‘Los reyes del mundo’ Donostia Zinemaldiaren Urrezko Maskorra –
Laura Moraren Los reyes del mundo / The Kings of the World filmak -Kolonbiak eginiko koprodukzioa, Luxenburgo, Frantzia, Mexiko eta Norvegiarekin batera- eskuratu du Donostia Zinemaldiko 70. edizioko Urrezko Maskorra. Horretaz gainera, epaimahai ofizialak Genki Kawamura zinemagileari eman dio zuzendari onenaren Zilarrezko Maskorra Hyakka / A Hundred Flowers (Japonia) filmagatik, eta gidoi onenaren saria, berriz, Dong Yun Zhou eta Wang Chao egileentzat izan da, azken horrek Kong Xiu / A Woman (Txina) filmean eginiko lanagatik.
Carla Quílez eta Paul Kircher aktoreek eskuratu dute Interpretazio Nagusi Onenaren Zilarrezko Maskorra ex aequo, Pilar Palomeroren La Maternal (Espainia) eta Christophe Honoré zuzendariaren Le Lycéen / Winter Boy (Frantzia) filmengatik, hurrenez hurren. Bestalde, Renata Lermanek eskuratu du antzezle taldeko interpretaziorik onenaren saria, Diego Lermanen El suplente filmean eginiko lanagatik (Argentina-Espainia-Italia- Mexiko-Frantzia). Manuel AbramovichPornomelancolía obraren zuzendariak (Argentina-Frantzia-Brasil-Mexiko) eskuratu du argazki onenaren saria, film horretan eginiko lanagatik. Epaimahaiaren Sari Berezia, ostera, Marian Mathias hasiberriaren Runner filmak irabazi du (AEB-Alemania-Frantzia), “apustu narratiboaren anbizioagatik, originaltasunagatik eta lehenbiziko obra honetan sumatzen den indarragatik”.
Hirugarren urtez jarraian, emakume batek zuzenduriko film batek eskuratu du Sail Ofizialeko sari nagusia -aurretik izan zituen Beginning (Dea Kulumbegashvili, 2020) eta Crai nou / Blue Moon (Alina Grigore, 2021), hain justu-, eta Zinemaldiaren zazpi hamarkadatan lehenbizikoz irabazi du Urrezko Maskorra Kolonbiako produkzio batek. Laura Mora (Medellín, 1981) zuzendariaren bigarren film luzea da, zeinak Matar a Jesús (2017) lehenbiziko filmarekin Kutxabank-New Directors Saria eskuratu baitzuen aurretik.
Epaimahaiaren Sari Bereziak eta Zuzendari Onenaren Zilarrezko Maskorrak bi opera prima aitortu dituzte: Runner eta Hyakka / A Hundred Flowers, hurrenez hurren. Azken lan hori Genki Kawamurak zuzendu du, gaur egungo funtsezko hainbat animazio-film japoniarren ekoizleak.
Matías Mosteirín ekoizlea izan da sariok banatu dituen epaimahaiaren buru, eta epaimahaikide izan dira, orobat, Antoinette Boulat, Tea Lindeburg, Rosa Montero, Lemohang Jeremiah Mosese eta Hlynur Pálmason.
BESTE SARI OFIZIAL BATZUK
Fifi / Spare Keys (Frantzia) filmak -Jeanne Aslan eta Paul Saintillan ditu zuzendarikide- eskuratu du Kutxabank-New Directors Saria, eta, ildo horretan bertan, aipamen berezia eskuratu du Parth Saurabh zinemagilearen Pokhar ke dunu para / On Either Sides of The Pond (India) filmak. Valentina Maurel egilearen Tengo sueños eléctricos (Belgika-Frantzia-Costa Rica) lehenbiziko lanak eskuratu du Horizontes Saria, Locarnoko zinema-jaialdian zuzendari onenaren eta emakumezko zein gizonezko aktore onenen sariak irabazi ondotik. Bestalde, Hlynur Pálmason zinemagilearen Godland filmak (Danimarka-Islandia-Frantzia-Suedia) irabazi du Zabaltegi-Tabakalera Saria, zeinak Canneseko zinema-jaialdiko Un Certain Regard sailean parte hartu baitzuen.
Nest Saria, bestalde, Sofía Salinas eta Juan David Bohórquez egileen Montaña azul / Blue Mountain (Kolonbia) film laburrak eraman du, biak Kolonbiako Unibertsitate Zentraleko ikasleak, eta sail horretako aipamen berezia, ostera, HEAD-Genève ikastegiko Benjamin Goubet ikaslearen Anabase (Suitza) lanak irabazi du.
Horretaz gainera, Euskal Zinemaren Irizar Saria Suro (Espainia) lanarentzat izan da -Mikel Gurrearen lehenbiziko film luzea, Sail Ofizialean bildua-, eta aipamen berezia, berriz, María Elorzaren A los libros y a las mujeres canto / To Books and Women I Sing (Spainia) pelikularentzat, zeina New Directors sailean hautatu baita. Suro film luzeak ere Fipresci saria irabazi du.
Bestalde, Perlak Saileko ikusleek hautatzen duten Donostia Hiria Publikoaren Saria Santiago Mitreren Argentina, 1985 (Argentina, AEB) filmarentzat izan da, zeinak Fipresci Saria eskuratu baitzuen Veneziako Zinema Jaialdian. Europako Film Onenaren Publikoaren Saria, ostera, As bestas / The Beasts (Espainia) lanak eraman du, zeinarekin Rodrigo Sorogoyen zinemagileak Cannes Première sailean esku hartu baitzuen. Galaren ostean, Neil Jordan egilearen Marlowe filmaren munduko estreinaldiaren txanda etorri da. Zinemagilea Donostian izan da, Liam Neeson eta Diane Kruger antzezleekin batera.