Manexaren gida: 10 gomendio Maskaradetan ez galtzeko
Manexaren gida: 10 gomendio Maskaradetan ez galtzeko –
Dantzan.eus atarian irakurri dugunez, atzo hasi ziren aurtengo maskaradak Zuberoan, aurten Muskildik antolatu eta lau hilabetetan zehar, apirilaren 22a bitarte, hamabost herritara eramango dituenak -hemen duzue egitaraua-.
Bertaratzerakoak zaretenontzako, orain urte batzuk Aritz Ibañez Lusarretak atari berean eman zituen aholkuak berreskuratu ditugu:
Manexaren gida: 10 gomendio Maskaradetan ez galtzeko
Manex batek manexondako eginiko gida duzu hau. Bizitzak zango bat Zuberoan jarrarazi dit azkenaldi honetan, eta maskaradetako labirintoan behin eta berriz galdu ostean, nire buruarentzat mapa egin beharrean aurkitu naiz. Dagoeneko 2014 honetako hiru maskarada joan zaizkigu eta oraindik hamaika ditugu aurretik, beraz, hona hemen maskaradetan erabat ez galtzeko manexaren gida.
1. Onartu dezagun: manexak gara behe laino artean
Zuberotarrentzat mundua bitan banatzen da: xiberotarrak eta manexak. Haiek eta zu! Eta zuri manex izatea tokatu zaizu! Onartu zure nortasuna, manexa izatea jaiotzetiko bekatua da, ez düzü sekula Altzürükü-ren ü guztietan ü ahoskatzen asmatuko, ez duzu inoiz braletik jaustea xiberotarrek bezala dantzatzea lortuko, eta ez duzu inoiz Kabana Handiaren pherediküa ulertuko! Baina lasai, xiberotarrek barre egiten dutenean zuk ere barre eginez disimulatzen ikasiko duzu. Onartu dezagun, manexak gara xiberotarren lurraldean.
.
2. Gogoratzeko ohar mentala: herri txiki bat da Zuberoa
18.000 biztanle ditu Zuberoak. Alegia, Hernanik edo Bermeok bezala. Antzeko biztanle konpuruko herriak dira adibidez Tolosa, Ermua edo Amorebieta-Etxano. Maule-Lextarre hiriburuak 3.000 biztanle ditu, alegia Oion, Eskoriatza edo Lesakaren tamaina dauka. Eta herriek 200, 400 edo asko jota 800 biztanle dituzte. Barkoxe, herri handienetakoa da Zuberoan, eta 775 biztanle ditu, Asteasu, Urdiain edo Kanpezuk bezala. 300 biztanle dituen herri batean, maskaradak antolatzeak herriko ia-gazte guztiak inplikatzea dakar. Eta horien artean dantzari onak, kantariak eta antzerkilariak izan behar dira. Eta 14 astez, astebururo, herriz herri ibiliko dira ikusgarri hori eman eta eman, gainontzeko gazteekin eta ez horren gazteekin bizipenak partekatuz.
Besteak-beste, zuberotarren arteko harremanak lotu eta indartzeko bide dira maskaradak, beraz. Eta giro horretan, hara agertzen gara manexok, autobusetik jaitsi eta argazki edo/eta bideo kamera eskuan, japoniarrak nola, klik eta rec! Bistan da gida baten beharra dugula!
Autobusa bera hartu aitzin gogoratu manexok, Muskildi, Urdiñarbe, Maule, Atharratze eta Barkoxez gain, badira herri gehiago Zuberoan. Eta horietako batzuetan maskaradak ere badira aurten: Zalgizen, Ainharben, Altzürükün, Eskiulan, Idauze-Mendin, Arrokiagan, Alozen, Hokin, Altzain, Gamere-Zihigan eta Irurin kasu. Sarri herri txikietako maskarada hauek dira xarma handien dutenak.
.
3. Ez fidatu mundua onen eta txarren artean banatzeko ohituraz
Bai, lehen aldiz gurekin datorren lagunari esplikatuko diogu maskaradetan bi talde daudela: gorriak eta beltzak, alegia, onak eta txarrak. Baina bai? Ziur gaude horretaz? Zenbait ikertzaileren (Roslyn Frank, Urbeltz,..) iritziz maskaradak bi taldetan banatzen dira: txarrak eta txarragoak! Gorriak dantzari bikainak eta dotoretzat ditugu, eta beltzak zabarrak eta bortitzak. Baina nola da posible Pastoraletan gaiztoak direnak, gorriak, turkoak, maskaradetan onak izatea? Ba ikertzaile horien ustez maskaradetako gorriek gizakientzat arriskutsua, txarra dena sinbolizatzen dutelako, eta beltzez berriz oraindik okerrago dena, izurritea bera.
.
4. Urdiñarbe, Larraine edo Santa Grazin, ikusi bezala egin!
Norbere bizitzan aplikatzeko moduko aholkua, baina maskaradetarako egokitua. Zure manextasuna ez dadila manexkeri izan. Komenigarria da oharkabean pasatzea, errespetuz eta bereziki, beltzeriaren jomuga izan nahi ez baduzu. Eta hala ere, horrek ez dizu onik ateratzea bermatuko. Oharkabean pasatzeko zenbait aholku, beraz:
- Barrikada bakoitzean jan-edana eskaintzen dute bertakoek. Maskaradariek haien jarduna bukatu eta lehenbizi haien jateko txanda izanen da. Ondotik lagun atseginen batek hurbilduko digu azpila eta botila.
- Dantzarien barrikada bakoitza txalotzeko ohitura dute bertakoek, baita Xorrotxen koblak adi entzutekoa ere. Berdin egin dezakegu.
- Goizean zehar, baita arratsaldean ere, ikusleen artean bi lagun -platzainak- pasako dira sosa biltzen eta trukean, papoan koloredun xingola batzuk ezartzen. Maskaradetarako “sarrera” gisa uler genezake ordainketa. Manexok, xiberotarren kontrara, sarritan dirurik eman ez eta ematen dugularik, txanpon xixtrin batzuk besterik ez ditugu ematen. Eskuzabalak izan gaitezen beraz (batez ere barrikadetako tortilla erdiak jan baditugu!)
- Arratsaldeko saioan Bralia dantzatzen dute. Bralia soka-dantza bat da eta maskaradariek publikoko jendea gonbidatzen dute dantzara. Lehen, maskaradak gizonek bakarrik emanak zirenean neskak ateratzen zituzten dantzara. Nolabaiteko korteiatze errituala zen. Orain arizaleak neska-mutil izaten dira. Gonbidatuak ere neska eta mutil, edo neskak bakarrik, maskaraden antolatzaileen arabera. Beraz, Bralia dantzatzeko gonbitea ohoretzat hartu eta dantza dezagun!
- Lepotik zintzilik daramatzagun argazki eta bideokamara kopurua zuzenki proportzionala da kauter edo buhameren baten susto bat hartzeko ditugun aukerekin. Gorde distantziak eta ez gaitezen izan “space invader“.
.
5- Ikuskizunari adina erreparatu batzar zeremonialari
Xiberotarrendako batzar bat dira maskaradak. Astebururo herri ezberdin bat bisitatzen dute maskarada emaleek. Harrera egiten duen herriko dantzariek bisitarien aitzinetik dantzatzen dute barrikadetan. Geldialdi bakoitzean jan-edari mahaiak jartzen dituzte eta dantzaren ondotik solasteko denboratxoa izaten dute batzuk eta bestek. Eguerdi aldera, plazara heltzean, jauziak ematen dituzte denek elkarrekin, eta ondotik antzezleak bazkaltzera joaten dira, askotan herritarren etxeetara. Arratsaldeko saioan Bralia dantzatzen dute, esan bezala, kohesio zentzu handia duen dantza. Bistan da maskaradek herria batzeko duten indarra. Eta ezin aipatzeke utzi, maskaraden ondoko arizaleen eta herrikoen arteko parranda! Baina hortaz manexak ez gara normalean enteratzen, ordurako Oxkaxen gora ari baikara autobusean!
.
6- Xiberoko eüskara düzü
Nire inguruan nabaritu izan dudan sindromea da hauxe: Iruñetik goizeko 8etan atera eta Xiberora 10etan heldu. 3 ordu barrikada. Bazkaria. Arratsaldeko 4rak aldera arratsaldeko saioa ikusten hasi eta 7etan bukatu. Autobusera igo. Etxerako bidea hartu eta: ulertu duzue zerbait? Ez! Maskaradaren grazia handienetakoa dialektikoa da. Pheredikuetan (diskurtsoetan) dago mamia. Txorrotxek beren kobletan, eta kauterek eta buhameek diskurtsoetan ironia, sarkasmoa eta kritika zorrotzak jaurtitzen dituzte ziri eta trufa artean. Herrian urtean zehar izan diren gora-beheretaz informatzen dira eta horiek erabiltzen dituzte herritarrei barrea eragiteko. Horretarako larunbat oroz biltzen da buhame-kauter-taldea hurrengo eguneko Kabanaren predikua, dagokion herriari moldatzeko. Kabanaren predikua ezberdina da igandetik-igandera, beraz.
Kautera eta Buhameen diskurtsoetan tenisean bezala senti daiteke bat, batera eta bestera begira, pilota pasatzen ikusten, baina ezer ez ulertzen. Zuberoako euskararekin ez dago ohituta manexa, baina belarria egin ahala hizkuntza bera, euskara (!) dela ohartzen gara. Hori bai, erne Kerestuekin, horiek Biarnesa, gaztelera eta euskara nahasten baitituzte, beren jatorriaren erakusgarri.
.
7- Ofizioak ezagutu
Ofizioak deitzen zaio arratsaldeko saioari, izan ere maskaradan parte hartzen duten ofizio bakoitzak bere antzerki-dantza saioa egiten du, bere ofizioa ardatz duen antzerki-erritual bat eskainiz. Txorrotxek dute ofizio bakoitza kantuz aurkezteko ardura, plazari itzulika, eta ofizioen artean tarkekatzen dira dantzarien emanaldiak. Hona hemen azalpen eskematiko orokor bat (maskaradak ez baitira berdin-berdinak urtero):
- Marexalen ofizioa. Marexalak ferratzaileak dira. Zamalzaina ferratu behar dute. Lehenengo hanka bat ferratzen diote, eta orduan zamaltzaina herrenka ibiliko da. Bi hankak ferratu ondotik, jauzi harrigarriak egingo ditu.
- Khestuen ofizioa. Zikiritzaileak dira kerestuak. Beraien egitekoa zamaltzaina zikiratzea da. Nagusiak morroiari agintzen dio lana, baina honek ez du lortzen, eta beraz, Pitxuri egiten dio enkargua (Hou Pitxu, houuu!!!). Pitxuk kantiniersa harrapatzen du zamaltzaina beharrean, eta burua gonapean sartzerakoan ohartzen da hor ez dagoela zer zirikaturik. Azkenean kerestu morroiak zikiratzen du Zamalzaina.
- Xorrotxen ofizioa. Txorrotxek Jaunaren ezpata zorroztu behar dute. Morroiak ez du jaunaren ezpata zorroztea lortzen. Pitxu kontratatu eta hau saiatzen da, baina alperrik, eta azkenean morroiak egiten du lana, eta nagusiarekin batera kantatuz bukatzen dute ofizioa.
- Buhameen ofizioa. Buhameak Ijito moztaileek dira, hegoaldean “motsailak” moduan ezagutuak, lanbidez zaldien ilea mozten zutenak. Ezpata-dantza bat ematen dute eta Buhame Jaunak bere manhamentiak edo phedikua (hitzaldia) egiten du. Buhame jaunak ijitoen erregetzat du bere burua. Nomadak dira eta mundu osoan bidaiatu ondoren iritsi dira Zuberoara, eta beraz, pasatu dituen lurraldeetan ikusitako kontuak esaten ditu.
- Kauterek ofizioa. Kauterak ijitoak dira baita ere, baina kalderash (kaldereroak) taldekoak. Pertza eta lapiko konpontzaileak beraz. Beraien dantza berezia egiten dute eta Kabana Handiak bere predikua egiten du. Jaunak enkargatzen dien pertza konpontzea, eta hori eginik, ordaineko dirua bota eta dirua hartzeko zalapartan Pitxu hilik suertatzen da. Kabanak bere testamentua irakurtzen du. Bedeziak (medikuak) ebakuntza larria egin eta Pitxu berpizten egiten du.
.
8- Godalet-dantza, mito hori
Godalet-dantza da manexondako (eta batez ere dantzari manexondako) xiberotar dantzarik miresgarriena, liluragarriena, txundigarriena, estonagarriena… Ah ze abilidadea dantzari xiberotarrek dutena godaletaren gainera jauzi egiteko! Eta ahalik eta aldi gehien edalontzira igo orduan eta hobe! Arazo bat bada, ordea!!! Pentsa dezakegunaren kontra, xiberotar dantzarien ehuneko handiena ez da basoan igotzen, mito bat da hori, kasik! Igotzekotan, zamaltzaina igotzen da, edo kantiniersa, gonak godaleta ikustea trabatzen dienez, horrek bai baduelako meriturik. Bestela ez gaitezen engaina, basora igotzea errex xamarra baita! efektista, baina errexa. Xiberotarrendako Godalet-dantzaren benetako zailtasuna da edalontziaren inguruan egin beharreko urratsak basotik ahalik eta hurbilen egitea.
Ofizio-joko horien artean egiten dituzte dantza ezberdinak. Batez ere aitzindariek, eta dantza batzuk beste arizale batzuek ere bai. Branlean maskaradari guztiek parte hartzen dute eta ikusleen artetik ere jendea sartzen dute sokara. Azken jauzietan ikusleak ere gonbidatzen dituzte beraiekin dantza egitera. Egiten dituzten dantzetako batzuk, hona:
-
Barrikada haustea. Goizean egindako bera egiten dute arratsaldeko ofizioen emanaldi hasieran. Plazari itzulia egin eta ondoren, gorriek banan-banan (edo talde txikietan) dantzatzen dute. Beltzek beren estiloko sarrera egin, eta azkenik txorrotxek kantuekin borobiltzen dute barrikadaren haustea.
-
Gabota. Aitzindariek egiten duten dantza da, gehienetan borobilean, baina lerro irekian ere bai.
-
Bralea. Soka-dantza da, hiru zati ditu: bralea, karakoiltzia eta braletik jaustea. Soka-dantza egiteko maskaradari gehienak eta ikusleak sartzen dituzte sokan. Dantzarientzat unerik ikusgarriena Braletik jaustea da. Hor, dantzariak plazari itzulia emanez dantzatzen dute, eta hor egiten dituzte pausu ikusgarri, zail eta berezienak.
-
Godalet-dantza.
-
Dantza-jauziak. Aitzina Pika eta Moneinak ohikoenak dira, baina beste jauzi batzuk ere egiten dituzte. Moneinak luzea da eta urratsak kantatzen dituzte gehienetan. Aitzina Pika jauzi motza da, beraz, ez dituzte urratsak esaten gehienetan, eta normalki urrats hauekin dantzatu ohi da: aitzina pika (4 aldiz), xinple lauetan, zeina (2), ezker-eskuin, ezker eta hiru, eskuin.
.
9- Non eseri ongi pentsatu…
Arratsaldeko saioa ikusteko bankuekin osatu ohi dute plaza. Askotan, detallerik ez galtzeko ilusioz, lehen lerroan esertzeko tentaldia izaten dugu manexok. Oker! Bankuz osatutako lehen lerro horrek definitzen duen muga da kauter eta buhameen habitat naturala eta bertan eseritako ikusleak haien biktima potentzialak. Hala, gertatu izan da 100 bat kiloko buhame batek ikusle baten gainera salto egitea 20 metroko lasterkaldiaren ondotik edo buhamez eta kauterez osatutako jende-meta baten azpian bukatu izana ikusleren batek. Pitxu berpizten ari direnean airean botatako abere tripa, zango eta gainerako zerrikeriak gainera erortzeko papeleta asko izanen ditugu lehen lerro horretan.
.
10- Berriz manexlandiara!
Pitxu berpizten delarik, jendea aulkietatik zutitu ohi da, zangoak luzatzeko seguraski. Hor batzuk autobuserako bidea hartzeko tentaldia izanen dute, baina oraindik maskaradari guztiok elkarrekin ematen duten kantua entzutea faltako zaigu (haien herriari eskainia normalean). Urte osoa xiberoko dantzak ensaiatzen eta ensaiatzen eta bukaeran izanen ditugu gure manex manerak erakusteko parada: denendako irekiak diren Moneinak eta Aintzina-pika dantzatuz finitzen dira Maskaradak.
Jakingarria da ere, hiru ordu inguruko ikusgarriaren ondotik, sabelak orruka dituzuenondako, taloak saltzen ohi dituztela Xiberoko Ikastoletako gurasoek. Gosea ase gehi ikastolak lagundu, bueltako autobusa hartu baino lehen, bada akabera hoberik?