Luis Mari Mujika eta Urruñako toponimia tipia

Luis Mari Mujika eta Urruñako toponimia tipia –

2005ean, eta Luis Haranburu-Altunak zuzendutako Hiria argitaletxearen bitartez, Luis Mari Mujika euskaltzale eta idazle ospetsuak “Ipar Euskal Herriko Toponimia Tipia” izeneko liburua plazaratu zuen, eta aipatu liburuan, Hauze, Gotaine-Irabarne, Domintxine, Donaixti-Ibarre, Arrueta-Sarrikota eta Heletako toki-izenak edo toponimoak aztertu zituen. Bi urte berantago, hau da, 2007an, liburu horren bigarren alea plazaratu zuen, non Ezpeleta, Sara eta Urruñako toponimoak zituen aztertu. Ni orain, jarraian, bigarren liburu horretan, Urruñako toponimia tipiari buruz idatzi zuena ekarriko dut gogora, zenbait aipamen eta gogoeta eginez.

Luis Mari Mujika eta Urruñako toponimia tipia

1.- Luis Mari Mujikaren nondik norakoak

Luis Mari Mujika Urdangarin Gipuzkoako Lizartza herrian sortu zen 1939ko urriaren 10ean. Teologia ikasketak egin zituen Erroman eta Filosofia eta Letrak Valentziako unibertsitatean. Gazte-gaztetik euskalgintzari lotua, garaiko aldizkarietan: Zeruko Argia, Euzko Gogoa, Olerti, Jakin, Egan, Arnas…  eta horrelakoetan kolaboratu zuen maiz, artikuluak, gutunak, narrazioak eta ikerlanak bidaliz.  Euskal Filologian doktore eta katedradun izan zen eta lanbidez, luzaz irakasle, zenbait ikastetxetan hasieran, eta gero, Euskal Herriko Unibertsitatean. Nik filosofia irakasle ukan nuen Donostiako Mundaiz ikastetxean, eta orduz geroztik, bere artikulu eta publikazioen zale egin nintzen.

1992an, Azkue saria irabazi zuen Loitzu herrian uda partean eleberri ederrarekin. Dena den, erran behar dugu Luis Mari Mujika oso idazle emankorra izan zela eta berrogei bat liburu plazaratu zituela, narrazioak, eleberriak, saiakerak, euskarari buruzko ikerlanak, olerki liburuak, bidaia liburuak, hiztegiak…, eta abar. Gure literatura ere askotan aztertu zuen: Xabier Lizardiren lirika-bideak, Jon Miranderen olerkiak, euskal lirika tradizionala… eta abar. Euskal toponimia aztertzen artikulu, biltze-lan, saiakera eta liburu franko plazaratu zituen. Arabako toponimia, Bizkaikoa, Iparraldekoa, Nafarroakoa… eta batez ere, Gipuzkoakoa zehatz-mehatz bildu eta aztertu zituen. Lan isila baina aparta Luis Mari Mujikak egin zuena eta altxor ederra, euskaldunoi, herentzia gisa, utzi diguna. Berari gure esker ona.

2.- Urruñako toponimia tipia

Arestian, erran bezala, Ipar Euskal Herriari eskainitako toponimia liburuetan, bigarrenean, zehazkiago erranik, Urruñako toponimia aztertu eta sailkatu zuen 226 orrialdeko ikerlan sakon batez. Ikerlana zenbait ataletan banatu zuen: sarrera, fonetika, morfologia, toponimoen sailkapena, toponimoen zerrenda luzea, toponimia berezia, oharrak eta bibliografia. Zerrenda horretan toponimoak banan-banan alfabetikoki antolatu zituen, eta gainera, toponimo guztien kokapen geografikoa zehaztu zuen.

Luis Mari Mujikak, liburuaren sarreran aitortzen duenez, horrelako sailkapenak eta zerrendak antolatzeko orduan, arazo ortografikoak izaten dira traba handia, askotan toponimo horiek oso desitxuratuak baitaude frantses (edota gaskoi) ortografiara eta fonetikara eramanak. Osora, Urruñako 2500 leku-izen (etxe, borda, erreka, soro, pentze, bide…) aurkezten dizkigu aipatu liburuan; eta horretaz gain, toponimo horiek zenbait zerrenda berezitan banatzen ditu, haien osaera eta erranahia erraztu nahian. Honako sailkapena egiten du: Orografia eta lurraren deskribapena, Toki-zehaztapenak, Zuhaitzak, zuhaixkak eta landareak, Hidronimia, Ziklo kulturalak, Laborari kultura, Industria, Erlijioari atxikitako onomastika, Koloredun toki-izenak, Lanbideak, Toponimo bereziak… eta abar. Den-denak biziki interesgarriak eta kontuan hartzekoak. Denak ezin aipatu artikulu honetan, eta horregatik lauzpabost zerrenda ekarriko ditut lerro hauetara.

3.- Toponimo-zerrenda batzuen aipamena

* Zuhaitzak, zuhaixkak eta landareak.

Haritza aipatzen dutenak:  Haritxa erreka, Haritz Xiloa, (H)ariztikolanda, Haitzak (Haritzak), Kanpoko Haitzak, Bordako Haitzak, Bideko Haitzak, Komuna Haitzak, Larraineko Haitzak…

Ametza aipatzen dutenak: Amezti, Ameztia, Ametza, Ameztiko Landa, Bordakoamezteia…

Lizarra: Etxeberri-Lizarreta, Lizardi, Lizarreta, Lizarraga, Lizaldebehereko Soroa, Lezarraga, Lezardigarai, Lizarritz…

Pagoa: Fagondobaita, Pagadikoerrota, Fagoa, Pagadikoondo, Pagadietxeberrikotartia…

Gorostia: Arregorospe..

Haltza: Haltzabaita, Haltzandia…

Gaztaina: Bordako Gaztaina, Gaztainetako Pareta, Gaztaina Gibelekoa, Gaztaindegia…

Sagarra: Sagardoia, Sagardiberria, Sagardixume, Sagardia, Sagardizaharra…

Iratzea: Iratzelekua, Iratzelekuia, Iratzhandiko Landa…

Otea: Otadia, Othaburu, Othatzeberri, Othetokia, Otia Sarrategia, Otabala, Othatzeberri…

Xara: Aminianekoxara, Etxegibelekoxara, Etxangoxarazpia, Xaraxumia…

Ilarra: Ilharregibaita, Ilharretakoborda…

Isatsa, jatsa: Jatzubaita, Jatsu Baita…

Zurxuria: Xurxuri…

 

* Animaliak.

Mandoa: Mandale (Mando magale)

Behorra: Behobia (Behor ibia edo pausua)

Ordotsa: Ordotxenia.

Ardia: Ardiabordako, Ardiabordagainekoa…

Akerra: Akarreta-Baita.

Otsoa: Otxoenia, Oxabiaga, Oxabiakoborda…

Orkatza: Orkatza-Baita

Azeria: Axaharia, Axeria…

Papogorria edo txantxangorria: Papo Gorria

Usoa: Usotegia.

 

* Koloreak.

Gorria: Bizargorrinea, Arragorrienea, Bizargorri, Buztingorri, Mukugorri, Perugorrienborda, Malagorri…

Beltza: Beltxa-Baita, Eltxakoenekolanda, Oihanbeltxo, Urbelzarra…

Xuria: Bordaxuri, Domingoxurienea, Mentxuri, Xurxuri, Larrexuria…

Berdea: Etxe Ferdea…

Urdina: Urdina-Baita…

Urre kolorea: Ahuntz Urrea…

 

* Toponimo luze-luzeak.

Oihangaraiko Komuna, Marimarkuebaitako Ondoa, Oihanburuko Sagardia Atzia, Pagadiko Errotakobordaxipia, Urazbestealderakolurra, Bordaberriserrategiahandikoazpia, Xarlbarbaitainzinekolanda, Jatxubaitako Aldeko Landa, Antziolako Gibelakobizkarra, Fagadikoetxeberrikoazpia, Exailkobordakosarrategiagainekoa, Exailkobordakosarrategiagibela…

Luis Mari Mujika eta Urruñako toponimia tipia

4.- Ene iritziko kontuak

Luis Mari Mujikaren ikerlan zabala irakurri ondoren, zenbait aipamen eta zehazkizun berezi etorri zaizkit burura. Horra hor:

Sublet-Baita etxea aipatzen du, eta gaskoi itxura hartzen dio. Ene ustez, Sublet-Baita Soubelet-Baita izenaren kontrakzio edo laburpena da. Eta ez da, inolaz ere, kaskoina. Bada zuhaixka bat ZUBEL izena duena, eta hortik datoz Zubeldia, Zubeleta, Zubelbide eta horrelako toki-izenak. Soubelet garbi dago Zubeletaren frantses moldapena dela.

Le Croix de Bouquets. Ez da inoiz bertako toponimoa izan. Napoleonen gerletan, militar arrotzek beraien mapa eta kartetan asmatutako frantseskeria baizik. Egiazko toponimoa Teilatu-Baita dugu, eta gorago Teilatu-Baita Gaina. Irundarrek eta hendaiarrek Teilatueta erraten diote.

– Urruña. Herriaren izena urrun hitzarekin lotzen du. Ene ustez, irakurketa hau okerra da. Toponimo zaharra Urrunaga da, hau da Urrun + -aga. Urrun euskal toponimian hurritza edo hurrondoa dagoela adierazteko erabiltzen da; eta –aga atzizkiak horrelako bat dagoela erraten digu. Berez, bere erranahia, ene idurikoz, hurritzaren tokia litzateke. Araban, bada, Urrunaga izeneko herria.

– Hendaia. Jakina da Lapurdiko kostaldean arrantzaleek pala moduko bati hendaia erraten diotela, eta Luis Mari Mujikak aipatzen duenez, hortik etor daiteke herriaren izena. Bada, legenda bat horrelako zerbait kontatzen duena. Baina, ene idurikoz, irakurketa hori okerra da. Hendaia hitza endara + ibia osagaiez egina da. Eta lintzura arteko ibia edo pausua erran nahiko luke. Inguruetan badira horrelako toponimoak: Endara baserria eta Endarako Iturria Lezon, Endarlatsa (Irundik Berara doan bidean)…, eta abar.

– Zuaitxipi (Zuhigaraitxipi) Urruñako etxe zaharrenetako baten izena da. Batzuetan, frantses ortografiara emana, S-z idazten dute. Etxe horretakoak ziren Zuhigaraitxipi hendaiar pirata famatuaren arbasoak eta hortik zetorkion abizen edo deitura. Luis Mari Mujikak dio jatorrizko izena Zubigarai izan daitekeela. Ene ustez, ez da horrela. Hor bada, Zuhi- hitza euskal toponimian ezkurra ematen duten zuhaitzen tokia adierazteko erabiltzen dena. Inguruetan toponimo ugari daude: Zuhizahar, Zuhiberri, Zuhitxipi, Zuhi-bidexka…  Beste zenbait eskualdetan zuhi- azaldu beharrean, zihi- aldaera agertzen da: Ziga, Zia, Zihiga… eta abar.

– Sokorri. Garbi dago izen hau ez dela Sokorriko Ama Birjinaren baseliza dagoen muino edo mendixkaren izena, gaur honela erraten bazaio ere. Egia errateko, ez da jatorrizko toponimoaren berri inon idatzirik agertzen, eta zaharren buruan aspaldi ezabatua da. Baina inguruetako toponimoak aztertuta, batez ere, zuhi- osagaiarekin loturikoak, nik erranen nuke mendixka horren izen zaharra Zuhigarai zela, hau da, haritzez eta ametzez beteriko garaia edo mendittoa.

Hauek dira, Luis Mari Mujika idazle oparoaren liburua irakurtzean gogora etorri zaizkidan iritzi eta gogoetak. Beude hor! Ene esker ona Lizartzako seme prestuari!

Luis Mari Mujika eta Urruñako toponimia tipia  Luis Mari Mujika eta Urruñako toponimia tipia  Luis Mari Mujika eta Urruñako toponimia tipia  Luis Mari Mujika eta Urruñako toponimia tipia  Luis Mari Mujika eta Urruñako toponimia tipia  Luis Mari Mujika eta Urruñako toponimia tipia

Euskaltzalea eta irakasle-ohia

7 pentsamendu “Luis Mari Mujika eta Urruñako toponimia tipia”-ri buruz

  • Nikolas Goñi 2024-11-07 20:58

    Oso interesgarria, milesker Joseba hori dena ekarririk.
    Ohar pare bat:
    – Urazbestealderakolurra, hain zuzen Urruñaren etimologia omen dela entzun nuen aspaldi (baina ez naiz oroitzen nun). “Urrua” hitzak errekaz bertzaldeko lurra erran nahi omen du (nahiz eta hiztegian holakorik ez dudan aurkitu), eta Urruña Urdazuritik Bidasoara zabaltzen zeneko garaian (Ziburu Biriatu eta Hendaia banatu baino lehen), Donibanetik edo Irundik ikusia “urruan” zen, definizio honen arabera. Baina errekaz bertzaldeko bertze halako hainbat toki daude eta halako izenik ez da maiz agertzen. Gero duela hilabete guti ikusi nuen zure proposamena Urrunaga erroaren inguruan, egokiagoa iduritzen zait.
    – Soubelet izenari dagokionez zurekin bat nator. Lizeoan nintzenean, hain zuzen euskara irakaslea Xabier Soubelet nuen, eta ikasleen artean baziren Zubeldia bat eta Zubeltzu bat. Erakasleak erran zigun hiru abizen horiek zu(r)beltz hitzetik datozela, hau da, artea (Quercus ilex)
    – Endara ibia: parean duen Hondarribiak ere badu ibia, Behobiaz gain. Ibia behe Bidasoko ezaugarria dirudi.

  • Joseba Aurkenerena 2024-11-08 14:41

    Aupa Nikolas, plazer handia izan da zure gutuna irakurtzea. Nik ere entzuna eta irakurria dut URRU hitzaz erran duzuna, eta gainera, hortik datorrela URRUN hitza ere. Bitxia da baina URrun, URruti eta hURbil erraiten ditugu, eta iduriz UR osagaia dago hitz horien erroetan. Baliteke! Urbil toponimoa ere bada, hau da, ur biltzen den tokia. Antzeko toponimoak ere badira: sasiBIl, mendiBIL, arranBIL…
    Euskara altxorra da, horrelako misterioak bere baitan atxikitzen dituena.
    Izan ongi, Nikolas, eta segi pixkor!

  • Mikel Haranburu 2024-11-08 19:58

    Ez naiz, nik uste, ezer ere argitzera iristsiko, bai agian gauzak pixka bat nahastuko…
    Aipamen batzuk besterik ez. Marcelino Gardek olerkia idatzi zuen Erronkarieraz, eta bertan unrustoia aipatzen du, hurritza. Urrun eta unru ber gauza izan litezkeela dirudi…
    Bestalde, UR aipatzen duzularik…, susmoa dut Ur beharko zukeela, erran nahi baitut bigarren hizkia “ere” dela -izan zitekeela- eta ez “erre”. Filologoek jakin bezate non, noiz eta nola ur urr bilakatu zen…
    Lur, elur, beldur, aitzur, agur, egur, iruzur… gehien gehienek -urra ematen dute mugatzailea gehitzean: lurra, elurra, agurra, egurra eta abar. Salbu eta ur eta zur, ura eta zura baitira. Deklinabide osoa du urak “likidoa”. Dudarik gabe, bada adibide gehiago alde batera zein bestera.
    Gainera, uraren izena hainbat tokitan (Sakana…) ‘udxe’ izan ohi da… Ultzamaren izen zaharra Uxama zen. Wikipedian irakur daiteke izen horren inguruan; nahiz eta Mitxelenak beste jatorri bat bilatu zion… Urbasa badugu, baina Urederra ere bai, Ureta, Urantzia (!), Urepel, eta beste hamaika, beti ‘ere’ agertzen dutenak, eta ez ‘erre’. Urbasa erta Ibaxa (Erronkariren deitura) ez ote gauza bera, uralde edo ugalde esateko ibai eta ibar erabiltzen baititugu?
    Horrenbestez, nik uste uraren ‘r’ hori ere dela, eta ez ‘erre’, eta erre agertzen denean, nekez du zerikusirik urarekin (Urrobi, ibaiaren izena izanik ere; Urritza, Urrizelki, Urrotz, Urruña. Kontrara, Urotz, Uritz…)
    Halaber, aipagarria da Iruñeko ibaiaren izen zaharra Runa izan zela, Jimeno Juriok aurkitu zuenez. Ezin jakin, interpretazioak interpretazio, Iruñarekin lotura duen, ala balizko Urruna deitura batekin…
    Beharbada hauek nire burutapen hutsak dira… jakintsuek argituko ahal dituzte!

  • Joseba Aurkenerena 2024-11-08 20:58

    Biziki gogoeta interesgarriak plazaratu dituzunak, Mikel, zer pentsa ematen dutenak. Erronkarierazko unrustoia aipatu duzunean, niri Zuberoako Ürrüstoia herria etorri zait gogora, hurritzaren tokia, ezta? Ziur aski toponimo bera.

  • Mikel Haranburu 2024-11-08 21:10

    Hala dirudi, bai.
    Honakoa ahaztu zait lehen: Uharte, Iruñe inguruko jendeak sarri askotan Ugarte ahoskatzen duena. Erre bigunak eman dezake hori, ez indartsuak, ziurrenik. Uhalde / Ugalde bikotea berdin.

  • Atseginez irakurri dut saio laburra. Eta, Joseba, 4. puntuan egiten dituzun zehaztasunak oso ongi enfokatuta daudela deritzot.

    Izan ere, toponimian edo beste arlo batzuetan planteatzen diren etimologiak askotan irudikeriak besterik ez dira, zerbaiten antza topatzen zaielako –”sonsonetekoak” Mitxelenak esan ohi zuenez–, edo istorio bitxiekin erlazionatzen direlako. L. M. Mujikaren merituak aitortu behar dira, baina zuzenketak ere egin behar kasu askotan.

    Zerbait komentatzearren, diozu ezen “Urbil toponimoa ere bada, ur biltzen den tokia. Antzeko toponimoak ere badira: sasiBIL, mendiBIL, arranBIL…”. Bada, BIL horrek itxura guztia du ‘alde’ edo ‘inguru’ dela; hala nola -IRI, -ALDE bikotean: arrastIRI = arratsALDE, ZubIRI = ZubiALDE, edo -TI (Azkoiti, Azpeti…) eta abar. Eta hori horrela bada, UrBIL toponimoa UrALDEren parekoa izango litzateke.

    Ene jaioterrian, Bizkaiko Lezaman, honako batzuk aipa ditzaket: Basabilbaso baserria (“Basilbaso” ahoskatua), hots, basa BIL osaera + baso berriz, edo Basabilbasoalde, Basabilbeitia, Basabiloltza… Alegia, Baso-ALDE zentzukoak.

    Mikelek aipatzen duen Ultzama edo Uxama izenaren ingurumarietan ez naiz sartuko, asko luzatzeko beldurrez.

  • Joseba Aurkenerena 2024-11-14 18:43

    Mila esker Joseba, zure gutunean egin dituzun gogoeta eta iradokizunengatik, biziki interesgarriak eta zer pentsa ematen dutenak.
    Hemen Lapurdin, zazpiak aldean erraiteko, zazpiak irian, entzuten da; beraz, hortxe ikusten da zuk aipatzen duzun iri/alde parekotasuna.

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude