Manex Lafitte kortsarioa, Baratariako errege

Manex Lafitte kortsarioa, Baratariako errege –

XVIII. mendeko kortsario hau biziki ospetsua izan zen bere garaian, bai itsasgizon lapurtarren artean eta baita Ameriketan ere. Ainitzetan pirata gisa aritu bazen ere, gehienetan kortso patenteak ematen zion babesarekin aritu zen. Itsas-lapurreriaz aritzeaz gain, Manex eta Piarres anaia esklabo-trafikoan, kontrabandoan eta merkataritzan ere ibili ziren, alor guztietatik irabazpide ederrak eginez. Lehena izan da, batez ere, historiara pasatu dena eta bigarrena, anaiaren itzalpean gelditu dena.

Manex Lafitte kortsarioa, Baratariako errege

1.- Lafitte anaien jatorria eta lehen ibilerak

Lafitte anaien jaiolekuari buruz ez da inon inolako agiririk topatu. Badirudi garai hartan, halako negozio zikinetan ibiltzen zirenen artean, oso ohikoa zela sorlekua ezkutatzea. Euskaldunak edota euskaldunen ondorengoak zirela garbi egon da beti, beraiek ez baitzuten nehoiz ukatu. Garaiko kronista gehienek Baiona edo Baionaren ingurukoak zirela aipatu zuten. Dena den, Luis-Jean Calvet idazle frantsesa ikertzen ibili zen 1998an plazaratu zuen Barataria izeneko eleberrirako eta Lapurdiko kostaldean, herrietako artxiboak arakatzen ibili ondoren, Biarritzekoan, 1783ko urriaren 6an, izen-deitura horiekin sortutako bi anaien agiria topatu zuen. Gurasoak Laurentx Lafitte eta Maria Dagerre zirelarik. Aita Kandela etxekoa zen eta lanbidez ontzi kapitaina. Badirudi, gerora, Manex Christiana Levine danimarkarrarekin ezkondu zela.  Orduz geroztik, hauek dira ikerlari gehienek ontzat eman dituzten datu biografikoak.

Manex Lafitte kortsarioa, Baratariako erregeHamabost urte zituela itsasoratu omen zen lehen aldiz Antilletan ibiltzen zen itsasontzi kortsario batean. Eta momentu horretatik hil zen arte, itsasoarekin loturiko negozioetan ibili zen. Ausarta eta arras bizkorra zelakoan, berehala ontzi kapitain izendatu zuten. Garai hartan, Ameriketako koloniak askapen prozesuan eta Europako metropolien aurkako borrokan zebiltzan. Espainiak, Frantziak eta Ingalaterrak ez zituzten haien inperioak galdu nahi, eta azken momentura arte borrokan aritu ziren amerikar matxinoen aurka. Beraien arteko borrokaldiak ere, etengabeak izan ziren, interes kontrajarriak defendatzen baitzituzten. Lafitte anaiek gaur Kolonbia deitzen dugun Cartagenako Errepublikaren alde egin zuten, espainiarren interesen aurka. Horrek nolabaiteko legitimitatea eman zien espainiar itsasontziak erasotzeko eta arpilatzeko.

Horrela ebatsitako ondasunak, New Orleans portura eramaten zituzten. Hiri hau Lousianako hiriburua zen, eta garai hartan, oraindik frantses kolonia zen. Hiri hau arras aberasturik zegoen Afrikatik eramandako esklaboen trafikoarekin. Horretaz gain, kalitate handiko ardoak eta likoreak, espezieak, azukrea eta abar ekoizten eta saltzen zituzten. Hantxe bizi izan ziren Lafitte anaiak, jaun eta lur jabe aberats gisa. Goi mailako gizartean zebiltzan arren, ezkutuan negozio zikinetan aritzen ziren, kontrabandoan, esklaboen trafikoan eta piraterian, gehien bat.

 

 2.- Manex Lafitte, Baratariako errege

1803an, Napoleonek Lousina Estatu Batuei saldu zien eta 1804an Haitik independentzia eskuratu zuen. Lousianan kalapita eta liskar handiak izan ziren frantses eta britainiar jatorrikoen artean. 1807an, amerikarrek esklabotzaren aurkako legeak ezarri zituzten, egoera oraindik gehiago korapilatuz. Lafitte anaiak hortxe ibili ziren, ageriko oreka bat mantendu nahian,  alde batetik New Orleans-eko gizartean zuten ospea eta izen ona atxikiz eta bestaldetik, ezkutuan, kontrabando eta negozio ilunetan arituz. Horretarako, Misisipi ibaiaren bokale zabalean, leku apropos bat bilatu zuten merkantziak eta esklaboak lehorreratzeko. Orduz geroztik Barataria izeneko uhartean aritu ziren horrelako lanetan. Baratarian lehorreratzen zituztenak, txalupa eta ontzi txipiagoetan, New Orleans hirira garraiatzen zituzten gero, inolako arazorik gabe. Batetik bestera 75 kilometro ziren.

Manex Lafitte kortsarioa, Baratariako erregeLousianako gobernadorea, denon ahotan zebiltzan negozio zikin horiek oztopatu nahian ibili bazen ere, New Orleansko hiritarrek ez zioten inoiz bat ere lagundu, eta Lafitte anaiek jarraitu ahal izan zuten Baratariatik esklaboak eta kontrabandoa hirira sartzen. Behin, gobernadoreak 500 dolar eskaini zituen Manex Lafitteren buruaren truke. Hori ikusi zuelarik, lapurtarrak 1.500 dolar eskaini zituen gobernadorearen buruagatik. Baratarian era guztietako jaiak eta ekitaldiak antolatzen zituzten eta Manex zen hango agintari bakarra, haren zerbitzura mila pirata inguru zituelarik. Manex, behin baino gehiagotan, Baratariako errepublikaz mintzatu zen. Hogeita bi urte zituen orduan.

 

3.- Ingeles eta amerikarren arteko gerla

Ingelesak luzaz ibili ziren matxino amerikarren independentzia zapuztu nahian. Horretarako blokeo komertziala agindu zuten hamahiru kolonia zaharren kostaldeetan. Blokeo gogorra izan zen, esklaboen komertzioa erabat eten zuena. Hor Lafitte anaiek jakin zuten bi aldeetan ibiltzen, eta alde batekoekin zein bestekoekin harremanak izaten. Ingelesak Lafitte anaien laguntza lortzen saiatu ziren, eta hori jakinki, amerikarrek Piarres anaia hartu zuten preso. Orduan, Manex mintzatu zen batzuekin eta besteekin, eta bi aldekoei hitz onak emanez, anaia askatzea lortu zuen, edo hobeto esanda, norbaitek ireki zion espetxeko atea ihes egin zezan. Dena den, amerikarrak ez ziren pozik gelditu, Manexek ez baitzuen ezkutuko akordioa bete, eta 1814ko irailaren 13an, itsasontzi bat igorri zuten Barataria irlara. Dena suntsitu zuten arren, bertan ez zuten Manex aurkitu.

Andrew Jackson

Geroxeago, kortsario lapurtarrak Andrew Jackson jeneral amerikarrarekin akordio bat izenpetu zuen. Ingelesek New Orleans hesitua zutenez gero, Manex Lafitte eta bere gizonek parte hartu behar zuten hiriaren defentsan. Horren ordain gisa barkamena eskaini zien. Gogoaren kontra izan bazen ere, Lafittek tratua onartu behar izan zuen. Bere gizonetako asko marinel gisa aritu ziren eta gainerakoekin artilleriako hiru konpainia eratu zituzten.  1814ko abenduaren 28an, ingeles armada handia Misisipiren badian lehorreratu zen, hiria erabat hesituz. Hiria defendatzen zutenak baino gehiago ziren arren, Manex Lafittek eta bere gizonek inguru haiek xehetasun handiz ezagutzen zituzten, eta horri esker, britainiar armada garaitu ahal izan zuten. 1815ean britainiarrek hiriaren setioa altxatu zuten eta amerikarrek Manex Lafitte eta bere gizonak “aberriaren heroitzat” hartu zituzten. Hori dela eta, 1815eko otsailaren 6an, amerikarrek erabateko barkamena eman zieten.

 

 4.- Galveston uhartean

Manexek ongi jakin zuen egoera berriaz baliatzen. Baratariako uhartearen inguruko trafikoa erabat suntsituta, Lousianaren mugan, Texasen barruan zen Galveston uhartean finkatu zuen bere errepublika berria. Garai hartan, Mexikoko matxinoak independentzia atzeman nahian zebiltzan, espainiarrekin etengabeko liskar eta gatazketan. Manex Lafittek, beti bezala, eta abilezia handiaz, bi aldekoekin jokatu zuen. Alde batetik, Espainiaren alde zegoela zirudien, bestaldetik erreboltari mexikotarren alde jokatzen zuela zabaldu zen. Amerikarrak ere Texas kontrolatu nahian zebiltzan, eta haien ustez, Lafitte, amerikar abertzale handia izanki, haien alde zegoen Texas bereganatzeko asmoetan. Joko hirukoitza honetatik diru eta aberastasun franko lortu zuen. Amerikarrek legez esklabotza debekatzen bazuten ere, eroarena egiten zuten hainbat kasutan, eta horretaz ederki baliatzen jakin zuen kortsario miarriztarrak. Azkenean, denak konturatu ziren lapurtarraren jokoaz eta bai espainiarrek eta bai amerikarrek uhartea hartzeko eta Lafitteren negozioekin bukatzeko nahia erakutsi zuten, behin baino gehiagotan.

1818ko irailean, urakan batek irla jo zuen, Lafitteren eraikinak izugarri kaltetuz. 1821ean, Lafitteren gizon batzuek, kortsarioaren baimenik gabe, amerikar itsasontzi bat eraso eta arpilatu zuten. Erantzuna berehala iritsi zen. Goleta amerikar bat joan zen uhartera, eta Lafitterekin irlatik borrokatu gabe ateratzea hitzartu ondoren, kortsarioaren eraikin guztiak birrindu zituzten.

Manex Lafitte kortsarioa, Baratariako errege

5.- Manex Lafitteren azken urteak

Galvenstonetik alde egin eta gero, Manex Lafitteren jarduerei buruzko datu zehatzak galtzen dira. Egia erraiteko, datuak baino gehiago, zurrumurruak edota erdizkako albisteak dira. Badirudi Antilletan jarraitu zuela itsas-lapurreria egiten, Kuban, Haitin, Yukatanen, Floridan, Kolonbian…  Sortu berriak ziren errepubliketako gobernuekin liskar handiak izan omen zituen, eta batzuetan preso hartu zutela dirudi. Dena den, aldeko asko zituela eta, beti libre utzi zuten gero.

Zabaldu denez, altxor handia zuen eta nonbait ezkutatu omen zuen. Hori dela eta, urte luzez, ainitz izan dira Lafitteren altxorraren bila ibili diren abenturazaleak. Baina non bizi izan zen azken urteetan? Batzuek Baratariara itzuli zela diote, besteek ezizen batez ezkutaturik eta aberats, Europan agian,  bizi izan zela defendatzen dute. Badira ere, itsas ekaitz baten zirimolan galdu zela diotenak. Mexikon, Yukatan aldean, Dzilam de Bravo izeneko herrian bada hilobi bat eta bertako harlauzan jartzen duenez bertan da Alafita izeneko gizona ehortzirik. Askok pentsatzen dutenez, Alafita hori Lafitteren aldaera izan daiteke. Modu batean edo bestean, gauza da, hortxe galtzen dela kortsario lapurtarraren arrastoa.

Manex Lafitte kortsarioa, Baratariako errege
Manex Lafitte kortsarioa, Baratariako errege
Manex Lafitte kortsarioa, Baratariako errege
Manex Lafitte kortsarioa, Baratariako errege

Euskaltzalea eta irakasle-ohia

9 pentsamendu “Manex Lafitte kortsarioa, Baratariako errege”-ri buruz

  • xorino kantharia 2020-04-19 12:12

    Oso interesgarria, milesker…

  • Azquen mendeetan euscaldunac bethi burrucan beren polsicoac bethetzecotz edo campoco regueen cerbitzuco.
    Nehoiz ere beren patriaren alde.
    Okaztagarria.

  • Benat Castorene 2020-04-19 18:29

    Joseba eta Josu
    Josu zuzen zira bainan zaude lasai.
    Beharbada Josebak baditu nik ez ditudan informazioak, bainan, ikusi dutanez duda haundi bat bada kortsario horren jatorriari buruz.
    Bai izan ziteken Baionako edo Biarritzeko gaskoi bat bainan Bordalesek berek errebeinkatzen dute.
    Zer nahi gisaz garai hartan jean Lafitte deiturakoak ehundaka izango ziren Sud Ouesta guzian eta hortik asko sartu euskal herrian ere eta ederki euskaldundu.
    Lafitte da gaskoientzat abizen hedatuenetarik bat Battit Etcheberri bezala gure Herrian.
    Joseba, Lafitte horren bizitza, beste kortsarioenak bezala “fede eta legerik gabeko”a izan arren izigarri erromaneskoa zen dudarik gabe bainan Josebak iduritzen zait baduzula akats tipi bat: jende guzia “euskal” naturalizatzeko pasioa berari baimena galdegin gabe eta sobera fite. Hau ez ote da maluruski gurean komunski ikusten den apologiarako joeraren forma bat?
    Aldi honetan untsa dokumentatua bazara eta tronpatzen banaiz errakuts zadazu eta gogotik errekonozituko dut arrazoi duzula .

  • joseba aurkenerena 2020-04-19 22:11

    Gau on, Beñat, eta milesker igorri duzun gutunagatik, zure ekarpenak beti ongi etorriak baitzaizkit. Zorionak euskaratzen ari zaren Uztaritzeko liburuagatik, astero-astero irakurtzen baitut. Zuzeun atalka plazaratzen bukatzen duzularik, liburu formatoan argitaratu beharko zinuke, zinez merezi baitu.
    Lafitteren jatorriaz teoria franko daude, zuk erran bezala, baina Louis-Jean Calvet idazleak egin zituen ikerketen arabera, badirudi Biarritzekoa zela, hori sinesteko moduko agiriak topatu zituelako, eta orduz geroztik hau da nazioartekoan onartuen den tesia, eta nik artikuluan, hori dena aipatuz, jarraitu dudana.
    Bestalde, garbi dago Lafitte abizena gaskoia dela baina Lapurdin biziki hedatuena dena. Edo erranen didazu abizen hori ukaiteagatik Piarres Lafitte ez zela euskalduna? edo ni neu, nire lehen hamar deituren artean Polloe gaskoia dudalako, ez naizela euskalduna?
    Akats ttipi bat dudala aipatzen duzu, bat ez, franko, ez bainaiz jainko sortu.
    Ahal dudana egiten dut, pasioz maite ditudan euskararen eta Euskal Herriaren alde, hori da nire bekatu handiena.
    Ongi izan Beñat, eta segi pixkor zure artikuluak idazten, plazer handiaz irakurtzen baititugu. Osasun on.

  • joseba aurkenerena 2020-04-19 22:16

    Josu adiskidea, arrazoia duzu horrelakoak erraitean, herri kolonizatu honetan horrelakoak maiz gertatu eta gertatzen baitira. Baina, gustatu ala ez, pertsonaia horiek euren garaiko semeak ziren, eta ezin dugu haien jarrera gaurko ikuspegitik ulertu. Eta gainera, horiek ere gure historiako zati dira, onerako eta txarrerako.
    Izurriaren aro beltza gainditzean, askatasun haizeak ufa dezan Euskal Herriaren alde! Besarkada bat.

  • Benat Castorene 2020-04-20 10:05

    Egun on Joseba
    « …Lafitteren jatorriaz teoria franko daude, zuk erran bezala, baina Louis-Jean Calvet idazleak egin zituen ikerketen arabera, badirudi Biarritzekoa zela… »
    Zuhaurk diozu « badirudi Biarritzekoa zela ». Nik bezain ongi badakizu Biarritzen 2 komunitate bazirela bat euskalduna eta bestea gaskoia.
    Beraz Biarriztarra eta daukan izenarekin ene iduriko probaleagoa da gaskoia izaitea.
    Garai berean, uztariztarra, edo lohitzundarra izan balitz orduan bai kasik segur da euskalduna izango zela. Bi herri horietan baitira izen horretako jendeak, ni eta zu bezain euskaldunak, aspaldian etorritako gaskoi batzuen ondokoak.
    Zure Louis Jean Calvet linguista serioa eta interesgarria emaiten du bainan guk dazkigun detalle horietaz guzietaz jakinean ote zegon ? Idatzi duen Barataria liburua egiazko biografia da ? edo dibertitzeko eleberri bat ?
    Joseba ez dut ezer gaskoien kontra eta areago gutiago abizena gaskoia duten euskaldunen kontra.
    Begira ene bigarren abizena gaskoia da : « Brana ».alegia duela 4 belaunaldi Bartdotzetik Uztaritzera ezkontzera jindako gaskoi edo xarnegu baten abizena.
    Duela 3mende izan balitz etxearen izena hartuko zuen hau da Curutcheta ehundaka aldiz gure herrian gertatu zatekeen bezala.
    Justu gustatzen ez zaidana gaskoiei haien lurrak, hiriak edo pertsonaiak ebatsi nahi izaitea gureak defendatzen lortzenez ditugularik.
    Gaizo gaskoiak! gu baino kinka txarragoan dira ( posible bada). Hobe ginituzke errespetatzea eta horrela gure aliatuak bihurtzea.
    .Bukaeran, egia erraiteko kasu zehatz honetan ezdakit ehuneko ehu nork duen arrazoi eta ezdakit egia jakinen dugun ere edo xerkatze denbora pasatzea merezi duen ere.
    Horrengatik onarzazu ene desenkusa tronpatuko nintzatekeen kasurako.
    Aldiz gaur edo bihar bi hitz erranen dizut ezagutu dutan Pierre Lafitti buruz zeinaren aldera zordun naizela gustatzen baitzait eni gogoratzea.

  • Benat Castorene 2020-04-20 16:19

    Joseba, kontent naiz zurekin Pierre edo Piarres Lafitti buruz hitz egitea.
    Uztaritzeko « semenario ttipia »deitzen ginuen Saint Francois Xavier Uztaritzeko ikasetxean gehien gogoratzen ditutan erakasleetarik bat da. Denbora eman dut ohartzeko dut asko zor niola Euskal Herriari daukadan atxikimenduari dagokionez. Ezdakit sobera nola zeren eta orduan ez baiginen euskaraz hitz egiten. Geroago hartaz eta bere ganik ikasi nuenaren gatik seguraz ere .
    Alta sortzearen zirkontantziek, bere bizitza intelektualaren lehen urteek berek, ez zuten baitezpada preparatu ezagutzen dugun euskaltzalea izaitera.
    1901an Luhuson sortu zen. Zorigaitzez burasoak 7 urtetan galdu zituen. Aita biarnotar ofizioz mugazaina zuen eta ama Itorrotz Garaibikoa. Amaren etxe hartan bertan ere ez naiz batere segur euskaraz asko mintzatzen zenik. Azkenean Uztaritzen handitu zen izeba baten ondoan. Euskara ikasi zuen hogoi urte aise pasaturik hierarkia katolikoak, Saint Jean apezpikua barne, larderiaz galdeginik.
    Beste batez ere, ikasetxeko hierarkiak boluntario izendatu zuen hezkuntza sexualaren saila matxan emaiteko. Ez baita beharra bezalakorik, berrogei 14 urteko ikasle harrituren aurrean biraka eta biraka hasi zitzaukun Arkeko Santa Joanaren bizitzatik…
    Horretaz gain, euskal zain izan zen, gramatika bat bikaina egin zuen eta parte handi bat hartu Lhanderen hiztegi famatuan. Biak erabiltzen ditut plazer haundirekin.
    Jende guti mintzatu da PL bezain ongi eta sakon, euskararen genio herrikoi eta berezia sakonaren sakonenean sentitu zuen eta erabiltzen zuen bere idatzietan eta batez ere kondatzea maite zituen istorioetan.
    Beraz jakinean naiz, abizen gaskoiaren, famila jatorri erdi gaskoiaren eta hasierako baldintzapen ideologikoaren gatik , horien guziengatik ere izan gaitezkeela euskaldun euskaltzale bikaina.
    Aldiz egia bururaino erraiteko, anitzek erran dute euskaltzaletasun horretaz harat ez zela joan nahi izan edo joan ahal izan. Beste etsenpluak badira horrela, ekarpen haundiak Herriari egin bainan abertzaletu ez. Nago Jose Ma Arizmendiarrieta ez izan liteke beharbada beste bat. Beharbada beti erraiten dut horrelako kasuetan zeren eta oso neke baita jakitea zer duen gizakiak, guhaurretik has, bihotzaren sakonenean.
    Joseba, enegatik bederen, zure talentuarekin holako baten biografiari behar zinuke lotu zuzeularien onurako. Piarres Lafitte edo Arizmendiarrieta. Materiala eta lekukotasunak ere badaude eskuragarri oraindik. Ezdakigu noiz artio.
    Adeitasunez

  • Iñaki Lopez de Luzuriaga 2020-04-28 22:54

    Mila esker Joseba gure historiako atal galdu hau berreskuratzearren! Erreferentziatarako baliatuko dut (noizbait ere) artikulu hau Wikipediarako oker ez baderitzozu. Agur bero bat

  • joseba aurkenerena 2020-04-29 22:48

    Aupa Iñaki, poztasun handiz hartu dut zure gutuna. Erabil ezazu artikulua nahi duzun tokian eta nahi duzun moduan. Osasun on.