Luhusoko Kabalkada, umore handiko tobera

Luhusoko Kabalkada, umore handiko tobera –

Aurtengo eguraldia bihurri samarra dugu, bero sapak eta euri erauntsiak noiznahi eta nonahi. Ezkur urtea ere bada, eta orain arte, bederen, “Ezkur urte, elur urte” izan da gure artean, baina aroa erotu zaigunez, jakitera zer etorriko zaigun aurtengo neguan. Udazkeneko ateetan gaude eta egun batetik besterako eguraldia ezin igarri gabiltza. Hau marka!

Eguraldi nahasi honek bere gora-beherak eragin ditu urte honetako kultur ekitaldi eta ikusgarri guztietan, batez ere, agerian, aterperik gabe, egiten diren horietan.

Aurtengo kabalkadak ditugu horren adibiderik onena, datak eguraldiari begira dantzan ibili baitira. Luhusokoa izan dugu azkena, agorrilaren 26an, larunbatarekin, jokatu zuten lehen emanaldia, umore onez baina euri azpian. Arizaleek zein  plaza bete zuen publikoak merezimendu handia erakutsi zuten, kabalkada azken muturreraino jokatu baitzuten.

Bigarren emanaldia irailaren 2an, larunbatarekin, jokatzekoa zuten, baina eguraldi-adituek iragartzen zituzten euri erauntsi handien beldur, igande goizera gibelatu behar izan zuten. Beharrik, zeren eta larunbatean, iragarria zuten bezala, zerua betetzen zuten hodei beltzek euria trumilka jaurti baitzuten gure lurraldeetan!

Irailaren 3rako, hau da, iganderako, euririk gabeko eguna iragarri zuten, eta horren esperantzaz, jendea Luhusuko plazara hurbildu zen aurtengo azken kabalkadaz gozatzeko asmoz. 10,30etarako plazako harmailak jendez mukuru ziren eta 11etan, ttanko, kabalkadako arizaleak: zaldizkoak, makilariak, zapurrak, dantzariak, andere xuriak, bolantak, antzerkilariak, kantariak, musikariak, bertsolariak, zirtzilak…, ohiko musikaren doinuaz sartzen hasi ziren.

Hiru oreneko ikusgarri ederra eskaini zuten, dantzak, kantuak eta antzerki saioak nahasiz eta tartekatuz, tobera guztietan ohikoa den bezala. Luhusoarrek ederki erakutsi zuten aipatu arlo guztietan trebe zirela: izugarri dantzari onak, kantu eta ahots ederrak, zirtzilen joko bikaina, antzerki irringarri eta umoretsua… Erran beharra dago antzerki saioak izugarri onak izan zirela, publikoarengan etengabeko irri karkailak sortu zituztenak. Gero gerokoak, mutxikoak, taloak, lagun arteko solasak, Kontrabanda taldearen kontzertua… Egun ederra, zinez, Luhusora hurbildu ginen guztiok pasatzeko aukera izan genuena. Milesker luhusoarrei, biba zuek!

Luhusoko Kabalkada, umore handiko tobera
Arizaleak plazara sartzean.

Buka dezadan kronika labur moduko hau toberaren bukaeran abestu zuten “Lur goxo” izeneko kantu ederra lerro hauetara ekarriz, luhusoarren izaera eta filosofia berezia izugarri ongi laburbiltzen dituelakoan. Xermin Camblong-ek idatzia da eta Sebastian Othaburuk musikatua. Horratx:

Lur goxo

Garaian Garrok zatituriko lurrak bilakatu ziren lur oso,

batzutan izan omen ziren lur gazi eta besteetan lur goxo,

Baigura zoin Ursuia mendi-tontorrak hodeien artetik ditu so,

bi kasko horien gerizapean loratu baita Luhuso.

Herriak bide luzea egin du sortu zenetik hunat,

eraldatuz ta onduz mende luzetan barrena

eta gaurko egunean  gure eskuen artean dugu

Luhusoko herria gerora izan litaikena.

Errobi errekaren adarretatik edanaz urteetan barna,

tokiko hiru eiherer luzaz ura joritasunez eramana,

kaolinaren harri ekoizpenetik izan du sekulako fama,

batzuen urre xuria bilakatu artio besteen drama.

Herriak bide luzea egin du sortu zenetik hunat,

eraldatuz ta onduz mende luzetan barrena

eta gaurko egunean  gure eskuen artean dugu

Luhusoko herria gerora izan litaikena.

Zoin izan beharko litaizke gaurkoan herriko kezka nagusiak?

Zoin orainaldira ekarriak eta zoin atzokoari utziak?

Hondarraldian hunkitu gaituenez, ama-mintzairaren auziak

euskarak bihar berriz bete bita herriko bazter guziak!

Herriak bide luzea egin du sortu zenetik hunat,

eraldatuz ta onduz mende luzetan barrena

eta gaurko egunean  gure eskuen artean dugu

Luhusoko herria gerora izan litaikena.

Andere Xuriak eta bolantak.
Luhusoko Kabalkada, umore handiko tobera
Andere Xuriak zaldi gainean.
Dantzariak eta bolantak.

Luhusoko Kabalkada, umore handiko tobera

Euskaltzalea eta irakasle-ohia

Zer duzu buruan “Luhusoko Kabalkada, umore handiko tobera”-ri buruz