Arraren ekarpena: zakila, makila

Arraren ekarpena: zakila, makila

Arraren ekarpena: zakila, makilaBizitzaren bideak anitzak dira. Emeen eta arren arteko erlazioak ere bide asko hartu ditu bizitzaren eboluzioan. Ez dago, bada, eredu unibertsalik. Baina oro har hau esan daiteke: arrek betetzen duten zeregina, emeek ere bete dezakete (urrezko eta jainkozko espermatozoidea sortu eta sartu izan ezik, noski); kontrakoa, ordea, ez da gertatzen. Espermatozoidea sortu izan ezik, arren gainerako funtzio guztiak egin litzakete emeek.

Bizitza, halere, berak sortutako ar alfer harentzat lana bilatzen hasi zen. Bizitza errekurtso handiko ama  da eta lan ezberdin asko bilatu zituen. Guri interesatzen zaiguna, halere, pongido eta hominidoengan garatutako eredua da. Izan ere, leinu horretan gure mintzoa agertu eta garatu zen.

Mintzoa arrei dagokie leinu horretan; hau da, arrak dira nagusi mintzoaren bidez sortutako sexu eta botere sarean. Bizitzak mintzoaren bitartez arren pasioak — agresibitatea, hierarkia, lurraldetasuna, emeen jabetza —  eratu zituen eta botere sare sendo eta konplexua sortu zuen. Zakila botere makila nola bihurtzen den, izan zitekeen prozesu horren mamia. Jakina denez, prozesu horrek hominidoengan goia jo zuen .

Mintzoa garatu ahala, desiren eta pasioen kontzientzia gero eta konplexuagoa egiten joan zen. Kontzientzia mintzodunean pasioak, arren pasioak hain zuzen, garatzen joan ziren. Kontzientzia mintzodun horretan arrek beren nagusitasuna ezarri zuten. Botere sare horren barruan emeen mendekotasuna betiko ezarrita zegoela zirudien.

Hominidoengan beste prozesu bat burutzen ari zen, halere, adimenaren eta mintzoaren arteko lotura. Hominidoen mintzoa gero eta adimentsuagoa zen; hau da, gero eta gaitasun gehiago zuen errealitateari buruz informazio objektiboa emateko. Adimena, dakigunez, emeari dagokio. Mintzoa adimentsu bihurtu ahala emeen boterea ere handituko zela espero zitekeen.

Ez dakigu nolakoak ziren arren eta emeen arteko erlazioak hominidoengan. Mintzo adimentsu bihurtu ahala emeen aukerak gero eta handiagoak izango zirela suposa liteke. Halere, artean zerbait falta zen adimenaren nagusitasuna ezartzeko. Izen ere, adimena kontzientziaren eremuan agertu orduko, mintzoaren poderioz arren mendean erortzen zen.

Hominidoengan, bada, adimenak «Kongo ibaia» zeharkatzen hasi zen, baina kontzientziaren ertzean agertu orduko, arrak dohain preziatu horretaz jabetzen joan ziren. Horrela, adimena, emeen ekarpenik preziatuena, arren pasioen zerbitzura jartzen zen.

Emeen patua idatzita zegoela zirudien. Arren mendean betiko egotera kondenatuta bide zeuden. Emeek, halere, karta ezkutu bat zeukaten. Karta ezkutu hori eme gizatiarrak erakutsiko zuen. Idazkeraren karta zen.

Eta idazkeraren bidez, ar gizatiarren heziketa luzea, oso oso luzea, hasi zen. Eta horretan dihardugu gaur ere.

Arraren ekarpena: zakila, makila

FILOSOFO OHIA