Kritika Zinematografikoa: “LIVING”
Kritika Zinematografikoa: “LIVING” –
.
Zuzendaria: Oliver Hermanus
Urtea: 2022
Herrialdea: Erresuma Batua
-Bizitza eta heriotzaren arteko atea-
Remake-aren formulak biziki arriskutsuak izan litezke, are gehiago, aurretiazko pelikula aski ezaguna denean eta harekiko erabateko begirunez jokatzen denean, nolabait mimesi ariketa eratzeko helburu argia egonik. Leporatze potentzialak, hala, ugariak izan litezke: “ze arrisku gutxi hartu diren”, “horren gauza gutxi aldatuta justu hau ukitzea ere…”, “pertsonaia berdina bai, baina hasierako aktorea hobea zen…”, nolabait originala kopia baino hobea izango denaren aforismoari tiraka, putzu lehor samarra aurkitu ohi du remake mimetikoaren abentura arriskatuaren bide malkartsua hartzen duenak, eta denaren inguruan, galdera bat airean zintzilik: zertarako?
Bada, kasu honetan aurretiaz esandako ia guztia aplikagarria da, baina Oliver Hermanus-en Living honen inguruko matizazio batzuk egitea komenigarria litzateke. Veneziako Jaialdiaren sail ofizialean aurkeztuta, daukan xedea ez da nolanahikoa, Akira Kurosawaren Ikiru mitikoa ispiluaren aurrean jarri eta, eraldaketa espazial, dramatiko eta formal (bakan) batzuk aplikatuta, film zahar-berria eraikitzea. Berritasunaren alorretik iritsiko gara, hain zuzen ere, lehen desberdintasunera. Pelikula japoniar hura 1952koa da, eta azaltzen zuen gizartea garaikidea zen, nolabait Tokyoko errealitatea zen testuingurua heriotza eragingo dion gaixotasuna duen gizonaren istorio honetan. Living-en, aldiz, Erresuma Baturako saltoa egiteaz gainera, denboran ez da aldaketarik planteatzen, gerra ondorengo gizartea da. Eta aldaketa eza, kasu honetan aldaketa da. Izan ere, Kurosawak orainaren inguruko hausnarketa egin bazuen, Hermanus-en iragana du aztergai, perspektiba erabat desberdina dela esan genezake.
Edozein kasutan, bi pelikulen arteko parekidetasunen inguruan mintza gintezke: Williams jaunaren lan espazioa berdintsua da, oso garaiak diren paper multzoak inguruan dituela; estruktura bera ere berbera da kasik (gidoiaren idazketan Kazuo Ishiguro Literatura Nobel sariduna egon da, eta pelikula totemiko hau urratu nahi ez balu bezala, zuhurregi jokatu duenaren sentsazioa dago), onarpenaren eta doluaren faseak gainditzea, hedonismoaren eta frustrazioaren etapak besarkatuz, eta behin heriotza gauzatuta flashback bitartezko kontaketa. Halere, berdintasunen eta desberdintasunen joko honek ez dio justizia egiten Living honen analisiari, bere irakurketa era autonomoan egin ahal izatea ekiditen baitigu, eta zorionez, badirelako elementuak Hermanus-en pelikula honek aske hegan egin dezan ahalbidetzen dutenak.
Esaterako, Bill Nighy aktore beteranoaren lanean jartzen du filmak bere pisu dramatikoaren parte mardula. Takashi Shimuraren espresibotasun erabatekoaren aurrean, kontzientzia ariketa nabarmena egiten du Nighyk, bere ahots fina modu adierazkorrean erabiliz, saminaren eta duintasunaren arteko zubia eraikiz. Eta Williams jaunaren (hautu propio gisa, izena ez dugu ezagutuko, pertsonaiaren enigma ez baita zeharo argituko denentzat) inguruko lankide taldea apur bat gehiago landuko da, hauengan protagonistaren azken bizi grina horrek utziko duen aztarna beha dezagun eta, hurrenez hurren egingo diren kontaketa desberdinen puzzle narratibo ederra eraikiz.
Baina funtsean bi pelikulen bihotzean dagoen hori da azpimarratu behar dena. Norbaitek hiltzera doanaren albistea jasotzean egiten duen hausnarketa bortitza, momentura arte bizitzen ari ez denaren errebelazioa izateraino eta azken hilabeteak aprobetxatzeko barne indarra garatzeraino. Izan ere, ondorio filosofiko xehea honakoa litzateke: Hilko naiz, beraz (oraindik) bizirik nago. Hastapenetik, pertsonaia gris eta zurruna izango da Williams jauna, hiltzera doala jakiteak bizitzaz beteko du eta urtuko dio denbora luzez izoztuta egon den barrena.
Eta bilakaeraren norabidea, barrura zein kanpora gertatzen da. Deigarria da istorioan familiaren elementuak duen pisu apurra (pertsonaiaren seme eta erraina zakarki marraztuko dira). Eta trukean oso adierazkorra izango da gizon honen ogibidea, berak dioen bezala, txikitatik amestu zuena: funtzionario publikoa da, komunitatearen ongizatearen alde neurriak hartzeko arduraduna. Bada, funtzio gabeko funtzio publikoa da berea, errebelazioa gauzatu bitartean. Pelikulan era grafikoan azalduko da burokraziaren anabasaren ondorio gizartea erabat desitxuratzen duten egoerak direla. Zentzu honetan, atmosferikoki oso ondo landuta dago ez soilik sail desberdinez beteriko eraikin publikoa, baita labirintoaren tankera duen hiria ere, eta are gehiago, berdin jantzita doazen subjektuz beteriko toki goibel eta antzuak.
(…)
Kritika osorik irakurtzeko, sartu ZINEA atarian!
Kritika Zinematografikoa: “LIVING”