Mark Legasseren ebanjelio eta apokalipsia

Mark Legasseren ebanjelio eta apokalipsia –

1978an, Mark Legassek, Donostiako Txertoa argitaletxearen bitartez, “Euskararen ebangelio eta apokalipsia”  izeneko liburu bitxi eta arras berezia plazaratu zuen.  Lantokitik ateratzean, ondoko liburutegiko erakusleihoan ikusi eta erosi nuen. Nik orduan hogeita bi urte nituen, eta bihotza itxaropenez betea.  Jadanik, Mark Legasseren beste liburu zenbait irakurriak nituen, eta liburu berezi horietan isurtzen zituen ideiak eta gogoetak maite nituen. Oraindik gogoan dut Gastibeltzaren karabinakliburu ederra, barrokoa, katramilatua eta iraganetik abiatuz, geroari leihoak zabaltzen zizkiona. Bai, Mark Legasseren liburuak irakurtzea plazera zen niretzat, garai hartako zapalketa eta ukazioaren aurkako sendagai sendoa, mendeku isila eta eraginkorra.

Erosi berria nuen liburu hartan, azalean monasterioetan testuak kopiatzen zituzten monje horietakoak ikus zitezkeen eta zirrikitu batean idatzirik: Izaro uhartean aurkitutako esku-izkribua. Erakargarria, oso!

Barnera sartu eta berehala hitzaurrearekin egin nuen topo. Honela zioen:

Euskararen Ebanjelio eta Apokalipsiaren eskuidatzia Izaro uharteko monasterioaren hondakinetan, ustekabe hutsaz, aurkitua izan zen. Hamaika ikerketa egin arren, ez da haren egilearen aztarnarik aurkitu. Misterio handiak jarraitzen du.

Esan dezadan, bukatzeko, txalupaz  uhartera eraman ninduen arrantzale zaharrari, Izaroko hondakinei buruz, mintzatzen ari nintzaionean, honako hau zehaztu zidala: Bai, noski, Euskararen fraileen komentua, erdararen bonbarderoek apurtua!  Eta atzera so, uharteari  begira, honela bururatu zuen: Egun batean berreraikitzen badugu, berriz libre izango garela diote!

Jakin ezazu, irakurle, Aita Donostiaren arabera, antxetek euskaraz oihukatzen duten Euskadiko leku bakarra Izaro uhartea duzula.

Aitzin-solas hartan zegoen liburuaren giltza, Mark Legassek liburu horren bidez aldarrikatu eta hedatu nahi zuen mezua.

Liburua kobla modukoetan idatzirik dago, eta kobla berezi horiek idazlearen gogoetak aurkezten dizkigute. Euskararen jatorri ilunaz aritzen da, euskarak euskaldunarengan duen ezinbesteko loturaz, gure mintzairaren hil ala biziko egoeraz, euskaraz egin beharraz…, eta horretarako idazkera mitikoa darabil, epopeia zaharrak kontatzen diren moduko idazkera berezia. Ikus dezagun hastapeneko lau koblak:

1.- Hastapenean Euskara zen. Eta Euskara gizaki batengan haragi egin zen. Horrela sortu zen Euskalduna.

2.- Euskal Herriaren gauza guztiak Euskarak eginak dira, eta egina denez geroztik, ez da hura gabe deus ere egin.

3.- Lurrazalaren gaineko euskaldunaren bidea argitzen duen argia Euskaratik dario. Eta ekaitzen aurrean bere ontziaren lema eusten duena Euskara da.

4.- Eta euskaldunak Euskadi euskaldun baten alde borrokatzen badu, Euskara Lurra deitzen den Eguzkiaren sateliteko leku batean bizi den herri bakar baten baitan haragi egin delako da.

Mark Legasseren ebanjelio eta apokalipsia

Testu hau giristinoen genesitik nahita kopiatua da, Mezu metaforiko horren bidez, Euskarari hastapenetako jatorri zahar eta sakratua ematen dio. Liburua bi zatitan banatuta dago. Hasieran ebanjelioari dagozkion hamabost atalak edo predikuak, eta amaieran, apokalipsiari eskainitako hogeita hamar kobla edo bertsetak; ene ustez, liburu honetan, Mark Legassek pastoral-liburuen egitura imitatzen baitu.

Ebanjelioaren zatian euskararen, hau da, euskaldunen historia ekartzen digu gogora, beti bere mintzaira alegoriko, mitiko eta berezia erabiliz. Iberoak, zeltak, galoak, erromatarrak, godoak, frankoak…, aipatzen ditu hasiera batez, euskaldunen erresistentzia eta biziraupen nahia eta adorea azalduz.  Erromatarren ondoko latinizazioaz eta eliza giristinoaren bortxa eta zabalkundeaz ere luze mintzatzen zaigu. Hortik aitzina, frantses eta espainolek ezarri uztarri bikoitza du mintzagai. Jauntxoak ere ez dira idazlearen aipamen zorrotzetatik libratzen. Azken hauei fariseo deitzen die. Honela kontatzen digu fariseoen eta Izaroko Euskararen fraileen arteko elkarrizketa:

Eta fariseoek euskaldunen egiazko mintzairaren gurpena gordetzen duen Izaro uharteko monasteriotik etorritako Euskararen fraide bat ikustean, honela galdetu zioten: Fraide jauna, zer iruditzen zaizu galdetzen dizuguna?

Eta Euskararen fraideak, haien faltsukeria ezagutuz, erantzun zien: Frantsesei frantsesa, espainolei espainola eta bekie Euskara euskaldunei.

Eta zuei, euskal farisauei, museo zoologiko bateko bitrinaren pean sarturik, holako etiketa jarri behar zaizue: Giza aurpegiko zakurrak.

Mark Legasseren ebanjelio eta apokalipsia

Beste pasarte batean, euskara galdua zuen mutiko baten pasadizoa kontatzen digu. Gurasoek Izarora eraman zuten eta fraideek Euskara erakutsi zioten. Gaurko euskaltegien aitzindaria dirudi. Hori eginik, Izaroko fraideek honako otoitza erakutsi zioten mutikoari:

Gure gurasoen hizkuntza, gogoetan zarena, garbi ezazu gure Herria, ager bedi zure indarra, nagusitu bedi Euskara, etxean bezala enparantzan ere. Emaiguzu gure lurrean askatasunaren ogia, ez gaitzazu utzi erortzen erdararen tentaldian, baina erdalkeriaren gaitzetik aska gaitzazu! Halabiz.

Ebanjelioaren azken hiru koblatan honela dio:

1.- Hemen amaitzen da sekulan erdara sartu ez den Izaro uharte saindu honetan egina izan den ebanjelio hau.

2.- Eta Euskaraz bizi, sufritzen eta hiltzen diren gizon-emakumeen izenean lekukotasun eta oroigarri uzten ditut hemen, Izaro monasterioko fraideen artean, Idaztian, Mintzairan eta Izpirituan. 

3.- Ospe Euskarari, euskaldunari eta Euskadiri, lehen bezala orain eta beti, gizaldien gizaldietan. Halabiz.

Ebanjelioaren ondotik, apokalipsiari ematen dio segida. Euskara gainbehera zihoala ikustean, Euskararen zazpi etsaiak identifikatu eta aztertu zituen. Horratx:

Belarririk duenak entzun beza! Zazpi dira Euskararen etsaiak, hil dadin urteko egun oroz gure hizkuntza  ahultzen saiatzen direnak. Lehendabizikoa eskola arrotza da, Euskararen seme-alaben buruan erdara sarrarazten duelako. Bigarrena unibertsitatea da, lanbideak eta sorkuntza eta pentsakeraren arte oro, gure gazteei erdal hizkuntzez, frantsesez edo espainolez, irakasten dizkietelako. Hirugarrena hirietako solasa da, erdal eleetan bizi publiko osoa egiten duelako. Laugarrena legearen izkribua, beti arrotz hizkuntzaz idatzitako bizi-araua ematen duelako. Bosgarrena auzitegietako epaia, beti erdaraz zigortzen edo indultatzen duelako. Seigarrena kuartel edo kasernetan dauden Euskararen semeei militar arrotzek botatzen dieten agindua. Eta zazpigarrena Euskadiko monumentuetan irakurtzen diren hizkiak, erdal hizkuntzaz idatziak.

Garai hartako egoera ilun eta hitsa (gaurkoa ez da gehiegi aldatu, ene irudikoz) azaltzen digu, Euskararen zazpi etsaiak aipatzen ditu, baina baita segidan, egoera iraultzeko eta geroa irabazteko zazpi euskarriak ere. Ikus ditzagun:

Baina Euskara bizi eta biziko da, zazpi euskarri menderaezin dituelako. Lehena sehaskan diren haur ttikiei ama euskaldunek kantatzen dizkieten doinuak. Bigarrena gurasoek nerabeei, bizitzaren bide zuzena har dezaten, ematen dizkieten aholkuak. Hirugarrena gure plazetan, jai denean, bertsolariek botatzen dituzten bertsoak. Laugarrena gizon-emakumeek, bizitzan zehar, elkarri ematen dizkioten amodiozko hitzak. Bosgarrena gure arbasoek Euskararen alde transmititu diguten epopeia. Seigarrena belaunaldi berriek etorkizunari aurre egiteko erakutsiko duten abilezia eta zazpigarrena, Andere Dona Euskararen edertasun garbia, gizadiaren hizkuntza garbi eta aratza, euskaldunok bihotzez maite duguna.

Eta apokalipsiari eta liburuari amaiera emateko azken hiru kobletan, idazleak bere nahikari eta desira oroitarazten dizkigu:

1.- Horrela predikatzen dizuet, Euskararen aldeko jarrera defenditzean isuritako odol, izerdi eta malkoz blaitua.

2.- Euskara biziko da eta Gernikako Arbola distiratsuaren antzera, Lurrazaleko gainerako gizon-emakume guztien aitzinean loratuko da.

3.- Ospe Euskarari, euskaldunari eta Euskadiri, lehen bezala orain eta beti, gizaldien gizaldietan. Halabiz.

Mark Legasseren ebanjelio eta apokalipsia
Izaro uhartea

Ni, jadanik, ez naiz hogeita bi urteko gaztea, hirurogeita zortzi urteko gizon zaharra baizik, baina Mark Legasseren liburu hau irakurtzen dudan aldiro, betiko gogoetak eta burutazioak etortzen zaizkit burura. Euskarak iraunen al du? Euskal Herria biziko al da? Urteak igaro dira, egoerak aldatu zaizkigu, baina tamalez, ez dut aurrerakuntza handirik ikusten. Eskoletan euskara erakusten da, baina ainitzetan arrotz sistemek inposaturiko arauei jarraiki, euskal arimarik gabe, euskal nortasuna bazterrean edo folklorizazioan utzita. Eta zer erran euskaraz jakinki, edozein tokitan eta edozein unetan, beste euskaldunekin erdaraz egiten duten horiez? Ez ote dira gaurko fariseoak? Ez dakit, Mark Legassek aipatzen dituen zazpi euskarriak aski ote diren euskara aurrera ateratzeko. Zerbait gehiago beharko dugulakoan nago eta pentsatu nahi dut bidea aurkituko dugula Euskara, berriz, Euskal Herrian dagokion berezko tokian, denon artean ezar dezagun. Buka dezadan Mark Legasseren hitzak erabiliz: Ospe Euskarari, euskaldunari eta Euskal Herriari!

Mark Legasseren ebanjelio eta apokalipsia  Mark Legasseren ebanjelio eta apokalipsia  Mark Legasseren ebanjelio eta apokalipsia  Mark Legasseren ebanjelio eta apokalipsia  Mark Legasseren ebanjelio eta apokalipsia  Mark Legasseren ebanjelio eta apokalipsia  Mark Legasseren ebanjelio eta apokalipsia

Euskaltzalea eta irakasle-ohia

2 pentsamendu “Mark Legasseren ebanjelio eta apokalipsia”-ri buruz

  • Mark-ek ez zekien euskaraz hitzegiten!!!

  • Joseba Aurkenerena 2024-11-24 18:50

    Ez, ez zekien euskaraz eta bere testuak frantsesez eta espainolez idatzi zituen. Euskarazko testuak itzulpenak dira. Piarres Larzabal, Itxaro Borda… izan ziren itzultzaileetako batzuk.

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude