Laurendi Zenekorta ekialde urrunean kantari
Laurendi Zenekorta ekialde urrunean kantari –
Mutrikuko odola zainetan. Gazte abiatu zen Asia alderantz, Laosera hasieran eta Thailandiara gero. Hango mintzairak ikasi eta laoseraz eta thailandieraz kantatzen irabazten zuen bizitza. Haatik, aberriaren deia bihotz barnean sumatu eta Euskal Herrira itzuli zaigu.
1.- Laurendi Zenekortaren nondik norakoak
Laurendi Coutenceau Zenekorta Frantziako Metz hirian sortu zen 1981eko apirilaren 28an, aita frantsesa eta ama euskalduna zituelarik. Amaren aldekoak Ziburukoak ziren, jatorriz mutrikuarrak. Aitak, oporretan Lapurdin zegoela, ama ezagutu zuen Donibane Lohizuneko diskoteka batean, eta hainbat urtetara, aipatu herriko elizan ezkondu ziren. Aitak lan egin zuen Metz hirian eta bertan egin zuten habia. Metz-eko kontratua bukatu zitzaiolarik, Mont-Martzanen lan berria topatu zuen. Etxe berria lantokiaren eta Euskal Herriaren artean finkatzea erabaki zuten, Akize hirian, hain zuzen ere.
Hiru seme-alabetan Laurendi gazteena dugu eta Metzetik Akizera aldatu zirenean, hiru urte zituen. Bertan hazi eta handitu zen. Bere lehen lanak hiri horretan egin zituen: armadan, segurtasun agente gisa, eraikuntzan… Hogeita bost urterekin oporraldi bat pasatu zuen ekialde urruneko Laosen, eta herriaz guztiz maitemindu zen. Horregatik, Akizera itzulirik, bertan zuen guztia saldu eta Laosera abiatu zen bizitzera, Vientian hiriburura. Ostatuetan lan egiten eta gitarra jotzen ateratzen zuen bizitzeko behar zuena.
Laosen, berehala ikasi zuen bertako mintzaira, eta laoseraz kantatzen hasi zen, herriko kantuak hasieran eta ondoren, baita berak egindakoak ere. Laoseraz kantatzen zuen lehen gizon zuria zen eta horregatik berehala deitzen hasi zitzaizkion ostatuetan kontzertuak eman zitzan. Thailandiara egin zuen bidaia batean neska bat ezagutu zuen eta harekin Bangkok hiriburura bizitzera joan zen. Laster ikasi zuen thailandieraz.
Thailandian badira laostar ainitz, bertako lan xeheak egiten dituztenak. Pobreak dira eta hainbat auzotan bizi. Beraiekin laoseraz egiten eta kantatzen zuen. Bere etxe ondoan bizi zen auzo batek entzun zion laoseraz eta thailandieraz hitz egiten eta kantatzen, eta telebista publikoan lan egiten zuenez, bertara gonbidatu zuen. Laster ospetsua egin zen. Bere izena ahoskaezina zen bertakoentzat, hori dela eta izen artistiko bat asmatu behar izan zuen: Calvin Dax, eta izen horrekin ibili zen kontzertuz kontzertu bere taldearekin batera. Emaztearekin banatu zelarik, Laosera itzultzeko asmoa hartu zuen. Laosen Tik izeneko neska ezagutu eta harekin bizitzen jarri zen Vientianen. Osora ekialde urrunean, Laosen eta Thailandian, hamabi urte egin zituen. Laosetik abiatu baino lehenago, eta agurtzeko moduan, kantaldi handi batean hartu zuen parte. Parte-hartzaile guztien bandera eskatzen zuten hango bazterretan jartzeko, eta berak Euskal Herriko ikurrina ezartzeko zien eskatu. Ez zuten gure herriaz deus ezagutzen, baina ikurrina han paratu zuten Calvin Dax-en omenez.
2.- Laurendi Euskal Herrian kantari
Vientianen goxo bizi zen, baina azken urteetan, TV5 frantses katean, Katalunian ufatzen hasiak ziren independentzia haizeak ezagutu zituen, baita espainiarrek erreferenduma eragozteko erabili zuten indarkeria basa ere. Hori ikusirik pentsatu zuen Kataluniak independentzia lortuz gero, Euskal Herriak ere berea laster erdietsiko zuela; horregatik Laosen zeuzkatenak saldu, eta emaztearekin batera, Euskal Herrira etorri zen. Independentzia bere begiekin ikusi nahi zuen, eta baita prozesu horretan, ahal bazen, lagundu ere. Hau kontatzen dudalarik, Joxe Mari Iparragirre bardo urretxuarra datorkit burura. Hark ere, familia Ameriketan utzirik, Euskal Herrira etorri zen bigarren karlistaldian parte hartzera. Hark ez zuen bigarren matxinada karlista ikusi, berantago izan baitzen, eta Laurendik, oraino, ez du independentzia aldarrikapenik ikusi. Hau ere, ene irudikoz, mende honetan izanen bada ere.
Etorriz geroztik, Laurendi eta bere familia Lapurdin bizi da, Hendaia ederrean. Gainera, Ganix izeneko mutiko ederra etorri zaie familia handitzera. Berehala EHbai izeneko alderdi abertzalean afiliatu zen, eta Donibane Garazin egin zuten biltzar handian hartu zuen parte. Atsekabeturik itzuli zen Hendaiara, ikusi baitzuen abertzaleek ez zutela inolako planik independentzia bultzatzeko eta erdiesteko. Euskara berreskuratzeari ekin dio eta baita euskaraz kantatzeari ere. Jadanik bi kantu egin ditu: Zauri sakonak eta Bihotzean eta zainetan izenekoak, jadanik, Euskal Irratietan ematen ari direnak. Lehena, frantses kartzeletan hamabost urte egin dituen Beñat Sansebastian ziburutar kusiaren ohorez idatzi du. Horretaz gain, disko oso bat prestatzen ari da. Izena ere badu buruan: Itzi, Ruango presondegian den Itziar Moreno ekintzailearen omenez. Buka dezadan artikulu hau aipatu bi kantuen mezua lerro hauetara ekarriz:
Zauri Sakonak
1.- Berrogeita hamar urteko borroka da ta
ehunka borrokalari kartzeletan dira,
kalean abertzaleak gainezka daude, gure Herria!
Amore emango ez duen irrintzina da gure ahotsa.
Leloa: Harri bihotza, zauri sakonak baina aitzina goaz!
Harri bihotza, zauri sakonak. Aitzina goaz, irabazi arte!
2.- Ibiltzen gara ukabila altxatuta.
Begira, begira, hiltzen ari den Herria da!
Jo ta ke! Aurrera egiteko garaia da!
Gora, gora, beti gora Euskal Herria! Askatasuna!!!
Leloa: Harri bihotza, zauri sakonak baina aitzina goaz! /
Harri bihotza, zauri sakonak. Aitzina goaz, irabazi arte!
Bihotzetan eta zainetan
Kantu hau Beñat Sansebastian kusiarekin batera idatzia da. Ikus dezagun:
1.- Guk euskaldunek daukagu gure hizkuntza,
Iparraldetik Hegoaldera euskaraz
gure ahots eder eta preziatua: euskara
Hemen nonahi Euskal Herrian euskaraz.
Leloa: Daukagu gure hizkuntza: euskara
Bihotzean eta zainetan, euskaraz.
2.- Anaiak eta arrebak gare
euskarak ez du mugarik
borroka ezagutzen dugu
eta ez dugu emango amore.
Leloa: Daukagu gure hizkuntza: euskara
Bihotzean eta zainetan, euskaraz
Laurendik ekialde urrunetik sugar berria ekarri eta euskaldunen ametsa eta xedea zein den oroitarazten digu aldiro bere kantuetan. Nik ere, nire hirurogeita lau urterekin, gauza bera amesten dut, eta independentziaren aiduru naukazue. Ez dakit nik ikusiko dudan, hori ezaguturik gustura hilen nintzatekeen arren, baina ziur naiz egun handi hori mende honetan izanen dela, eta gure seme-alabek ezagutuko dutela. Anartean, Laurendi Zenekortaren kantuak entzuten, konformatu beharko dut.