Lucía

Lucía –

Lucía

Dokumentalak, bideoklipak eta animazio film laburrak landu izan ditu Niles Attalah zuzendari txiletarrak eta, aurtengoan, bere fikziozko lehen lan luzea ekarri du Donostiara: Lucía. Zinema Eraikitzen 16 (Donostia) eta 17 (Toulouse) programen laguntza izan du lanaren postprodukzioa akitzeko.

2006. urtean kokatu du istorioa, Pinochet diktadorearen heriotzatik eguberrietaraino doan denbora tartean, eta Lucía izeneko emakume txiletarra du protagonista. Zuzendariak aitarekin bizi den jostun gazte honen egunerokotasunaren lekuko bilakatzen du ikuslea eta, hala, diktadura militarraren ostean beren bizitza berreskuratzeko ahalegina egiten ari den belaunaldiaren argazki bat erakutsi digu.

Attalah-k solasaldian argitu zuenez, baliabide urritasuna izan da elkarrizketa gutxi eta plano finko asko dituen pelikula honen egitura zehaztu duena: “Ideia nagusia baliabide eskasekin zerikusia zuen filma egitea zen, barne-barneko giroa lortu nahi baikenuen”.

Lucíaren papera betetzen duen antzezle Gabriela Aguilerak bere pertsonaia izan zuen hizpide: “Barneko lan handia egin nuen pertsonaia prestatzen, lan intimo eta delikatua”, baina, aldi berean, filmaketa dibertigarria izan zela aipatu zuen, kaleak ez zirelako filmatzeko mozten eta pasatzen zen jende asko ez zelako konturatu ere egiten zertan ari ziren. Kalean, etxean eta ehun fabrikan denbora asko ematen zuten kamerek, eta, azkenean ahaztu egiten zitzaien aktoreei han zeudela.

Kaleko jendeaz aritu zitzaigun Francisco Albornoz ekoizlea ere: “Izugarriena zera da, filma ikustean antzezlearen eta fabrikako langilearen arteko aldea ez duzula sumatzen”. Hala ere, plano finkoak iruditzen zaizkio ekoizleari pelikulan liluragarrien: “Kamera finkoekin argazkiak hartu ziren; muntaia egin eta emaitza ikusi genuenean, magia zirudien: pelikula bat zela konturatu ginen”.

Irudia | Lucía | Niles Attalah | LGPL
Lucía

kazetaria-edo