Meza-liburu zaharra
Meza-liburu zaharra –
1973ko udaberriko igande batez, eta igandero egiten nuen bezala, nire lagunekin batera, mendietan barna ibiltzera joan nintzen. Igande oroz gauza bera egiten genuen, Gipuzkoako eta Nafarroako mendietara egun osoko ibilaldiak antolatuz. Ni ez nintzen garai hartan, orain naizen 68 urteko gizon zaharra, 17 urteko mutil gaztea baizik, eta ene lagunak ere, eskolan maila berekoak ginenez, adin berekoak ziren.
Igande hartan Asteasuko mendietara joan ginen, eta Santa Marina baselizako bidean genbiltzalarik, erortzen ari zen baserri abandonatu batekin topo egin genuen. Muino baten gainean zegoen, eta teilatua jadanik erdi eroria zuen. Barrura sartu, eta egur puskak eta paper txikitu batzuk gela zabal batean barreiatuta zeudela ikusi genuen. Bazirudien norbaitek leku horretan sua egina zuela. Paper pusken artean liburu txipi eta berezi bat aurkitu nuen, 9 x13 zm neurrikoa, larru ilun batez enkoadernatuta. Euskaraz zegoen, gipuzkeraz, grafia zaharraz, eta pixka bat irakurrita, garbi zegoen meza-liburua zela. Azalean izenbururik ez, eta tamalez, lehen 48 orrialdeak falta zituen, beraz, ez zegoen liburuaren izena zein zen jakiterik. Bestela, jatorrizko liburua 286 orrialdez osatua zen eta tarteka zuri-beltzezko irudi ederrak agertzen dira.
Atzeko aldean, aurkibidea dauka: Irakurleari abisoa, Kristauaren deboziorik santuenen ikaskizunak, Meza ta komunio sagraduaren dotrina, Goizeko orazioak, Aste egunetako orazioak, Ave Mariatarako orazioak, Mahaiko orazioak, Ondo konfesatzeko ejerzizioa, esamina kontzientziakoa, Jaunari barkazioa eskatzekoa, Konfesio aurrerako akto kontzientziazkoak, Beste hiru kontsiderazio guztiz egokiak, Konfesio ondorako orazioak, Komunio espirituala nola dan, Bera egiteko modu errazak, Ondo komunigatzeko ejerzizioa, Komunio santua hartzeko modua, Meza Santua zer dan, Mezako misterioen dotrina, Meza aurreko orazioa, Meza entzuteko modua eta orazioak, Bost aldaretako orazioa, Kalbarioa, Jesusen bost llaga sagraduen orazioa, Errosario santua, Ama Birjinaren letania euskeraz eta latinez, Beste modu bat errosarioa errezatzeko, Akto fedeko, esperantzako ta karidadekoak, Jesu-Kristoren pasioa eta Anima penintentearen negarrak. Liburuko grafia zaharra gaurko grafiara moldatu dut irakurketa errazagoa izan dakigun.
Ene ustez, liburua XVIII. mendekoa izan daiteke, baina lehen 48 orrialdeak falta direnez gero, ezin jakin. Dena den, liburuaren estiloa ikusirik, mende horretakoa dela erranen nuke nik. Mende hartan, horrelako liburu aunitz egin zituzten dotrina kristaua euskaldunengana hurbiltzeko, eta tokian tokiko euskalkiaz gainera. Beraz, liburuak ez du balio handirik alde horretatik, baina gure familian tokitxo bat hartua du, eta guretzat, altxor ttipia da.
Otoitzen artean bada Anima Cristi izeneko bat, eta hor jartzen duenez: Orazio jakina Aita San Ignaziok beti esaten zuana. Honela dio:
“Jesusen anima, santifika nazazu. Jesusen bihotza, irazaki nazazu. Jesusen gorputza, salba nazazu. Jesusen odol preziosoa, zure onez bete nazazu. Jesusen bihotzeko ura, garbi nazazu. Jesusen pasioa, senda nazazu. O Jesus Ona! Entzun nazazu. Zure llaga-en artean gorde nazazu. Zugandik irteten utzi ez nazazu. Etsai gaiztoetatik libra nazazu. Nire heriotzako orduan dei nazazu. Zugana joateko agindu zadazu. Santu guziekin zu beti alabatzeko sekula guzietan. Amen.”
261. orrialdean, dramatismo handiz, arrosario santuaren bosgarren misterioan, Jaungoikoaren Semea nola Gurutzean josia izan zan kontatzen digu. Horratx:
“O Birjina Maria, Jaungoikoaren Ama ta tormentuen ondo gabeko itsasoa! Hamar Ave Maria horiek eta Pater Noster hau izan bitez zure sabeleko fruitu bedeinkatua, gu salbatzeagatik, gurutzean josia ikusi, ta negarrez ta odola zeriola gugatik erregutzen, ta hilik arren bihotza lantza gogorrak idikitzen ikusi, eta zure bihotzak hartu zuen dolorearen reberentzian. Zure Semearen Gurutzeko dolore eta amore guziagatik arren alkanza zaguzu gure pasio ta gogo eragabe guziak Gurutzean jositzeko birtutea, eta bihotzeko damuaz penitenzia edo konfesio on bat egiteko behar dan guzia; Prinzipe Katolikoen eta horien Erreinoetako pakea, Jaungoikoa serbitzeko eta amatzeko osasuna, eta heriotza on bat egiteko grazia. Amen.”
Eta liburua bukatzeko, 289. orrialdetik 295.era, Anima penitente baten negarrak, 39 bertsotan banaturik. Nik orain, eta amaiera gisa, horietako batzuk ekarriko ditut lerro hauetara:
1.- Entzun itzazu bekataria,
anima baten negarrak,
jakin dezazun salbatutzeko
direla guztiz beharrak.
2.- Dolorez triste zauden anima
zer dezun arren esazu,
negar horiez nire bihotza
erdiratutzen dirazu.
3.- Jaungoikoaren ofensak dira
zuk dituzunak hain damu,
bihotz guziaz bila bazera
ez da oraindik berandu.
10.- Badakit, Jauna, dedana ondo
merezitu infernua,
egon naiz bada bere bizitzan
zutaz ni beti ahaztua.
15.- Zergatik orain ditut hainbeste
zure ofensak sentitzen,
non ta bihotza bere artean
dago dolorez partitzen.
17.- Zerekin pagatuko da
zure erruki haundia,
itxodotean hainbat denbora
nik bezin bekataria?
18.- Zuk behar dezu aurrerakoan
nere bihotzaren jabe,
beste guziak galduta ere
ez naiz izango zu gabe.
21.- Badakit orain lagun gaiztoak
esan dutela zugatik,
salbatu uste guk ere degu,
zergatik zoaz gugandik?
24.- A lagun gaizto! A lagun faltso!
A lagun beti iehua!
Hik emango dek egun batean
anima askoren kontua.
25.- Zenbat aldiz baliatzen da
etsaia hire mingainaz,
Jesu-Kristori kendutzeko
animak hire gezurrak!
27.- Itxok piska bat etorriko dek
hiretzat egun larria,
orduan ondo pisatuko dek
hire pekatu haundia.
29.- Desprezioaz mundu zoroa,
etsaia orazioaz,
haragi hori sugetatzen da
okasiotik bazoaz.
39.- Mila amorez hartuko zaitu,
bere besoen artean
zergatik eztan Aita besterik
zeruan eta lurrean.
Testuak zalantza gabe Kardaberazenak dira, bere obra desberdinetakoak. Kardaberazek 1744an argitaratu zuen lehenbizikoz ‘Kristauaren bizitza’ (ik. Armiarma, Klasikoak). Honen bigarren argitalpena 1760koa da, eta 1760-1766 bitartean argitaratu zuen bere beste liburu andana (ik. Armiarma, Klasikoak). Baina 1782an argitaratu zen lehenengoz Tolosan (de la Lama-renean) ‘Mezako sakrifizioa ta Komunio sagraduaren gañeko dotrina ta…’, Kardaberazen hainbat liburu desberdinetako atalak biltzen zituen liburua, eta gero, batez ere MEZA ETA KOMUNIOA izenpean hainbat aldiz argitaratu zena (hainbat aldaketa eta gehikuntzarekin) XIX. mendean, 1828tik 1859ra arte behintzat, beti La Lamarenean (ik. Jon Bilbaoren bibliografian). Badirudi argitalpen nahasi horietako bateko alea dela zuk erakutsitakoa.
MEZA ETA KOMUNIOA horren ale bat, argitaratze data gabea) jasoa da Euskal lan guztiak, Agustin Kardaberaz (faksimilea). La Gran Enciclopedia Vasca, 1974ko argitalpenean (II. alea, 263-318), eta ortografia eguneratuagoz Armiarma-Klasikoak-en (https://klasikoak.armiarma.eus/idazlanak/K/KardaberazMezaKomunioa.htm). Baina hori ez da erakutsitako alearen edizioa. Besteren bat…
Mila esker Bittor, eman dituzun datu horiengatik. Ez nekien liburua Aita Kardaberaz-ena zela. Bihotzez eskertzen dizut.