Euskarak itxaron zerrendan jarraitzen du

Euskarak itxaron zerrendan jarraitzen du –

Osakidetzak hamar urte daramatza Euskara Planarekin,eta urrun dago ezarritako helburuetatik.

Osakidetzan euskararen erabilera normalizatzeko II. Planaren epe erdiko ebaluazioa eta balorazioa” txostena aurkeztu zuen Kontseiluak pasa den urtean.

2013tik aitzin jarri behar zen indarrean plangintza, begirada 2019 urteraino luzatuta. Denborak egin du jada ibilbidearen erdia, baina normalizazio planak ez. Osakidetza ezarritako helburuetatik urrun dago. Eremu askotan antzeman daitezke hutsuneak: irudian eta komunikazioan, kanpo- zein barne-harremanetan, hizkuntza-kudeaketan, hizkuntza-eskakizunetan, kontratazio-politikan… Txostenaren egileek erritmoa bizkortu eta neurri traktoreak hartu behar direla babestu dute.

Euskarak itxaron zerrendan jarraitzen du

Bestalde, nabarmentzekoa da bigarren plana egin aurretik, Osakidetzan euskara normalizatzea lortu ez izanaren zenbat gabezi detektatu zituztela, eta horietan oinarrituta, proposamena helarazi zitzaiela Osasun saileko zein Osakidetzako arduradunei. Dirudienez, ez diete ekarpen horiei behar adineko arretarik eskaini.

Hamar urte baino gehiago igaro dira Osakidetza euskara planekin hasi zenetik, eta emaitzak eskasak dira oso. Euskara planak ez dira helburuak, bitartekoak baizik, eta txostenaren egileek tresna hauek burura eraman behar direla babestu dute, egoera ez dadin betikotu.

Kontseiluak zenbait neurri zuzentzaile proposatu ditu planaren ebaluazio osoa egiten denean beste emaitza batzuk lortu ahal izateko. “Lehentasunez kanpo-harremanetan hizkuntza-kudeaketa egokia egitea, eta horretarako euskarazko zirkuituak ziurtatzea; zerbitzuen kontratazio edo esleipenetan hizkuntza-irizpideak jartzea, langileen euskalduntzea azkartzea, kontratazio-politika aldatzea dira, besteak beste, proposatu ditugun neurri zuzentzaileak”, azaldu zuen Paul Bilbaok.

OEE (Osasungoa Euskalduntzeko Erakundea) osasungintzan euskara sustatzea xede duen elkartea da, eta osasun jardunaldiak dira, besteak beste, erakundearen jardueretako bat. 1991tik hona antolatu dituzte gisa honetako jardunaldiak; azkena Iruñean, “Aniztasuna osasunean” izenburuarekin. Datorren urtekoa ere bideratuta dago, Arantzazun: “Komunikazioa-Inkomunikazioa”.

Elkarteko Karlos Ibarguren lehendakariak bitartekoen beharra azpimarratu zuen.  Erabaki estrategikoez ere mintzo zen: “ezinbestekoa da organo nagusietan berariaz jasota egotea euskararen normalizazioaren ardatza Osakidetzan, inplikatu guztien parte-hartzea ziurtatuz”.

Garbiñe Petriatik (Behatokia) ohartarazi zuen plana indarrean egon den bitartean, Osakidetzan eragindako hizkuntza-eskubideen urraketa andana jaso izan dituztela. Bere aburuz herri gogoa da gako nagusietako bat. “Jada 160.000 herritar baino gehiagok (uda arteko datua da) berariaz adierazi du osasun-asistentzia eta zerbitzuak euskaraz jaso nahi dituztela. Botere publikoek herri gogo horri erantzun egokia eman behar diote”.

Josu Labakak (UEMA), dagokion ildotik, herrietara bideratuta dauka begirada: “Planak berak jasotzen du soziolinguistikoki aurreratuen dauden guneetan arreta berezia jarriko zela, bada, zerbitzua euskaraz jasotzeko arazoek jarraitzen dute herri euskaldunetan”. Bereziki kezkagarria izan ohi da uda garaia. “Urtero langileen oporren ordezkapenak egiten direnean, UEMAko herrietan ere euskaldunak ez diren ordezkoak bidaltzen dituzte.”

Kontseiluaren esanetan Osakidetzak bidea egiten jarraitu behar du. “Neurri zuzentzaile egokiak hartuz gero, bigarren plana amaitzerako urratsa eragingarriak egin daitezkeelakoan gaude” dio Bilbaok; eta jarraian gehitu du: “norabide horrekin lan egiteko jarrera adierazten badute, bidaide izango gaituzte”.

Kontutan hartzekoa da adostasun handiko dokumentu bat ere badagoela mahai gainean: Hizkuntza Eskubideak Bermatzeko Protokoloa. Bertan administrazio publikoaren barruan osasungintza lehentasunezko eremua da, eta bertako neurriak kontutan hartzen hasi beharko litzateke Osakidetza.

Euskarak itxaron zerrendan jarraitzen du 
Euskarak itxaron zerrendan jarraitzen du
EAE, euskara, Euskarak itxaron zerrendan jarraitzen du, oee, Osakidetza, osasun sistema, osasungoa euskaldundu
Beñat Hach Embarek

Mairua naiz behelaino artean. Kolaborazioak GARAn; ZUZEU orainkarian erredakzioko kide; Bertsolari.eus aldizkarian koordinatzaile. Goierri.

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude