Euskara, erasopean beste behin

Euskara, erasopean beste behin –

Hainbatetan legez, euskarak kolpe gogorra jaso du aspaldidanik ezagunak dituen eragileen aldetik. CCOO sindikatuak helegitea jarri zion Barakaldoko Udalak 2021ean egindako lehiaketa publikoari, bertan ezartzen zen baldintzetako batean azpikontratatutako zerbitzuetako langileei gutxieneko euskara-maila eskatzen zitzaielako. Noski, sorpresarik ez justiziaren mailuak kolpea betikoen aurka jo duenean: EAEko Justizia Auzitegi Nagusiak arrazoia eman dio sindikatuari. CCOOen ustez, euskaldunen kopuruaren araberako hizkuntza-eskakizuna litzateke bidezkoena; epaileen arabera, udalak ez du hizkuntza eskakizunen inguruko argudiorik eman, eta langile publikoei eta esparru pribatukoei ezin zaizkie hizkuntza-eskakizun berberak inposatu.

Euskara, erasopean beste behin
Barakaldoko Udala. Arg: Zarateman

Alegia, euskaldunon eskubideak ondo arrazoituak egon beharko dira, edo ez dira onartuak izango. Bestalde, gaztelaniadunen eskubide osoak legez jasota egotea erabat naturaltzat dugun bitartean, euskaldunon eskubideak bermatzeko saiakerak inposaketa gisa aurkezten zaizkigu. Azkenik, euskaldunok erakunde publikoekin izango dugun harremana eta haiengandik jasoko ditugun zerbitzuak euskaraz izatea toki bakoitzeko hiztun-kopuruaren araberakoa izango da. Laburbilduz: eskubideak legeak aitortzen eta babesten dituen heinean existitzen badira, euskaldunon izatea egoeraren, kopuruaren eta uneko arrazoiketaren araberakoa izango da onartua.

Zartakoa ematearekin ase ez eta, gainera, erasoaren inguruko kontaketa kontrolatzeko ahaleginean neurria euskararen aurkakoa ez dela sinestarazi nahi digute. Euskara maite dutela, Euskaraldian parte hartzen dutela, euskararen aldeko neurriek askok euskara gorrotatzera daramatzatela, langileen hobe beharrez ari direla, eta abar. Hau da, eraso bakoitzaren ondotik paseatzen dituzten betiko leloak. Larriena, euskaldunok behin eta berriz jasotzen dugun mezua: oinarrizko hizkuntza-eskubidea etengabe kolokan ditugun bigarren mailako hiritarrak gara.

Gizataldea, herria, nazioa… garen honi norberak jarri diezaiola nahiago duen izena, baina argi hitz egin dezagun: zapalkuntzak bizi gaitu. Gogoratu dezagun, inoiz baino gehiago, euskara dela gure territorio libre bakarra. Euskaraz bizitzen jarrai dezagun, hori baita euskaldunon erresistentzia ekintzarik handiena.

Euskara, erasopean beste behin

Irakaslea. Bokazioz, ikaslea. Ukabilketan

Zer duzu buruan “Euskara, erasopean beste behin”-ri buruz

  • Ez da “beste eraso” bat.
    Estatu frantsesak eta espainiolak birrindu egin nahi gaituzte. Eta sistematikoki jokatzen dute euskararen aurka eta gure hizkuntza baliatzea erabaki dugunon aurka.
    “beste” hori soberan dago beraz