Milesker Comandante! Poesiaren internazionala zurekin! [poetische samizdat]

Image

Osasuna burkide!

Hobe zenuke pamphleto hau pdf euskarrian telekargatu eta inprimatu ostean irakurri.

Hona beraz pdfa:

chavpamphlet

···

Bada joera bat XXI.aren hasiera honetan. Lana ongi egiten duenari ongi egiten duela ukatzea. Lana ongi egiten duena bere burua flagelatzera behartzea. Ongi hitza deslegitimatzea. Ongia eta gaizkia iritzi kontua dela baieztatzea. Eta aukeran gaizkia da erakargarriena izan behar dena.

Gaizki aritzea da cool, sexy, fashion.

Elite zabarren loraldia: drogak ilegal eta prostitutak zapaldu mantenduta drogazale eta putazale diren erregeak, kiroleko zapatilak daramatzaten burtsako brokerak, txiroz jantzitako millonetiak etxerik ez dutenei babesa ematen, lokuzioaren gaitasun minimorik gabeko presidenteak, Europako Kontseiluak katapultatutako estatuburu demokratikoak, kontraesana koherentziaren gainetik, zapaltzailea askatzaile izateko bidean dagoenaren aurretik.

Horrek egiten du Chávez eraikuntza historikoa jasangaitza gaizkileentzat: kalean gozokiak saltzen dituen mutikoa ezin da iritsi pobreziaren aurkako borrokara, ezin du elektrizitatea, ura eta internet unibertsalizatu. Ezin du ezleku batetik mundua eraldatu. Ez zaio ezer barkatuko: jainkoan sinestu eta marxismoa erabiltzea, militarra izatea, beisbola praktikatzea, abestea, alaia izatea, inbentziorako gaitasuna, umore zorrotza izatea, aliantza asmaezinak egiteko gaitasuna. Chávezen aurkako erra ez da soilik espolio natural eta sozialagatik aberasten ari zirenei bidea moztu dielako Venezuelak. Behekoarenganako gorrotoa da.

Pertsonaren, Arestik aldarrikatzen zuen pertsonaren borrokagatik: milesker komandante!

···

Hugo Chávez Fríasen omenerako hamaika lagunen poemak itzul genitzakeen. Iraultzaileen heriotza gai hartutako testuak ekarri ditugu. Horretarako hautatu dugu espresionista izandako marxista batena –Brechtena– Lenini buruz, feminista pazifista batek –Millayk– Sacco eta Vanzettiren heriotzari idatzitakoa, progre batek –Baez– anarkistoi idatzitakoa, komunista abertzale batek –Aresti– Trotskiri idatzitakoa eta pornografo batek –Verlaine– komunako heroi Louise Micheli idatzitakoa.

Oraindik poema asko dago iraultzaileen heriotzei buruz. Aipa ditzagun adibidez: Brechten 1919ko Rosa Luxenburgentzako «Epitafioa» (1928an Kurt Weillek «Berlingo Requiem»erako erabili zuen), Ludwig Thomaren «Die Zundel» Klara Zetkini buruzko 1920ko poema, Maiakovskik 1929an idatzi zuen «Elkarrizketa Lenin burkidearekin» edo 1924ko «Vladimir Ilitx Lenin», edo 1953ko Rafael Albertiren «Stalinen heriotzarengatiko erredoble motela», Miguel Hernándezen «Errusia», Nicolás Guillénen «Stalin kapitaina», Nerudaren «Stalini gorazarrea», 1976ko Vladimir Solujinen «Joana Arc-ekoaren kontsigna» edota 1968ko Tamara Jirmunskaiaren «Emakume bat kosmosean» Valentina Terexkovaren espazioratzeari buruz.

chavpamphlet1

BRECHTEN LENIN

Aurkez dezagun Brechten poema. Testu gehiago dauzka Lenini buruz alemanak. Hauek ere euskaratzeke: «Pentsatzaileak etengabe egiten du laudorio» (1931), «Kujan-Bulakeko alfonbra ehuleek Leninen ohorez», «Alkandora marroia» (1933), «Inskripzio konkista ezina» (1934), «Ilitxen botako zuloa» (1935), «Urri handia» (1937), «Egiak batzen du» (1953), «Ibaien kanta» (1954), «Hiltzailea» (1956).

Honakoan alemanez konposatutako requiema dakarkigu, Hanns Eisler –gure beste maisua– musikari izan zuena. Leninen heriotzaren hamargarren urteurrenerako konposatu zuten. Testuan Brechtek lider iraultzailearen erabilgarritasuna azpimarratzen du heroi bihurtu beharrean.

Requiema ez zen Sobiet Batasunean estreinatu bere musika atonalarengatik, baina itzuli dugun atala salbuespena da, ez zen sistema dodekafonikoarekin konposatu. Aurreko lan baten birziklaia zen, tandemaren Ama (1931) antzezlanetik hartua.

chavpamphlet2

Iraultzaileei gorazarre

Zapalketa handitzen denean

askok galtzen du kemena

baina haien adorea handitzen da.

Berak antolatzen du borroka

soldatako xentimo bakarraren alde, tearen uraren alde

eta Estatuaren barneko boterearen alde.

Jabetzari galdetzen dio:

nongoa zara?

Ideiei galdetzen die:

nori egiten diezue mesede?

Isiltasuna nagusi den lekuan

bera mintzatuko da

eta zapalketak agintzen eta patuak hitz egiten duen lekuan

izenak seinalatuko ditu berak.

Mahaian esertzen denean

deskontentua ere esertzen da.

Janariak zapore txarra du

eta gela estua dela garbi ikusten da.

Pertsegitzen duten lekura

joango da matxinada eta botatzen duten lekuan

urduritasuna geratuko da.

chavpamphlet3

MILLAY ETA BAEZEN SACCO ETA VANZETTI

Edna St. Vincent Millay (1892-1950) amerikako poeta, operako libretogile eta antzerkigileak Sacco eta Vanzettiren hilketaren ostean idatzi zuen poema naturazalea hau.

Justizia ukatua Massachusetts-en

Utz ditzagun atzean, beraz, gure lorategiak eta goazen etxera

eta eser gaitezen egongelan,

zein lore hazi beharko litzateke hodei honen azpian? Lirioa edo artoa?

Hodei honen azpian

garratza da hazi ugalkor honentzako lur hotza,

belar on eta txarrak sustatu ditugu, gainean desfilatu dugu baina ez gara konkistatzeko gai;

gure labanen ahoak biratu ditugu eta gure aitzurrak zurtoinen kontra daude.

Utziguzue etxera joaten eta egongelan esertzen.

Gure egunean ez du

hodeiak alde egingo eta eguzkia ez da lehen bezala altsatuko,

gure gainean karitatez

badia distiratsutik kanpo,

eta haize epelak putz egingo du itsasotik

artoaren hostoak mugituz

soinu baketsuarekin.

Atsekabetuta, atsekabetuta

dago mozketak hutsik utzi duen belar urdinaren gunea.

Eta petaloak lurrera erori dira

zuhaitza fruiturik gabe utziz.

Ez dugu berriro sentituko eguzkia:

bizkar makurtuak berotzen zituena

eta belar txar lehorrak

zuztarretik kentzen zituena.

Iluntasunean hilko gara eta eurian lurperatuko gaituzte.

Heriotz bikainetik

oinordetu dugu

haziarentzako ildo gozoa eta belar txar ahula,

begira orain barea eta arpilatze lizuna.

Gaizkiak suntsitzen du

lirioa eta artoa,

haien beheraldiaren lekuko izan gara.

Utziguzue hemen esertzen, geldi egoten,

hementxe, egongelan hil arte.

Ibilian dator heriotzaren pausua, zutitu da eta badoa.

Gure seme-alaben seme-alabei atari ederra uzten die,

eta zumarra,

eta lur hondatu bat

aitzur hautsi batekin lantzeko.

[2013]

chavpamphlet4

Ennio Morriconeren «Here’s To You» (1971) Ereserkia izan da belaunaldi askorentzat, Joan Baezek (1941) abestua Montaldoren Sacco e Vanzetti filmerako. Abestian hamar bidez errepikatzen dira bertso berak, salmodikoki, buklean.

Afera historiko hau aitzaki hartuta, aipa genitzake ere Sinclairen Boston: Nobela bat (1928). Sarean zerrenda sistematikoak daude anarkiston erailtzearen gaineko fikziozko eta dokumentazio lanei buruz. Vanzettiren eskutitz eta parte hartze publikoak, literaturatzat hartuta, Jon Arano (1989) eta Joseba Sarrionandiak (1991) itzuli dituzte jada.

Hemen zaudete

 

Hemen zaudete Nicola eta Bart

izan bakea geure bihotzetan

amaiera eta azken unea zeuena da

agonia hau zeuen garaipena da.

[2013]

ARESTIREN TROTSKI

Eztabaidatu ohi da autoreak bizian argitaratu ez duena argitaratu behar ote den ala ez. Kasu honetan, eskerrak Gabriel Arestiren «Poesia argitaragabea. Azken poesia» eskura dugula (Susa, 1986 Donostia). Liburu honetan daude, besteak beste Bertolt Brecht-en gorazarrez, Gora ta gora beti eta jada panfleto hauetan gaztelaniaratu genuen Josepa Mendizabal Zaldibian.

Zeren Leo

Zeren Leo bar Dabit

ez baitzen hil

hamasei urte berantago

Mexikon,

Zesarrek

asasina-erazia.

Zeren Leo bar Dabit

hamasei urte lehenago

hil baitzen,

Zesarren jaio-lurrean,

mendi kaukasikoetan,

1924 urteetako

urtarril

haretan.

Hala ere

(eta horregatik),

Leo bar Dabitek

erreboluzionario guztion

obligazioa

kunplitu baitzuen:

Egin zuen

erreboluzioa.

Erreboluzio sobietikoa.

[1975]

chavpamphlet5

VERLAINEN LOUISE MICHEL

1871ko abenduan Victor Hugok ere «Viro Major» idatzi zion. Hantxe jasotzen da: «“Hil egin dut! Hil nazatela” oihukatzen zenuen/ eta jendetzak bere burua salatzen zuen emakume arranditsua entzuten zuen» eta gero «epaileek murmurikatzen zuten: “Hil dadila! Justua da –esaten zuten epaileek–/ zitala da (…)».

Paul Verlainek 1888ko Amour liburuan argitaratu zuen poema. Aurretik ekarri izan dugu Metz-eko poeta Rimbaud-ekin idatzi zituen uzki poemengatik. Honakoan beste iraultzaz ari da Verlaine.

Louise Michelek berak poemak idatzi zituen askotariko gaiak jorratuaz.

chavpamphlet6

Louise Michelen ohorezko balada

Andrea eta Pauline Roland

Charlotte, Théroigne, Lucile.

Ia Joana Arc-ekoa. Jendetza ergelaren

kopetak izarreztatuta, zeruen izena,

erbesteratutako bihotz jainkotiarra:

eskudiru hau ezereza baino gutxiago da

bizkar errazeko Frantzia burgesa

Louise Michel bikaina da.

Txiroa maite du garratza eta egiatia

edo lotsatia denean, bera igitaia da

txiroaren ogi zuriarentzako

gari helduan, eta Santa Zezilia,

eta txiroaren musa marrantatu

eta mehea eta bere guardako aingerua

sinple hone, ergel honi.

Louise Michel bikaina da.

Gobernuak eta talentu txarra,

megaterioa edo baziloa,

soldadu basatia, epaile lotsagabea

edo konpromiso hauskorra.

Hau guztia bere haserre kristauak

suntsitzen du mespretxu arinez.

Louise Michel bikaina zara.

Bidalketa

Hiritar! Zeuen ebangelioagatik

ari gara hiltzen! Ohorea geurea! Bada

Taxil eta Bazile sendietatik urrun

Louise Michel bikaina da.

[2013]

Andreas Bernd Baader (1943ko maiatzaren 6a) Alemaniako ezker muturreko Armada Gorriaren Fakzioaren (R.A.F.) sortzaileetakoa da, astia duenean margotzen du. UMPS Angiolillo PamphletistInen zelulako kide da. ||| Gudrun Ensslin (1940ko abuztuaren 15a) Alemaniako ezker muturreko Armada Gorriaren Fakzioaren (R.A.F.) sortzaileetakoa da. Hegelen ondorengoa da, biolina jotzen du idazteaz gainera. UMPS Angiolillo PamphletistInen zelulako kide da. ||| [zuzeu.com [g.ensslin&a.baader-blog [@andreas_gudrun-twitter [andreasetagudrun@gmail.com [zureAuzokoHorman [samizdatElebiduna

3 pentsamendu “Milesker Comandante! Poesiaren internazionala zurekin! [poetische samizdat]”-ri buruz

  • Koldo Lauzirika 2013-03-12 09:25

    Oso ederrak poemak, benetean, baina oraindik ere ezin dut konprenitu Chavezekiko lilura hori. Bai, badakit behartsuenei laguntzeko petrolio baldekadak xahutu dituela, eta hitz potoloetan maisu zela Chavez, baina gurean eta, hain zuzen ere, ezkerretik eman zaion onarpen hori kezkatzekoa egiten zit zeharo. Izango da militarismoa, erlijiokeria merkea eta populismoa lixeritzeko orduan, ezintasun handiak ditudala.

  • Oso ados nago zurekin Koldo. Chavezek gauza on asko egingo zituen, baina ikusten diren idealizazio hoiek kezkatzekoak dira.