urte batez, hamaika elkarte, herri-mugimendu, argitaletxe eta erakundek euren proiektuak plazaratu dituzte, eta hainbat aurkezpenetan aretoa beteta egon da: bertsozaletasunaren azterketa soziologikoa, kultura guztion eskura… Gogoetaren Plazak kulturgintzan puri-purian dauden gaiak Azokaren erdigunera eraman ditu;  Benito Lertxundi, Ander Lipus, Sustrai Colina, Dani Fano, Katixa Agirre, Mariasun Landa edota Maialen Errotabehere bezalako sortzaileek hausnarketa mamitsuak eskaini dituzte bertan.

Ahotsenean ere balorazioa oso ona da, maila kualitatibo eta kuantitatiboetan. Sortzaile berri askok euren lehenengo lana aurkeztu dituzte, bai literaturan bai musikan. Sortzaile ezagunen kasuan, karpa eta solasaldien gunea leporaino beteta egon da. Unai Pelayo arduradunak azaldu duenez, “sortzaileak pozik daude, askok esker oneko hitzak bota dizkigute egunotan, eta guk geroz eta argiago ikusten dugu zeinen garrantzitsua den honelako plaza bat eskaintzea azokak irauten duen egunetan”.

Szenatokian 1000 ikusle baino gehiago izan dituzte egun hauetan. Arantza Arrazola arduradunarentzat, “aurten esan dezakegu espazioa finkatuta dagoela eta ezaguna dela arte eszenikoetako gune modura”. Antzerki zaleez gain, antzerkiko profesionalak ere gerturatu direla azpimarratu dute. “Giro ederra izan dugu, emanaldi ikusgarriak izan ditugu, publikoaren txalo pilo bat jaso dituzte”.

Azkenik, Plateruenan ere oso balorazio positiboa egin dute. Ihintza Orbegozoren esanetan, “giro aparta izan dugu gauero eta bai musikariak eta baita publikoa ere oso gustora egon dira”. Estilo ezberdinetako kontzertuak eskaini dituzte, eta perfil ezberdinetako jendea erakarri dute. Anestesiako kontzerturako sarrerak hiru egun lehenago agortu ziren, eta Huntza eta Esne Beltzako kontzertuetan 500 lagun baino gehiago egon zen bakoitzean.

 

Hurrengo edizioari begira

Behin aurtengo Azoka amaituta, Gerediaga elkartea eta Durangoko Azokako antolakuntza datorren edizioari begira jarri da. 2019. Azokako datak gaur iragarriko da, 19:50ean, ateak ixteko momentuan, photocallean egingo den argazkian.

“DA! asko dira” izan da aurtengo leloa, Azokak bere aniztasuna aldarrikatu gura izan duelako, eta Azokako lantaldearen arabera, aniztasun hori agerian egon da egunotan. “DA! asko gara” Azoka osatzen dugun guztiok: sortzaile, ekoizle, kazetari eta bisitariok.

 

www.durangokoazoka.eus

Durangoko Azokako 53. edizioa anitza, baikorra eta arrakastatsua izan DA!