Literatura Nobel Sariak euskaratzeko beka 2012 – XXVI. Jokin Zaitegi Sariketa
Arrasateko AED Elkarteak eta Elkar argitaletxeak, Kutxaren laguntzarekin, Jokin Zaitegi arrasatear idazlea gogoratzeko eta hark literatura unibertsala euskaratzen egindako ahaleginari jarraitzeko, XXVI. Jokin Zaitegi Sariketa antolatzen dute, aurtengo Literaturako Nobel saridunaren lana itzultzeko erabiliko dena, ondorengo oinarrien arabera:
1. 2012an Suediako Akademiak Mo Yan idazle txinatarrari eman dio Literaturako Nobel Saria, eta Jokin Zaitegi Sariketa honen helburua Mo Yan-en “Shifu yuelaiyue youmo” ipuin-bilduma itzularaztea da.
2. Liburu hori itzultzeko gogoa eta gaitasuna dituen edonork har dezake parte lehiaketa honetan. Horretarako, antolatzaileek proposatutako lagina (ipuinaren hasierako atala) euskaratu beharko du, eta egindako lana AED Elkartera bidali: aed@aedelkartea.com helbidera. Dokumentu bi igorri behar dira mezuaren barruan: batean, itzulpena bera aurkeztuko da, ezizen batekin; bestean, ezizen horren ostean dagoen itzultzailea nor den azalduko da, harremanetan jartzeko moduarekin batera. Aurkezteko epea 2012ko abenduaren 20an amaituko da.
3. Itzuli beharreko lagina antolatzaileek jarriko dute partehartzaileen esku, bai jatorrizko bertsioan, baita ingelesez eta frantsesez ere. Itzultzaileei eskatzen zaie zein hizkuntzatatik ariko diren adierazteko, eta jatorrizkoa menderatzen ez dutenei bi zubi-hizkuntza horiek erabiltzeko gomendatzen. Testuak Internet bidez lor litezke, ondoko helbide honetan:
www.elkarargitaletxea.com/jokinzaitegi
4. Rafa Egigurenek, Miren Ibarluzeak eta Jesus Mari Olaizola “Txiliku”k osatutako epaimahaiak, jasotako itzulpenak aztertu eta haietako bat izendatuko du irabazle 2013ko urtarrilaren amaiera baino lehen.
5. Aurkeztutako lanek aski kalitaterik ez balute, saria hutsik utzi ahalko da. Kasu horretan, antolatzaileek aukera izango lukete itzulpen hori enkarguz norbaiti eskatzeko, bekako diru-kopuruaren truke.
6. Bekaren irabazleak txinera menderatuko ez balu, antolatzaileek txinera eta euskara menderatzen dituen aholkulari bat ipiniko dio, laguntzeko.
7. Irabazleak 4.500 euroko saria irabaziko du Mo Yan-en ipuinak itzultzeko: diru erdia jakinarazpena egitean jasoko du, eta beste erdia lan amaitua entregatu ostean. Lan amaitua 2013ko urriaren 30a baino lehen entregatu beharko du Elkar argitaletxean. Epeak beteko ez balira, edo itzulpenaren kalitatea nabarmen txarra balitz (epaimahaiaren iritziz betiere), sariaren bigarren zatia jaso ez eta lehena itzuli egin beharko luke irabazleak.
8. Elkar etxeak –eskubideak aurrez eskuratuta– argitaratuko du Mo Yan-en ipuin-liburua euskaraz, eta 2013ko Durangoko Azoka izango da hori egiteko epemuga. Ale guztietan nabarmen aipatuko da Jokin Zaitegi saria, baita itzultzailearen izena ere, zeinak ez baitu galduko bere lanaren gaineko jabetza. Antolatzaileez gain, Kutxa Fundazioa babesleak ere dagokion tokia izango du edizioan.
9. Sariketa honetan parte hartzeak bertako oinarriak ontzat ematea dakar. Berauen ulermenean zalantzarik sortuko balitz, antolatzaileei dagokie erabakitzea.
Harremanetarako:
liburuak@elkar.com 943310267
aed@aedelkartea.com 943771228