Monsieur Lizoireren suntsipen handiko bonba
Monsieur Lizoireren suntsipen handiko bonba –
Hamazazpi edo hemezortzi urte nituela, Jose Berruezok Gipuzkoako Aurrezki Kutxak Donostiako Garibai kalean zuen kultur aretoan eman zuen hitzaldira joan nintzen. Sorgin eta akelarreei buruzko hitzaldi gogoangarria izan zen. Oraindik dut gogoan mintzatzeko zuen modu berezia, lasaitasun eta solemnitate handikoa. Ahotsa kontakizunera moldatuz hitz egiten zuen, eskuak eta besoak dotoreziaz eta zehaztasunez mugituz… Gaia erakargarria bazen ere, Berruezok bazekien are eta erakargarriago egiten, kontatzeko eta zirrara pizteko zuen dohainaz.
Jose Berruezo Tafallan jaio zen 1912ko agorrilaren 27an, baina hamasei urte zituela, Donostiara bizitzera aldatu zen. Formakuntzaz eta lanbidez kazetari, irakasle eta euskal gaien ikerlaria izan zen. Luma hitza bezain trebe zerabilen. Liburu ugari idatzi zuen gure historia, tradizio eta pertsonaia historikoei buruz. Eusko Ikaskuntzak elkarteko kide izan zen, Euskal Herriaren Adiskideen elkarteko partaide eta baita Donostiako Doctor Camino Historia elkartekoa ere. 1977. urtean, Gipuzkoako Aurrezki Kutxak “Historias de Guipuzcoa” izeneko liburua argitaratu zion eta hortxe, beste gauza askoren artean, irakurri nuen orain artikulu honetara ekarriko dudan pasadizo bitxia.
Lehen Karlistadaren garaian izan zen (1833-1839). Tropa karlistek Donostia hesitua zeukaten, baina ez zuten modurik topatzen hiria bereganatzeko. Karlisten burua Sagastibeltza komandantea zen. Honek makina bat ahalegin burutu arren, ezin izan zuen hiri gotortuaz jabetu.
Tomas Zumalakarregi jeneral handia hil zenean, gerla kontuak izugarri okertu zitzaizkien karlistei. Latre eta Espartero jeneral liberalek Bilbo inguratzen zuen setioa haustea lortu zuten, eta Mendigorrian gudaroste karlistek sekulako hondamendia jasan zuten. Hori guztia dela eta, Donostia hartzea ezinbesteko helburu estrategiko-militarra bilakatu zen agintari karlistentzat.
Garai haietan Monsieur Lizoire izeneko frantses asmatzailea azaldu zen karlisten gortean. Frantziatik zetorren eta agintari eta buruzagi karlistei berak asmatutako suntsipen handiko arma baten planoak erakutsi zizkien. Kainoi handia zen, ikaragarri indar handiko bonba urrutira jaurtitzeko gai zena. Bonbaren osagaiak sekretu handienean gordetzen zituen. Lizoire-k esaten zuenez, bonba hark hiriak, zelaiak, gizakiak, abereak eta baita airea eta ura ere erraustu zitzakeen. 1945ean amerikarrek jaurti zuten bonba atomikoaren aitzindaria omen.
Asmatzaile frantsesak, behin eta berriz, errepikatzen zuen bonba bota ondoren, dena erraustuta, birrinduta geldituko zela. “Tout terrassé” zioen frantsesez. Horregatik, karlistek Monsieur Tutorras deitzen zioten, eta bere makinari “infernal machine”, hau da, infernuko makina. Berruezok arestian aipaturiko liburuan kontatzen digunez, Gipuzkoako Aldundiaren Artxibategian, karlisten garaiko agiri eta paperen artean, bonba hori egiteko, Baionatik ekarritako sufre kopuruak ordaintzeko erabili zituzten hainbat faktura topatu omen zituen.
Badirudi hasieran bonba hura ez zela agintari karlisten gustukoa izan, bere asmatzaileak esaten zuenez, den-dena errausteko gauza baitzen, etxeak eta zelaiak, ura eta airea, etsaiak eta baita inuzenteak ere. Hori dela eta, arma hori erabiltzeko deliberoa, behin eta berriro, gibelatu zuten.
1836ko maiatzaren 5ean, liberalen aldeko tropa britainiar bat Donostiara hurbildu zen setioarekin amaitzeko asmoz. Lacy Evans-en Legio Britaniarreko 4.500 soldadu ziren. Haiekin batera 4 oinezko erregimentu eta Jauregi gerrillarien gizonak zihoazen. Egun hartako gatazka ikaragarria izan zen, eta laurehun bat gizon hilik gelditu ziren Donostiaren inguruko mendi-zelaietan. Sagastibeltza komandantea bertan hil zuten, burua bala batek zulatuta, bere soldaduak baionetaz egiten ari ziren erasoaldia zuzentzen ari zela.
Egoera gero eta zailagoa zen karlistentzat, eta orduan itzuli zitzaien gogora Monsieur Tutorras-en suntsipen handiko bonba hura. Horrelako arma erabiltzeak zalantza moralak sortzen zizkien arren, arma indartsu baten premia argi eta garbi ikusten zuten. Eta horrela, agintari karlistek bonbaren zilegitasunaz jardun zuen teologoen biltzar bat antolatu zuten, eta hauek horrelako egoera zailetan suntsipen handiko bonba erabiltzea zilegi zela ebatzi.
Bost edo sei hilabete beranduago arma prest zeukaten. Azkenean iritsi zen bonba ikaragarri hura Donostiara botatzeko eguna. Hiri barruan ziren 15.000 donostiarrak eta 10.000 errefuxiatu liberalak etsituta omen zeuden, hura azken hatsa emateko eguna zutelakoan. Donostiaren inguruko gain eta mendixka guztiak inguruko herrietatik etorritako jendez gainezka zeuden, Monsieur Lizoire-ren bonba hark gerraren norabidea egun batetik bestera alda zezakeela sinetsita.
Goizaldea zen eta eguzkiaren lehen printzak loratzen hasiak ziren. Artilleroak kainoia prestatzen hasi ziren. Halako batean, Lizoire berak eman zuen tiro egiteko agindua. Bonba hegalari edo suziri hura Donostia aldera jaurti zuten. Harresiaren gainetik igaro zen eta hiriaren barnera erori. Kezko hodei handi batek hiri osoa estali zuen. Hainbat minutu pasatu ondoren, itsaso aldetik ufatzen zuen haizea kea ezabatzen hasi zen. Kea desagertzean, han ziren guztiek Santa Maria eta San Bixente elizetako dorreak ikusi ahal izan zituzten, Donostiako etxeetako teilatuak, harresiak eta Urgull mendiko gotorlekuak gero, eta azkenean, bertako biztanleak eta soldadu liberalak ere. Dena zegoen bonba jaurti aurretik zegoen bezala. Dena zegoen bere tokian, dena Monsieur Lizoire izan ezik, asmatzaile frantsesa kearekin batera desagertu baitzen. Inork ez zuen inoiz deus gehiago jakin asmatzaile frantsesaz. Zoritxarrez, amerikarrek, mende bat berantago, euren bonba atomikoak Hiroshiman eta Nagashakin jaurti zituztenean, ez zen amaiera zoriontsu bera gertatu.
Interneten ibili naiz Monsieur Lizoire eta bere suntsipen handiko bonbari buruzko materiala bilatzen, baina egia esan, ez dut gauza handirik aurkitu. Aipatzekoa dut Eduardo de Benitok Bilboren setioari buruz idatzitako artikulua. Bitxia da, baina egile honek historia bera kontatzen digu, baina Donostiako setioan kokatu beharrean, Bilboko setioan kokatzen du.