Maskarada ederra Lakarrin

Maskarada ederra Lakarrin –

Urtearen gurpila jadanik abian da. Neguko solstizioa jadanik pasatua dugu eta bedatseko ekinokzioaren bila abiatuak gara. Euskal inautea lehen printzak erakusten ari da, hor eta han. Eta, Xiberoan, urtarrilaren 12an, igandearekin, Altzai-Lakarriko gazteek aurtengo lehen maskarada jokatu zuten. Ez da bakarra izanen, urtarrilaren 19an Zalgizen, 26ean Larrainen, otsailaren 1ean Altzürükün, 9an Ligin, 15ean Pagolan, 23an Atarratzen, martxoaren 1ean Gamere-Zihigan, 9an Idauze-Mendin, 15ean Barkoxen, 23an Urdiñarben eta 30ean Altzain jokatuko baitute. Urtarrilaren 19koa, hau da, Zalgizen jokatuko dutena, berezi xamarra izanen da, heldu den urtean zalgiztarrek maskarada antolatu eta jokatuko baitute, eta bi urteren buruan, Roger Idiart pastorala.
Goiz goizean abiatu ginen Xibero aldera, barrikadak ikusteko asmoz.

Hotz handia zen, baina bihotzak bero genituen aurtengo lehen maskaradaz gozatzeko irrikan. Osora sei barrikada egin zituzten: Zünharretan, Altzabehetin, Altzain, Arhanen, Sarrikotagainen eta azkena Lakarriko plazan. Sei barrikadetan giro beroa izan zen, dantzak, kantak, lagun solasak eta barrikadetako mahaietan jan-edari ugari eta goxoak. Altzabehetiko plazan, animaleko bi mahai luzeak ezarri zituzten, eta ohiko dantzak egin ondoren, denok bertara hurbildu ginen, indarrak berritzeko asmoz. Hain topatu genuen Jean Pierre Rekalt dantza eta pastoral errejenta ospetsu eta historikoa. Sagar kauserez bete platera eskuan hurbildu zitzaigun jator eta kalakari.

Maskarada ederra Lakarrin
Animaleko barrikada Altzabehetiko plazan.

Oren-bakotxa zen (ordu-bata) Lakarriko azken barrikadara hurbildu ginenean. Jende tropel handia zen bazterrak betetzen, gehien-gehienak xiberotarrak. Bikain dantzatu ondoren, mahaietara hurbildu ginen, ohiko erritua betez. Han ere, bazen zer jan eta zer edan, alajaina!, baina zegoeneko gure sabelak aski beteak genituen. Hantxe, batekin eta bestearekin hizketan, lagun zaharrak agurtuz, eman genuen ordu erdi bat, jendea bazkaltzera urrundu zen arte.

Maskarada ederra Lakarrin

Bazkaldu ondotik, hiru eta erdietan, ttanko, hasiera eman zioten arratsaldeko saio nagusiari. Ordurako plaza jendez gainezka zegoen. Eta pittaka-pittaka ohiko dantza, kantu eta erritualak jokatu zituzten trebetasun handiz. Altzai-Lakarrin maskarada eta pastoral franko jokatu dituzte historian zehar, eta badute abilezia berezia horrelakoak antolatzeko. Dantza eta pastoral errejenta bikainak izan dituzte beti, hortxe dugu adibide gisa, lehen aipatu Jean Pierre Rekalt famatua.

Maskarada ederra Lakarrin

1910ean, Napoleon pastorala jokatu zuten, 1952an Altzaiko maskarada, 1970ean Altzai-Lakarriko maskarada, 1973an Zantxo Azkarra pastorala, 1976an Altzai-Lakarriko maskarada, 1989an Zumalakarregi pastorala, 1991n Altzai-Lakarriko maskarada, 1998an Altzai-Lakarriko maskarada, 1999an Agosta pastorala eta 2017an Joanikot pastorala. Aurtengo maskaradarekin beste urrats bat ematen ari direla iruditzen zait, hurrengo urteetan beste pastoral bat ekarriko duena, alegia. Denborak erranen!

Lakarrin ongi erakutsi zuten, berriz ere, bertako herritarrek Xiberoko kultura, üsantzak eta euskara maite dituztela, eta zainetan daramatela beren euskalduntasuna. Plazer handia zen hango heldu, gazte eta haurrei xiberotarrez mintzatzen eta kantatzen entzutea. Marie eta Kattin Ürrüti ahizpak izan ziren xorrotx gisa kantari bikain aritu zirenak. A zer botza eta zer kantu eztiak! Küküileroak ere biziki trebeak beren jokoan eta kantari finak. Aitzindarien artean, dantzari apartak baziren: entseinaria, herriko jauna, marexalak, kantiniersak… eta baita ttikittoen artean, Jean Pierre Rekalten arraseme edo biloba den Marti izeneko muttiko pixkor eta dantzari trebea. Bühameek eta kauteren jokoa ezin hobea, zinez, bazterrak harrotu eta alaitu baitzituzten umore ona zabalduz eta ikusleon irriñoak piztaraziz. Pitxu oso oso ona, gomazkoa zirudien bere joko bereziak eginez. Kabana ere ona eta zirikatzailea. Kauteren artean Johaine Sarraillet bertsolari gaztea ikusi genuen.

Bada geroa Altzai-Lakarrin, eta bada geroa Xiberoa osoan, Lakarriko maskaradara hurbildu ziren adin guztietako gazteak, neskak zein mutilak, horren berme eta lekuko baitira.

Zorionak Altzai-Lalarri! Eta eskerrik hanitx, aurtengo maskarada saioak antolatzeagatik. Zuentzat gure esker ona.

Urruñan, 2025eko urtarrilaren 15ean

Maskarada ederra Lakarrin  Maskarada ederra Lakarrin

Euskaltzalea eta irakasle-ohia

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude