Miren Agur Meabe Guadalajarako Nazioarteko Liburu Azokan dago, Etxepare Euskal Institutuaren eskutik

Miren Agur Meabe Guadalajarako Nazioarteko Liburu Azokan dago –

Idazleak ‘Hezurren erretura’ liburua aurkeztuko du eta hainbat literatura-ekitalditako protagonista izango da, Guadalajara eta Mexiko Hirian, abenduaren 1era bitarte.

2011. urtetik Etxepare Euskal Institutuak euskal idazleen parte hartzea sustatzen du sektoreko ekitaldi garrantzitsu honetako programa ofizialean, euskal literaturari nazioarteko leiho bat eskaintzeko helburuarekin.

Maite Gurrutxaga, Raisa Alava, Elisabeth Pérez Fernández eta Arrate Rodriguezek  azokako nazioarteko ilustrazio foroan hartuko dute parte.

Guadalajarako Nazioarteko Liburu Azokak (Mexiko), FIL Guadalajara izenez ezaguna denak, euskal literaturako figura nabarmenetako bat hartuko du aurtengo edizioan. Miren Agur Meabe idazlea, hain zuzen. FIL Guadalajara sektoreko ekitaldi garrantzitsuenetakoa da nazioartean eta Iberoamerikar literaturaren hitzordu nagusia, urtero ehunaka idazle eta hainbat mila profesional eta irakurle biltzen dituena.

Miren Agur Meabe Guadalajarako Nazioarteko Liburu Azokan dago, Etxepare Euskal Institutuaren eskutikEuskal idazleak ‘Hezurren erretura’ eleberria, Consonni-k 2021ean ‘Quema de huesos’ izenburuarekin argitaratua, aurkeztuko du FIL Guadalajara-ko programa ofizialean. Halaber, azokako beste hainbat ekitalditan hartuko du parte, baita hitzordu horren harira Guadalajaran eta Mexiko Hirian egingo diren zenbait jardueratan ere. Bere agenda komunikabideetan elkarrizketa eta agerpenekin osatu du Etxepare Euskal Institutuak euskal literaturari ikusgaitasun eta oihartzun gehien emateko helburuz.

Meabek honako aurkezpen hauetan hartuko du parte Guadalajara eta Mexiko Hirian:

  • Azaroaren 28an, 19:00etan. Poesia Aretoa, goiko solairua, Expo Guadalajara. Aurkezpena Rocio Cerónekin elkarrizketan.
  • Azaroaren 29an, 11:00etan. Ecos de la FIL. Preparatoria de Jalisco.
  • Azaroaren 29an, 19:00etan. Impronta Casa Editora. Liburuaren aurkezpena Carla Faesler editore eta idazlearekin.
  • Azaroaren 30ean, 19:00etan. E Aretoa, Nazioarteko Arloa, Guadalajarako Erakusketa. ‘Hezurren erretura’ / ‘Quema de huesos’ liburuaren aurkezpena Sisi Rodriguez idazlearekin.
  • Abenduaren 1ean, 19:00etan. Casa Tomada, Mexiko Hiria. ‘Hezurren erretura’ / ‘Quema de huesos’ liburuaren aurkezpena Paula Abramo poetarekin. 

‘Hezurren erretura’ euskal literaturaren munduan ibilbide luzea egin duen idazle baten azken lana da, Meabek berak itzulia. Eleberriak kontatzen du heldutasun betean dagoen emakume batek oroitzapenetan —eskola-egunak, familia-giroa, jolasak, nerabezaroko jarduerak…— bere nortasunaren aztarnak nola bilatzen dituen.

Nazioartean liburuaren sektoreko ekitaldirik entzutetsuenetako batean euskarazko literatura-sorkuntzari ikusgarritasuna emateko xedearekin, Etxepare Euskal Institutuak FIL Guadalajaran euskal idazleen parte hartzea sustatzen du 2011tik, mexikar eta nazioarteko publikoari azken urteotan arrakasta nabarmenak lortu dituen literaturara hurbiltzeko aukera eskainiz. 2021eko Uxue Alberdiren parte hartzeak lekukoa hartu zien Kirmen Uribe, Arantxa Urretabizkaia, Bernardo Atxaga, Karmele Jaio, Harkaitz Cano, Anjel Lertxundi edo Eider Rodriguez bezalako idazleei.

.

Euskal ilustratzaileak FILustra foroan

Aurtengo edizioan, ordea, euskal ilustratzaileek ere protagonismoa izango dute FIL Guadalajaran. Izan ere, Maite Gurrutxaga, Raisa Alava, Elisabeth Pérez Fernandz eta Arrate Rodríguezek azokaren baitan egiten den FILustra Nazioarteko Ilustrazio Foroan parte hartuko baitute Euskal Irudigileak (Euskadiko Ilustratzaileen Elkarte Profesionala) eta Etxepare Euskal Institutuak sinatutako hitzarmena medio.

Bederatzigarren urtea betetzen du argitalpen-eremu honetan interesa duten ilustratzaile, ikasle eta profesionalentzako foro espezializatu honek. Mexiko eta Iberoamerikako ilustratzaileentzat bilgune izateaz gain, hitzaldi, tailer eta mahainguruak eskaintzen ditu programak ilustratzaileak trebatu, ideiak trukatu eta jarduera honen joerak partekatzeko. Testuinguru horretan, Maite Gurrutxaga, Raisa Alava, Elisabeth Pérez Fernández eta Arrate Rodriguezek hainbat mahai ingurutan hartuko dute parte, azaroak 27 eta abenduaren 3an, Iberoamerikako beste ilustratzaile batzuekin batera. 

.

Miren Agur Meaberi buruz

Miren Agur Meabek (Lekeitio, 1962) helduentzat nahiz haur eta gazteentzat idazten du. Besteak beste, ‘Azalaren kodea’ (2001) eta ‘Bitsa eskuetan’ (2011) poema-liburuengatik Kritikaren Saria jaso du, baita Gazte Literaturako Euskadi Saria ere (hiru aldiz). ‘Kristalezko begi bat’ eleberria hainbat hizkuntzatara itzuli da. 2020an, ‘Nola gorde errautsa kolkoan’ poema-liburua argitaratu zuen, Espainiako Poesia Saria irabazi zuena 2021ean. Bere ibilbidean zehar, nazioarteko topaketa askotan parte hartu du, hala nola Dublin Festival Writers (2003), Vjlenjcako XXI. Literatur Jaialdia (Eslovenia, 2006), Edinburg International Book Festival (2007 eta 2019), Santa Bárbara eta Renoko Basque Studies Center (2008), Frankfurteko Azoka (2009), Europa Erdialdeko Reading Month Festival (2016), Miamiko Liburu Azoka (2016), Hay Festival (Arequipa-Peru, 2018), Europako Hizkuntzen Nazioarteko Eguna (Cervantes-Paris, 2019). Gaztelaniazko itzultzaile gisa ere aritutakoa da, eta besteak beste Miren Amurizaren ‘Basa’ itzuli du.

.

Iberoamerikako literatura-hitzordu nagusia

Azaroaren 26tik abenduaren 4ra egingo den FIL Guadalajara munduko literatura-ekitaldi garrantzitsuenetako bat da, eta Iberoamerikako liburuaren sektoreko profesionalentzat urteko hitzordu nagusia. 

Horrela, egitarau orokorrak 3000 jarduera inguru bilduko ditu: literarioak, akademikoak, zientzia-dibulgaziokoak, artistikoak, profesionalak eta haur eta gazteenak. FIL-en 36. edizioko literatura programak 45 herrialde eta 18 hizkuntza desberdinetako 600 idazlek baino gehiagoren parte hartzea aurreikusten du, hainbat eskualde, korronte eta generori arreta ematen dieten programetan, eta horien artean literatura garaikideko figura handiak nabarmentzen dira.

Literatura, akademia, kazetaritza eta zientzia-dibulgazioaren eremuko pertsonen artean honako hauek ere bertaratuko dira: Irene Vallejo, Adonis, Sergio Ramírez, Liudmila Ulítskaya, Alberto Manguel, Olga Grjasnowa, Joël Dicker, Elena Poniatowska, Fernando Iwasaki, Elvira Sastre, Nicola Lagioia, Ángeles Mastretta, Ariana Harwicz, Cristina Rivera Garza, Ioana Gruia, Élmer Mendoza, Liliana Colanzi, Fernanda Trías, Gioconda Belli, Giovana Madalosso, Leonardo Padura, Jokha Alharthi, Manuel Vilas, Luisa Valenzuela, Juan Villoro, Simon Stranger, Rosa Montero, Wingston González eta Maram Al-Masri.

Miren Agur Meabe Guadalajarako Nazioarteko Liburu Azokan dago