Liburutegia Osatzeko Irizpide Batzuk
Liburutegia Osatzeko Irizpide Batzuk
Jorge Luis Borgesek erraten zuen bere liburutegia zela bere obra nagusia, eta, harro egotekotan, irakurritakoaz zegoela harro, idatzitakoaz baino gehiago. Liburutegi bat biltzea eta hura osatzen duten liburuak irakurtzea, ordea, ez da nahitaez gauza bera, mundu osoko osaba-izeba guziek baietz uste badute ere –eta, horregatik, zure liburuak ikusi bezain fite, galdera gorrotagarri hori egiten dizute, “guziak dituzu irakurriak?”; makurrago izan liteke, halere: behin Andrés Trapiellori etxera zer edo zer konpontzera etorritako iturgin batek galdegin omen zion ea zituen liburu guziak berak idatziak ziren–. Irakurria ala irakurri gabea, liburutegi bat prozesu luze baten emaitza izaten da normalean, baina prozesu horretan hainbat eragin –moda, dirua, kasualitatea– sartzen dira.
Nik ez dakit zein irizpideren arabera osatu beharko genukeen liburutegi bat; are gehiago, ez dakit “osatu” aditzak ez ote duen okerreko ideia bat transmititzen, liburutegia gure borondate hutsaren edo gure plan baten ondorioa balitz bezala. Bada –izanen ez da, bada– bere liburutegia osatzen duen jendea. Nik, gehienez ere, nirea zein irizpideren arabera hazi den azaltzen ahal dut.
.
1. Etxean tokia badugu. Hau berez, ez da irizpide bat, aitzakia bat baizik, baina, zerrenda honek erakutsiko duen bezala, irizpideekin ez dut sekulan zorrotzegi jokatu, ez liburuak erosteko irizpideekin, ezta irizpideak zerrendatzeko irizpideekin ere. Liburuei dagokienez, espazioaren motiboa Espainiako konstituzioko laugarren xedapen iragankorra bezalakoa da, alde batetik, motibo iragankorra delako –guk aspalditik ez dugu tokirik etxean–, eta, bertzetik, alferrikakoa delako: hor dago, tarteka horren inguruan eztabaidatzen dugu, baina badakigu ez duela deusetarako balio; Nafarroak mendebaldeko probintziekin egitekotan (edo ez) –liburuak erostekotan (edo ez)–, ez da horregatik izanen.
2. Jorge Luis Borgesek irakurriko lituzkeen liburuak dira. Irizpide honetan oinarrituta erosi dut berriki jainkoaren ontasuna mintzagai duen G. W. Leibnizen Teodicea –edizio dotorean, hori bai–; irizpide honetan oinarrituta erosi nuen lehenago Beowulf poema, eta S. T. Coleridge-ren Biographia literaria, eta orobat erosiko dut noizbait E. Gibbon-en Erromatarren gainbehera eta hondamendia (baina liburu lodi samarrak dira, ikus 1. irizpidea). Borgesek irakurriko lituzkeen edo irakurri zituen liburuak irakurtzeak irudipena ematen digu –euforia une jakin batzuetan, betiere– geroni ere Borges izaten ahalko ginatekeela, argentinarra sortu izan ez balitz. Gero ohartzen gara Borgesek idatzi zuena berdin-berdin idatzita ere, ez litzatekeela Borgesena bezalakoa izanen –Pierre Menard-en kasuak argi frogatzen duen bezala–. Eta, hondarrean, onartu bertze erremediorik ez dugu problema ez dela Borges existitu izana, baizik eta gu ez garela Borgesen mailakoa. Epe luzean, beraz, irizpide honek kalte egiten ahal dio gure autoestimuari.
3. Lagun batek gomendaturiko liburuak. Lagunak desagertu ondotik ere, liburuek gurekin segituko dute. Gomendioaren objektuak luzeago iraunen du gure bizitzan, gomendatzaileak baino. Horregatik, liburu txarrak gomendatzen dizkiguten lagunak bi aldiz dira gorrotagarri.
4. Egilearen argazkia interesgarria da –neska/mutil katxarroa izatetik haratago doan irizpidea da, argi gera bedi–. Irizpide hau tentuz erabili behar da, baina lagungarria da liburu batzuk saihesteko –irizpide hori kontuan hartuta, ez dugu inoiz Kiko Riveraren libururik erosiko–, eta sorpresak ematen ahal dizkigu –argazkia izan zen Valeria Luiselli-ren Los ingrávidos erosteko azken akuilua, aspaldi honetan irakurri dudan liburuk onenetarik–. Nik erabiltzen dudan arren, faborez ez ezazue irizpide hau nirekin erabili.
5. Liburu meheak edota merkeak dira: baina naski irakurriko ez ditudan liburu merke mehe anitz erosten gastatutakoarekin segur aski irakurriko nukeen liburu potolo garesti bat erosten ahalko nuke (ikus 6. irizpidea, halere).
6. Liburu potoloak edota garesti eta dotoreak dira: baina segur aski irakurriko ez dudan liburu potolo dotore bat erosten gastatutako diruarekin akaso irakurriko nituzkeen liburu mehe merke anitz erosten ahalko nituzke (ikus 5. irizpidea, halere).
7. Klasikoak dira eta uste dut eduki behar ditudala. Irakurtzea bertze kontu bat da.
8. Ez dira klasikoak, berriak dira –edo berriak izan dira–, baina gaia dela-eta, edo modan daudelako, uste dut irakurri behar ditudala, Twitterren zer edo zer erran ahal izateko.
9. Hizkuntzak ikasteko liburuak. Hizkuntza atzenduz gero, zure liburutegi zati inportante bat ulertezin bilakatuko zait; adinarekin, halere, ulertzen ditudan hizkuntzetan dauden liburu anitzekin gauza bera gertatuko zait segur aski.
10. Egun txarra izan ondotik, liburu bat erosi nahi nuen eta, hara, liburu hori zegoen bidean atera zaidan liburu-dendan.
.
Diotenez, gure liburutegia gure nortasunaren isla da; hala bada, orduan nireak –nire nortasunak, alegia– Frankensteinen munstroaren itxura du, hainbat irizpide elkarrekin jostearen ondorioa baita. Ni ere, Borges bezala (ikus, halere, 2. irizpideko komentarioak), harro nago irakurritakoaz –tira, esajeratu gabe–, baina aitortu behar dut galdera gorrotagarri hura egiten didatelarik –denak dituzu irakurriak?– ezetz dela nire erantzuna. Halere, liburutegia gure balizko nortasun guzien isla potentziala ere bada. Horregatik, leitu gabe dudan hori da nire frustrazioaren neurria, eta, orobat, horregatik, batez ere irakurtzeko dudan horretan dut jarria esperantza: bere munstrokerian, leitu gabeko liburu horien artean altxatzen den alegiazko nia –Twitterrekoa bezala, adibidez–, egiazko nia baino aise interesgarriagoa baita.
[Euskadi Irratiko gaurko solasaldia testu honetan zegoen oinarritua]
Egunen batean animatuko naiz eta Ebookera konpultsiboki eta irizpide argirik gabe saretik pdfan jeitsi ditudan liburuez artikulu polit bat idatziko dut.
Bueno, hobe ez.
Bai, Amonamantangorri, mesedez, egin ezazu, Jainkoaren izenean!