ETBren etorkizuna erabakitzeko ordua

Nolakoa behar luke izan biharko ETBk? Urtzi Urkizu (@UrtziUrkizu) kazetariak erreferentziazko hamaika lagunen iritziak jaso ditu artikulu honetan. 

Jatorrizko artikulua, Urtzi Urkizuk Zentik.info blogean argitaratua. Bere baimenarekin ZuZeu.com-era ekarria.

—————-

Ez da gaurko kontua ETBri buruz hausnartzeko beharra. ETB1 katearen gaineko kezka azkeneko hamarkadan mantendu da han eta hemen. Ikusle datu txikiak (%1,8ko ikusle kuota urrian) eta programazio egonkor generalista baten faltak agerian uzten dute euskarazko telebista publikoaren egoera ahula. 30 urte joan dira eta euskara beraren egoera ere ez da etxafuegoak botatzeko modukoa. Esan beharrik ez dago hizkuntz normalizazioari begira funtsezkoa dela euskarazko telebista eskaintza oparoa izatea. Eta profesional bikain batzuen ekarpena ahaztu gabe, nabaria da zezenari adarretatik heltzeko unea dela oraingoa. Eusko Legebiltzarrerako hauteskundeen ostean, zuzendaritza aldaketa iritsiko da EITBra. Hartara, arduradun berriek norabide argiren batean jarri beharko lukete ETBko itsas ontzia.

Han eta hemen esandakoari erreparatzea izan daiteke aurreneko ariketa egoki bat. 2005. urteko udan Berriaegunkariak iritzi artikulu sorta bat argitaratu zuen ETB1 kateari buruz: Josu Amezaga, Telmo Esnal, Edorta Arana, Anjel Lertxundi, Bingen Zupiria eta Allande Boutinek orduan idatzitako hausnarketa batzuk baliagarriak dira gaur egun ere.

Oraingo zuzendaritzan ere egon da hausnarketa saiorik. 2010. urtean ETB1en etorkizunaren inguruko hausnarketa abiatzeko txosten bat lantzen aritu zen Joseba Arruti EITBko beste lagun hauekin: Rosa Diez Urrestarazu, Oihan Vega, Ander Arzak, Asier Sanchez, Jokin Agirregoikoa eta Pello Salaberria. “ETB1eko albistegiek ezaugarri propioak izan behar dituzte”, izan zen ateratako ondorioetako bat. Arrutiren hitzak zabalago gogoratuko ditugu hausnarketa hura laburtzeko.

Bestetik, urte guzti hauetan aldaketa teknologiko ugari izan dira. Hala, Jose Luis Lizundia EITBko administrazio kontseiluko Euskaltzaindiako ordezkariak esandakoa ere kontuan hartzeko modukoa da: “Teknologia berriekin telebista beste modu batean planteatu behar da”. Horri lotuta, EITBren legea gaurkotzea lehentasunezko kontua beharko litzatekeela planteatzen du. Eta ziur aski ez zaio arrazoirik falta. Duela 30 urteko egoera komunikazioaren alorrean eta gaur egunekoa ezberdinak dira oso. Legeak ezin du jarraitu 1982. urtean bezala.

Telebista kateen eskaintza ere ez da 80ko hamarkadakoarekin konparagarria. La1 eta UHF (La2) baino ez zeuden ETB1 sortu zenean, gaur egun kate kopurua amaigabea denean. Eskaintza horretan erdarazko kateen portzentaia nabarmen handiagoa da euskarazko portzentaiaren aldean. Esan beharrik ez dago. Baina horrek ekarri beharko luke telebista publikoan euskarazkoari lehentasun osoa ematea. Ez zuzendaritza honek ez aurrekoek ez dute halakorik egin. Jose Inazio Basterretxeak argi dio: “ETB2 kateak gaizki elikatutako bonsai bihurtu du ETB1”.

Jesus Egiguren PSEko presidenteak adierazpen deigarriak egin zituen ‘Hitzetik Hortzera’ saioan aurten, otsail partean: “ETBko erdarazko katea kendu eta euskarazko kalitatezko bat jarri behar da”. ETB2 kendu ala ez kendu, eztabaida piztu zuen horrek ostera sarean. Gerora, zail ikusten da egun ETB2 gabeko ETB bat egongo denik.

Nahiz eta komunikazio talde batek beste zerbait adierazi zuen, EH Bilduk ez zuen proposatu programan ETB2 kentzea. Joseba Uriak ederki jaso zuen kontu hori zertan zen ZuZeun bertan.

EAJk ere ez du planteatuko ETB2 kentzea. Baina beste afera bat da ea EAJk zein EH Bilduk ETBri buruz hitz egiterakoan ETB2 katearekin beste zerbait planteatzen hasiko ote diren. Nire iritziz, euskal kulturarekiko eta euskararekiko begirune gehiago izan beharko luke ETBko gaztelaniazko kateak (baita EITBko gaztelaniazko irratiek ere). Eta bide horretan sakontzeko badaude profesional onak EITBn bertan. Horretarako borondatea badagoen beste kontu bat da.

ETBren etorkizunari begirako hausnarketak bat baino gehiago izan dira aurten. Hasier Etxeberriak eta Juan Carlos Etxeberriak bultzatutako Bost Puntuak oroitzea besterik ez dago. “EITB sendo, publiko, independiente, eta kalitatezkoa lortzeko, euskara lehentasuna duena”. Ekimen horrek ere eman zituen aldeko eta kontrako jarrerak. Esate baterako,Sustatun.

Berriki Aitor Zuberogoitia irakasleak ‘Argia’ aldizkarian, halaber, ‘Hiru gogoeta aro berrirako’ egin ditu.

Aritz Galarraga telebista kritikariak ere azkeneko urtean egin ditu hausnarketa batzuk, apur bat arakatuz Berriako bere blogean topa daitezkeenak.

ETB bere osotasunean zer bidetan jarri planteatu beharko litzateke, probetxuzko zerbitzu publiko bat eskaini nahi bada. Hausnarketa horretan kontuan hartzeko modukoak iruditu zaizkigu Ramon Labaienek, Jose Luis Lizundiak, Itxaso Atutxak, Jose Inazio Basterretxeak eta Jon Sarasuak ‘ETBk urte urte: iragana eta etorkizuna’ elkarrizketa sortan esan dizkigutenak.

ETB1 jeneralista indartsu bat, euskarari eta euskal ikusleari begirunez mintzatuko zaion ETB2 eta haur progremazioan ohiko marrazki bizidunez gain bestelako eskaintzak lirateke gure ametsak. Nafarroan LTD bidez behingoz ETBko lau kateak ikustea ere bai —Jaurlaritza eta gobernu forala 2009ko uztailean sinatutako akordioa ez dute bete oraino—. Nafarroako aferan dirua ez da aitzaki, EAko militanteek ordaindutako diruarekin Erreniegan jarritako hedagailuarekin gertatu zena ikusita.

Desioekin jarraituta, Jon Sarasuaren hausnarketari heltzea ondo legoke. Hau da, telebistarentzat bideratutako diru guztia ez dadila ETB1entzat izan. Jasotzen dituen milioiak eta gehiago behar ditu ETB1ek aurrera egiteko. Baina kontsumo ohiturei erreparatuta, kanal bakarrarekin hankamotz gaude. Eta beste euskal komunikabideek baliabideak behar dituzte ikus-entzunezko eskaintza erakargarriak egiteko. Erdarazko uholdearen erdian, merezi du diru publikoa euskarazko produktu berrietan inbertitzeak. Are gehiago, beharrezkoak ditugun komunikabide horiek bizirauten jarraitzea nahi baldin badugu. Euskara bera bizirik nahi badugu.

Bada zer hausnartua eta zer egina. Saiatuko gara adi egoten eta ahal dugun neurrian gertatzen dena ahalik eta zorrotzen kontatzen.

—————————–

Jatorrizko artikulua, Urtzi Urkizuk Zentik.info blogean argitaratua. Bere baimenarekin ZuZeu.com-era ekarria.

ZuZeuko erredakzioko kazetariak eta editoreak gara.

2 pentsamendu “ETBren etorkizuna erabakitzeko ordua”-ri buruz

  • Ados nago: euskal irrati eta telebistek euskara sustatu behar dute, hedabideak eredu direlako gizartean. Baina arazoa ez al da sakonagoa? ETB1i finantziazio eta garrantzia gehiago emateak ikusle eta eragin gehiago edukitzea ekarriko luke?
    Saiatzea legoke, beharrezkoa ikusten dut, baina iruditzen zait ez dela nahikoa.

  • A. Osinalde 2012-11-16 19:41

    Urkizuren lan honetan Juan Urangaren “ETB euskararen minbizia” izeneko artikulua falta da, eta dakarren ikuspegia berria delako bada ere, merezi du.