Louis Floutier eta Xabier Soubelet, euskal paisaiaren bi ikuspegi
Louis Floutier eta Xabier Soubelet –
Olentzerok jarri zuen nire eskuetan Xubiltz eta Arteaz argitaletxeek, elkarrekin, 2024ko abenduaren hasieran, plazaratu zuten liburu miresgarri bat, “Luis Floutier, Xabier Soubelet. Evolution du paysage basque. Bi ikuspegi” izen luze esanguratsua duena. Harribitxi ederra, Euskal Herrian barna, zabalkunde handia mereziko lukeena.
Liburuaren sarreran aipatzen dutenez, liburu honen xedea Donibane Lohizuneko bi margolari paisajisten estiloak alderatzea da. Biak euskal paisaiak margotu dituzte, baina bi garai eta bi estilo ezberdinetan. Lehena, Louis Floutier (1882-1936) Okzitaniako Tolosan sortua baina 1919tik goiti Donibane Lohizunen bizi izan zena. Bi gerla handien arteko garaian euskal paisaiaz, modu figuratiboan, famatuak izan ziren margolanak egin zituen. Bigarrena, Xabier Soubelet, 1953an Ziburun sortua, baina bizitza Donibane Lohizunen egin duena. Hau ere, paisajista dugu, euskal paisaiak margotu eta zabaldu dituena. Soubeletek margolan inpresionistak egin zituen lehen urteetan, eta gerora espresionismora pasatu zen. Horretaz gain, euskal idazlea eta olerkaria dugu.
Liburu honetan, bi margolari donibandarren margolanen konparaketa eskaintzen digute. Proiektu honetarako, Xabier Soubeleti Louis Floutier-en berrogeita bost paisaia berrinterpretatzeko eskatu zioten, eta horietatik hogeita hamar hautatu dituzte liburu honen orrialdeetan, zenbait azalpen eta olerkirekin batera plazaratzeko.
Liburu magiko, koloretsua eta paisaia ederretan murgiltzeko gaitasun berezia duena. Hauek dira eskaintzen dizkiguten margolanak: Urruñako Larrea etxaldea (bi koadro), Azkaingo etxea, Ziburuko pilota-plaza, Baporea Ziburuko portura sartzen, Elorriaga etxea, Ziburu eta Muskoa, Zubi buruan den euskal etxea, Udaberria Saran, Euskal herri bat, Arrantzale bat Urdazuri ibaian, Laborariak lanean Larrun azpian, Baigorriko zubia, Biriatuko mendixkak, Udazkena euskal mendixketan, Belar-metak euskal etxalde baten aitzinean, Ziburuko etxea, Baigorriko Leizparze auzoa, Orzaizeko etxaldea, Donibane Lohizuneko arrada, Donibane Lohizuneko arrada Bordagainetik ikusita, Donibane Garaziko karrika, Ibarrungo etxaldea, Donibane Lohizuneko Joanot Haranederren jauregia, Donibane Lohizuneko Karrika Handia herriko plazatik ikusita, Leiho gorriko euskal etxaldea, Senpereko gaztelua, Ziburuko Herriko Etxea, Arrantzaleen etxea Hondarribian eta Donibane Lohizuneko portua.
Aipatu paisaiak elkarren ondoan aurkezten dizkigute liburuaren orrialdeetan, hau da, ezkerrean Louis Floutier-en margolana eta eskuinekoan, gai berberaz, Xabier Soubelet-ek egin duen interpretazioa. Eta bien artean, dagokien azalpena eta horretaz mintzo zaigun Xabier Soubeleten olerkia. Ikusi segidan, eta adibide gisa, Orzaizeko etxalde horretaz bi margolariek egin lanak.
Eta segidan, bi margolanen artean, Xabier Soubeletek, azalpen gisa, egindako olerki laburra: Adar gaztea zuhaitz zaharrean muskildu da. / Hosto berriak ditu agertzen. / Ederra alta azken udazkenean / orbelak zeuden hilak.
Liburu ederra, ikusteko, irakurtzeko eta begiz gozatzeko, zinez!
Horrelako lan konparatiboak gehiagotan ikusi beharko genituzke, paisaia berari buruzko garai eta estilo ezberdinak, hau da, gauzak interpretatzeko bide eta sentsibilitate ezberdinak ezagunagoak egin dakizkigun.
Buka dezadan, artikulu labur hau, Urruñako Larrea etxaldeaz egindako bi margolanen artean, Soubeletek euskal gorria edo rouge basque koloreaz olerkiz aditzera ematen digun azalpena lerro hauetara ekarriz:
Rouge basque dugu Lapurdiko etxeetan
dagerren kolore gorri bizia, ate eta leihoetan
ikus daitekeena, semaforo gorri baten antzera
etxearen aitzinean gelditzeko agindua
oihukatzen duena.
Atea baimenik gabe irekitzen balitz, lanjer
izugarri bat sor liteke, artistaren sentimentuak,
emozioak eta dardarak etxearen baitan bizirik
daude eta hemen, eneak dira, beste inorenak.
Abisatzen zaituztet, ez ezazue atea ideki, hori
dio rouge basque koloreak.