[Kafe Aleak] Mikel Lizarraldek The Jesus & Mary Chain

[Kafe Aleak] Mikel Lizarraldek The Jesus & Mary Chain –

[Kafe Aleak] Mikel Lizarraldek The Jesus & Mary Chain.

The Jesus & Mary Chain

“Psychocandy” (Blanco y Negro, 1985)

.

Nire Punka

Institutuko koaderno eta klasifikadoreetan Punk, Oi, Sex Pistols eta GBH idatzi, A biribildua eta gandor amaigabeko punkei-ak nahiz kateorratzak marrazten genituenerako, punka gauza gutxi zen, estetika ikusgarri eta slogan finko batzuez aparte. No Future. Euskal Herrian une gorenean egongo zen, baina berandu zen punkarentzat, heroina bere lana egiten hasia zelako eta hardcorea bide berriak irekitzen hasia zelako. 1985a zen The Jesus And Mary Chainen berri lehenengo aldiz izan nuenean.

[Kafe Aleak] Mikel Lizarraldek The Jesus & Mary Chain25 urte baino gehiago pasatu dira, baina oraindik gogoratzen dut eszena. Ni, 15 urterekin, iluntzean, Herri Irratiko Azken furgoia saioa gelako bakardadean entzuten, eta bat-batean izen iradokitzaile horren atzean (Jesus eta Mariaren katea!!) zer ezkutatzen zen deskubritzen. “Never Undestand”. Labana-gitarrak, erritmo finkoko bateria kolpeak, akorde bakarreko baxua, oihuak… eta Jim Reiden ahots goxoa, melodia soil baina erabat itsaskorra xuxurlatzen. Egun hartan zerbait aldatu zen musikaren (nire) munduan. Artean ez nituen ezagutzen Stooges eta Velvet, Suicide eta Phil Spector, baina Jim Reidek (ahotsa, gitarra), bere anaia Williamek (gitarra, ahotsa), Douglas Hartek (baxua) eta Bobby Gillespiek (bateria) zerbait berria eskaintzen zuten. Iraultzailea. Punka. “Never Understand”-en atzetik, “You Trip Me Up” etorri zen, are biziatuagoa eta zaratatsuagoa, eta soinu horma haren atzean eztizko melodiak ezkutatzen zirela erakusteko, “Just Like Honey”. Pop delicatessena.

“Psychocandy” aurreneko aldiz nerabe zarenean entzuteak inpresionatu egiten du. Bertan biltzen delako rock’n’roll disko bati eska dakiokeen guztia. Kaosa, probokazioa, hedonismoa, lurrera begira ia mugitu gabe dantza egiteko erritmoak… baina baita poparen goxotasuna ere. Alde horretatik, gutxitan izan da disko baten izenburua hain adierazgarria. “Psychocandy” gozoki bat baita, gozoki pozoitu eta anfetaminikoa. Erromantizismo berriak, pop dantzagarriak eta mainstream helduak menderatutako Erresuma Batuan –gogoratzen Spandau Ballet, Duran Duran, Eurythmics, “Brothers in Arms”eko Dire Straits?- bonba baten pare eragin zuen diskoa. Ez zuten salmenta zerrendetan gora egin baina diskoaren oihartzuna energia atomikoa bezala hedatu zen. Nola ulertu bestela, Ride, The Telescopes, Ultra Vivid Scene, My Bloody Valentine, The Primitives, Loop eta (zergatik ez?) Pixiesen lana.

.

Mikel Lizarralde (Bergara, 1970) kultur kazetaria

.

.

“Kafe aleak” liburuaz, Leire Lopez Ziluagak eta Ibon Rodriguez Garciak, argitalpenaren arduradunek
Mikel Lizarraldek / Mikel Lizarraldek / Mikel Lizarraldek / Mikel Lizarraldek