Luis II – Azken Ezkutu Laurden Sobiranoak
Luis II – Azken Ezkutu Laurden Sobiranoak –
Garaialdia: Luis II. Nafarroako erregea, Luis XIII. Frantziako erregea
Mota: Zilarrezko Ezkutu Laurdena
Urtea: 1620
Txanpon-etxea: Donapaleuko txanponetxea
Ertza: Irregularra
Metala: Zilarra, 917 milesima edo 11 dirutako zilegitasuna
Diametroa: 29 mm
Pisua: Ale honek 9,43 gr
Kopurua: Ezezaguna 1620 urtean, 1619. urtean 50.707 ale landu ziren
Txanpongintza: Mailu bidez
Txanponetxeburua: Jean Pierre Massalin (1612-1621)
Grabatzailea: Ezezaguna
Aurrealdea:
Aurrealdeko Hitzak: LVDOVICVS.XIII.D.G.FRANC.ET.NAVAR.REX
Aurrealdeko Deskribapena: Lirio loreez bukatutako gurutze grekoa. Gurutzearen erdialdean bost punttuz osatutako irudia. Gurutzearen inguruan textuirudia.
Aurrealdeko Hitzulpena: Luis XIII-garrena, jainkoaren graziari esker Frantziako eta Nafarroako errege
Atzealdea:
Atzealdeko Hitzak: GRATIA.DEI.SVM.ID.Q.SVM.1620M
Atzealdeko Deskribapena: Frantziako eta Nafarroako armarri erdibitua koroa bakar baten azpian. Koroaren gainean lau punttu ageri dira. Armarriaren bi aldeetan II zenbaki erromatar bana. Honek, txanpona zilarrezko ezkutu laurdena zela adierazten zuen. Txanpon lanketaren urtea 1620. M izkia txanponetxeburuaren, hau da Jean Pierre Massalin-en ezaugarria.
Atzealdeko Hitzulpena: GRATIA DEI SVM ID QVOD SVM. Jainkoaren graziari esker naizena naiz. Henrike II Labritekoak ezarritako Nafarroako txanpongintzaren iruditextua.
…
Sarrera honen hasieran aurkezten den txanponak sentimendu gazigozoak ekartzen dizkit. Alde batetik erabat maiteak ditut Donapaleuko txanponak. Donapaleuko herri txikiak, mende eskax baten igaroan (1579-1672) horrenbeste zilarrezko txanpon eder landu izanak erabat gogoangarria iruditzen zait.
Ez da sarrera honetako ezkutu laurdena Donapaleun landu zen ederrena, galantena edo liluragarriena, ziur aski kalitate ertaineko mailan sailkatu beharko genuke. Ez dira hala ere 1620. urteko Donapaleuko ezkutu laurdenak, eskura erortzen diren txanpon errezenak.
Donapaleu herri txikia da gaur egunean, ez da bi mila biztanleetara iristen. Hare txikiagoa zen XVI. eta XVII. mendeetan zehar, ziur aski 500 bat biztanleren inguruan ibiliko zen. Henrike II.ak Donapaleun bildu zituen lehenengoz, 1523.ko abuztuaren 23an, bere menpean gelditzen zitzaizkion Nafarroako erresumaren estatu orokorrak eta bertan izan zuen egoitza 1524. urtetik aurrera Nafarroako Kantzilertzak (epaitegi gorenak). Orrenbestez, Nafarroako erresuma sobiranoaren azken hiriburua izan zela esan dezakegu.
Henrike II. Zangotzarrak, Donapaleun kokatu zuen Nafarroako erresumaren txanponetxea 1527. urtean, baina bai Henrike berak (1517-1555) edo Joana (1555-1572) bere alabak ez zuten txanponik landu Donapaleun (ez dugu behintzat inongo Donapaleuko txanpongintzaren aztarnarik urte hauetan). Henrike III. (1572-1610), haien oionordekoa izan zen txanponetxea berrireki zuena 1579. urtean. Eta berrireki esan dugu, Donapaleuk dagoeneko txanponetxea izan bait zuen Karlos II (1349-1387) Nafarroako erregearen agintealdian…
monakotik.com/Luis II-Azken Ezkutu Laurden Sobiranoak | Euskal Txanpongintzaren Historia