Liburuen tarifa lauaren gorabeherak
Asko dira Amazon multinazionalari egin diezazkiokegun kritikak –langileen lan baldintzak esaterako– eta martxan jarri berri duten liburu digitalen salmenta moduak ere ematen du eztabaidarako: hilabetero 9,99 dolar ordaintzearen truke 600.000 liburu digitalen artean hautatzeko aukera eskainiko dute. Oraingoz Amerikako Estatu Batuetan soilik dago martxan, baina laster Europan ere abiaraziko ei dute.
Soilik liburu digitalak diren arren, irakurzaleoi min apur bat eragiten digu liburuak Mega edo telefono deien pare jartzen dituen tarifa lau honek. Ez du axola zein liburu irakurtzen duzun, ez du axola zenbat diren irakurtzen dituzunak, idazleak urteak edo bi aste behar izan dituen… 9,99 dolar hilabetean, eta kitto. Idazle, argitaletxe eta abarrei zein zati emango ote zaie 9.99 horietatik? Ez ote du idazlea eta bere lana mespretxatzen?
Erosteko prezioari erreparatuz gero, 600.000 liburu horiek zeintzuk diren jakin gabe ere, ez dirudi garestia denik maiztasunez irakurtzen duenarentzat. Dena den, bistan da euskal literatura esaterako ez dugula tarifa honen barruan aurkituko, eta ziur asko ezta edozein literaturatako nobedadeak ere.
Baina proposamen honek arrakasta izanez gero, eta gero eta gehiago zabalduko bada, liburudendak berak izan daitezke galera gehien jasango dutenak. Nork lehiatu dezake, liburutegiez gain, 600.000 -akaso kalitate zalantzagarriko- liburu 9.99 eurogatik eskaintzen dituen erraldoiarekin?