Michel Labèguerie, hain urrun eta hain hurbil
Michel Labèguerie, hain urrun eta hain hurbil –
Amatiñok bere blogean.
Gaur [martxoak 4], ehun urte, Michel Labèguerie (1921-1980) jaio zela Uztaritzen. Euskal “Kanta Berria”ren aitzindaria, 1960ko gazteriak ez ditu sekula ahaztuko Labèguerieren “Gu gara Euskadiko”, “Haurtxo haurtxoa”, “Primaderako liliak”, “Zer duk nigarrez” eta beste hainbat. Gizon jakitun, lasai, atsegin eta solaskide ona, Kanboko bere etxea ireki zigun sarri.
Gaztetandik EAJ-PNBri atxikia, Enbata taldearen sortzaileetakoa (1959), Euskaltzaleen Biltzarraren lehendakari (1960), euskal kanta berriaren aita (1961), diputatu kristau demokrata (1962-1967), “Itsasuko Agiri” (1963) abertzalearen sinatzaile, Pyrénées Atlantiques departamenduaren Kontseilari Nagusi (1964-1980), Kanboko alkate (1965-1980) eta senatari zentrista (1969-1980), bi hamarkadatan Iparraldeko politikari euskaltzalerik nagusiena izan zen Michel Labèguerie.
Kulturaz
Errementarien seme, eskola-garaian dantzan eta txistua jotzen ikasi zuen Lekarotzetik joandako Aita Hilario Olazaran kaputxinoaren eskutik. Mediku-doktoretza egin zuen Bordelen. Unibertsitari zela, “Irrintzi” taldearen partaide izan zen, baita, euskara suspertzeko, Eugène Goihenetxek sortutako Euskaldun Gazteen Batasunekoa ere. Bertsozale amorratua, Iparraldeko bertsolaritza sustatu zuen, Euskal Herriko Lehen Bertsolari Txapelketako (Donostia, 1960) epaileetakoa (Iparraldeko bakarra) izan zen eta, 1976ko azaroaren 7an, Frantziako senatari zelarik, Urepelen bertan zegoen, Xalbador zendu zeneko azken omenaldian.
Politikaz
Hainbat urte lehenago, gerra osteko EAJren “zerbitzu berezietan” jarduna zen, ekintza antifrankistetan lehenik eta nazien kontrako erresistentzia frantsesean gero. ETAko errefuxiatuen laguntzaile aritu zen 1960ko hamarkadaren hasieran baina, indarkeria tarteko, giro harekin erabat hautsi zuen 1964tik aurrera: “Enbatatik aldendu banintzen ez zen helburuekin bat ez nentorrelako, metodo kontuagatik baizik”.
Labèguerieren ustez, Iparraldea abertzaletzeko beharrezko omen zen alderdi abertzale moderatua, “nationalisme” hitzak berak ere beldurra sortarazten zuelakoan. Euskaltzaletasunaren apostua egin zuen, baita Iparraldeko hautetsien biltzarra eragin eta “Zazpiak bat” izeneko egitasmo politikoa proposatu ere, Hegoaldea eta Iparraldea elkarrekin bilduko lukeena Europan. 1979ko EAJren Alderdi Egunean parte hartu zuen, Getxon, eta Eusko Legebiltzarraren osatze-egunean Gernikan izan zen, 1980ko martxoaren 31an. Lau hilabete geroago hil zen bihotzekoaz.
Kantagintzaz
Baina, politikari ez ezik, euskal kanta berriaren aita ere izan zen, Mikel Laboarekin batera. Labègueriek Georges Brassens kantaria izan zuen oinarri eta Laboak, berriz, Kataluniako “nova canço” mugimenduaren ekarpena egin. Donostiarraren lehen diskoa 1964ean argitaratu zen eta uztariztarrarena, berriz, hiru urte lehenago, 1961ean. Dirauneino, 1960ko gazteriak ez ditu ahaztuko Labèguerieren “Gu gara Euskadiko”, “Haurtxo haurtxoa”, “Primaderako liliak”, “Zer duk nigarrez” eta beste hainbat.
Gizon jakitun, atsegin eta solaskide ona. Maiz hartu gintuen bere Kanboko etxean, lanerako nahiz berriketa hutserako.
.
Mixel Labèguerie – BIDEGILEAK (1999). Mixel Itzaina.