Miren Berasategi (Lotura Films): “Juanbak irekitako bidea aprobetxatu behar dugu”
Juanba Berasategiren azken filma da Nur eta herensugearen tenplua, ekainaren 2tik aurrera, Euskal Herriko zinemetan ez ezik, Madril eta Bartzelonako aretoetan ere ikusgai izango dena. Filmak Toti Martinez de Lezearen haurrentzako ipuin homonimoa du oinarrian, eta Eneko Olasagasti idazle, aktore eta zinegilea arduratu da pantaila handirako gidoiaren egokitzapena egiteaz. Lotura Films ekoizpen etxeko Miren Berasategirekin eta Olasagastirekin berarekin izan gara, proiektua zinemetara heltzear denean.
“Prozesua luzea, gogorra, aberasgarria, polita… izan da, denetik izan du”, azaldu digu Miren Berasategik Lotura Filmsen bulegoetan, izan ere, hiru urteko prozesua behar izan du filmak ideia lantzen hasi zirenetik zinemetara heldu arte. Lan handia izan da, baina baita ederra ere. Ipuineko ilustrazioak oinarri hartuta eta haiekiko zintzo izanda, 40 bat laguneko animaziogile taldea aritu da lanean Nur eta herensugearen tenplua filmean.
Olasagastik ere ipuinetik abiatu du istorioaren planteamentua, baina neska-mutikoek gainditu beharreko frogen kasuan eta beste hainbat kontutan, irudimena lantzeko eskatu zion zuzendariak. “`Fantasia, Eneko, fanatasia!’, esaten zidan Juanbak. Irudi errealekin lan egiten ohituta nago, eta nire buruari mugak jartzen nizkion, autozentsuratu egiten nintzen”, oroitu du.
Iragan apirilaren amaieran zendu zen Juanba Berasategi, eta filmak berak eta joan zen larunbateko aurrestreinaldiak zinegile pasaitarra omentzeko balio izan dute. Berak abiatutako bidearekin gogoz jarraituko dutela aitortu digu Miren alabak.