Lekorneko Kabalkada, atzo erein haziak gaur loratzen
Lekorneko Kabalkada –
2014an jokatu zuen Lekorneko herriak bere azken maskarada-tobera eta kobidaren garaian, Lekorneko Besta Komiteko gazteek kabalkada berria egiteko deliberoa hartu zuten. Azkenean, urte horietan ereindako hazia, aurtengo uztailaren 28an eta agorrilaren 3an loratu zitzaigun. Bi saioak eder-ederrak izan ziren, udako eguraldiaz emanik, eta ikusliarrek Lekorneko plaza eta harmailak bete zituzten. Publikoak bero-bero jarraitu zuen lekondarren tobera jokoa eta dantzariek zein dantzariek Lekorneko plazara hurbildutakoak loriatu zituzten.
Tobera idazleak Komiteko hiruzpalau gazte izan ziren, eta gainerakoekin partekatuz, auzo-lanean, bururatu zuten. Taula zuzendaria Peio Berterretxe izan zen, dantza arduraduna Myriam Poxelu, musika arduraduna Patxi Amulet, eta Claude Iruretagoiena eta Jon Olazkuaga izan ziren jostunen buru aritu zirenak. Lehen saioan Maddi Ane Txoperena eta Mizel Mateo bertsolariak ibili ziren giroa zirikatzen eta berotzen eta bigarren saioan, berriz, Amets Arzallus eta Patxi Iriart. Erran behar da, tropa handia ari izan zela kabalkada hau antolatzen eta jokatzen: antolatzaileak, dantzariak, musikariak, kantariak, antzezlariak, jostunak, ile-apaintzaileak… eta abar. Adibide gisa erran dezadan, plazako agertokira 170 lagun inguru ibili zirela, batean edo bestean.
Ni, adiskide bizkaitar batekin, bigarren saiora hurbildu nintzen. Arratsaldeko 5etan hastekoa zen eta jadanik, hirurak eta erdirako, harmailak betetzen hasiak ziren. Bostetan hasi zenean, jendez mukuru zen plaza hartan ez zen inor gehiago sartzen ahal, ordurako bazter guztiak bete-beterik baitzeuden. Bostetan, ttanko, neska antolatzaile batek, mikrofonoa eskuan, isilik egoteko eskatu zuen ohiko zaldizkoak plazara ateratzekoak baitziren eta zaldiak urduritu eta izutu ez zitezen. Hau ohikoa izaten da kabalkada-tobera guztietan. Ordura arte kalaka bizian ari izan zen publikoa, supituki, isildu zen, eta prest zeuden bi ateetako batetik, eta denon harridurarako, bi mutil atera ziren zurezko zaldikoen gainean. Laster publikoaren barre karkailek isiltasuna urratu zuten. Adar jotze galanta! Umore kolpe polita!
Bi zaldizko berezi haiek desagertu zirelarik, ezkerreko atetik arizaleak, musikaren laguntzaz, ateratzen hasi ziren: zapurrak, bolantak, andere xuriak, banderariak, makilariak, herritarrak, oilar berde eta gorriak, jaun jujea, jaun abokata, jaun usiera eta gainerako pertsonaiak, zirtzilak, bertsolariak…, eta bukaeran, musikariak. Tropa ederra, lehen aipatu dudan bezala, 170 lagun inguru. Bi banderarik Lapurdiko banderak zeramatzaten eta beste biek euskal ikurrin ederrak.
Aipatu beharra dago, Lekorne Lapurdin dagoela, baina Nafarroa Behereko mugakidea dela. Euskararen aldetik, nafar hizkeraren eragina nabarmena da lekondarren artean, eta bertako kultura, Makean, Lekuinen, Hazparnen, Luhuson…, neurri handi batez, nafarra da. Dena den, Lapurdikoa izanik, badira interferentziak bai bertako euskaran eta bai bertako euskal kultur moldean. Herritarrak adibidez, kaskaroten jantziaz agertu ziren, zuri-zuriaz jantzirik eta kapelu eder-ederrak, lorez, brodatuz eta kriskitinez apainduak. Zoragarriak, zinez!
Tobera hiru agerralditan banatua zen. Lehen agerraldian, Xoxoarenak, Besta Berriko dantzak, Makeako sokadantza eta makilttiki-dantza, musika eta koreografia aldaerez, dantzatu zituzten. Tobera jokoa umoretsua eta bizi-bizia izan zen. Jaun Jujearen, Jaun Abokataren eta Jaun Usieraren arteko lehen talka eta kalapitak piztu ziren, publikoaren barre algarak sortaraziz. Antzerlariek herriko jaunttoen kontuak eta lur espekulazioa jorratu zituzten herrian gertatutako pasadizoak kritikatuz eta umore handiz lekondarren gogora ekarriz. Gero bertsolariek jokoa borobildu zuten, haien bertsoen bidez.
Bigarren agerraldian, mazurka, kontradantzak, eta euskaldunak eta sorginak airoski dantzatu dantzatu zituzten, beti koreografia aldaerez moldaturik. Eta tobera jokoan Lekorneko laborarien egoera txarra aipatu zuten, herrian oso ezagunak izan diren pasadizoak umore handiz kritikatuz.
Toberetan aipatzen diren istorioak ulertzeko bertakoa izan behar da, umore kode bereziaz eginak baitira, bertakoek uler dezaten; eta Lekorneko tobera honetan ere hori gertatu da. Bigarren agerraldiaren bukaeran, bertsolarien saio pipertsu eta zirikatzailea.
Hirugarren agerraldian, eskotixa, gabota, arin-arin, fandangoa eta etxeberritarrak airoski dantzatu zituzten eta tobera jokoan, ehiztari eta ekologisten arteko kalapitak, gehiegizko turismoa, artzainen eta turisten arteko saltsak eta joko olinpikoak aipatu zituzten. Zirtzilen jokoa bikaina izan zen hiru agerraldietan, eta antzerkilarien jokoa abila eta supiztailea. Publikoak, bertakoek, batez ere, irri karkail handiak egin zituzten aipatu gaiekin.
Halako batean, neska batek Jaun Usiera hil zuen trapu zahar bat ahoan sartuta. Hau ezinbesteko baldintza da tobera guztietan, usiera kalitu behar da, eta bukaera aldean berriz pizten da. Ohiko gertaera honek badu sinbolismo berezia, aurtengo kabalkaden bukaera eta noizbait etorriko den tobera berriaren esperantza irudikatu nahi baititu. Azkenean, Jaun Jujeak auzian azaldu ziren gaiez deliberoa eman zuen. Erabakiak entzun ondoren, arizale guztiak, musikaren laguntzaz, agertokira atera ziren plazan zenbait itzuli eginez. Ordurako Jaun Usiera berpiztua zen, eta desfilean parte hartu zuen gainerako arizaleekin batera.
Gero, azken kantuaren tenorea iritsi zen, parte hartzaile guztiek batera abestuta, eta horren ondotik plazaren luze-zabalean egindako azken ibilerak. Kantua Janmixel Nobliak egina da eta ederki laburbiltzen du lekondarrek, kabalkada-tobera hau egiteko, izan duten izpiritua. Horra hor:
Aitzurrez jorratuz, izerdiz jokatuz, nortasuna zuten eskuratu.
Gure arbasoek, ideki ildoan, egungo pausua, hor kokatu.
Hizkuntza babestu, jasanez afruntu, esperantza, gerorako lortu.
Ama-lur maitea, eskualdun bihotza, hatsetik hatserat, azkar zaindu.
Ama-lur maitean, haziak landatu, Aldaxka sanoak, gaur loratu.
Aldaxka Gaztea, zuhaitz bilakatuz, kezkaz doan, etorkizunari.
Guduak oraino, ereman beharko, burua altxatu ta sinetsi.
Alderdikatuak, bakotxak berea, gutartean, harremanak gutti.
Elkartasunezko urrats emankorrak ondokoer behar erakutsi.
Sustraietan barna, amodioz eta maitasunez ere, lurra hazi.
Ontasun gosea, eremuz hantzea, batzuentzat sekulan ez aski.
Xumetasunean bizi nahi dugu, gure amentseri nehork hunki.
Anaitasunean, elkartasunean, biharamun hobe bat eraiki.
Eskualdun giroan, ohiduren leial, Mendiondo izan, amets toki.
Eta hiru kobla horien artean honako errepika kantatu zuten, behin eta berriz:
Atzar gazte, egon erne, lerratzerat ez utzi.
Aitzurzale, beldur gabe, biharkoa idatzi.
Bizian denek jasan behar iguzki eta ortzi.
Beso zabal agertzeak ukanen du garrantzi.
Aitzurzal, adixkide, agur eta goraintzi!!!
Horrela bukatu zen Lekorneko Kabalkada ederra. Ondotik izan ziren taloak, edariak, musika, mutxikoak eta giro ona horretarako prestatua zuten xapitoan. Jende artean entzuten zenez, heldu den urtean, auzo herria den Irisarri baxenafarra izanen da maskarada-tobera berriaren sua piztuko duena. Zorionak, lekondarrei, berriz ere, kabalkada eder eta umoretsua antolatzen eta eskaintzen jakin dutelako. Eta zorte on irisartarrei abiatu duten bide berrian.