[Margolaria dokumentala] “Mikel Urdangarin bidea izan da, artistaren B aldea erakusteko”
[Margolaria dokumentala] Mikel Urdangarin –
Margolaria, bere lehen filmaren errodatze prozesuan murgilduta dago Oier Aranzabal (Bilbo, 1988) kazetaria, eta lantalde bikaina osatu du Maluta Films ekoiztetxearen abaroan. Bi urte daramatza Mikel Urdangarinen atzetik kamerarekin. “Harrikada” pertsonal batetik abiatu zuen proiektua orain urte batzuk, eta egun “jende askoren espektatiba” bilakatu da. Harekin izan gara proiektuaren atzean gordetzen diren erabakiak ezagutzeko.
Margolaria filmeko fotograma bat
Artea, kultura… hein batean sorkuntza izango du ardatz filmak. Sorkuntza-prozesua bera, eta bertan parte hartzen duen profesional taldearen bizipenak: “Sorkuntza-prozesu bat, artista baten bizitza kontatzen du Margolariak. Mikel Urdangarinen historia kontatzen du, baina izan zitekeen munduko beste edozein musikari ere”.
Apustu estetiko berezia egin dute irudiak errodatzeko unean. Alde batetik, musikarien inguruan egindako dokumentaletan oso ohikoak diren “bustu parlante” edo pantaila elkarrizketa errekurtsoa saihesten saiatu dira. “Egon badaude, horrelako dokumentaletan ia derrigor atera behar direlako, baina saiatu gara gidoia lantzen egoerak eta istorioa beste modu batera kontatzeko”, azaldu du zuzendariak.
“Bere artetik bizitzea erabakitzen duen pertsona baten
bizitza kontatzen da. Artista baten B aldea”
Bestetik, zuri-beltzaren aldeko hautua ere egin dute, apustu estetikoa. Alain Urrutia margolariari egindako keinua da erabaki hori. Dokumentaleko protagonista nagusietako bat da Urrutia, kontakizunak Mikelek egiten dion bisita bat jasotzen duelako. “Grisen eskalan, zuritik beltzerako eskala horretan, margotzen du dena Alainek, eta iruditu zitzaigun horrekin batera joan behar zuela dokumentalak ere”.
Okinawan (Japonia) izan dira azken irudien errodajea amaitzen, eta post-produkzio fasea hasiko dute orain. Ondo bidean, irailean estreinatuko dutela aurreratu digu Aranzabalek. Berriki jakin dute, gainera, ETB sartuko dela proiektuan. Filmaren atzean dagoen Maluta* Films ekoiztetxeari eta Eskoziako Caravan Cinema koproduktoreari gehitu zaie euskal telebista, eta Atera Films banatzailea arduratuko da distribuzioaz. Lehen pausoak, Cannesko jaialdian emango dituzte, bertan izango baitira datorren astean proiektua aurkezten. Gainera, DOCS Barcelona zinema-jaialdian, Speed Meetings saioetarako aukeratu dute, eta espero dute atzerriko telebistentzat ere interesekoa izatea.
Jarraian duzue ZINEArekin egindako solasaldiaren laburpena, gozatu!