Lapurdiko ihaute edo ihauteria
Lapurdiko ihaute edo ihauteria –
Lapurdiko ihaute edo ihauteria (hau baita herrialde honetan euskal inaute edo inauteriari ematen zaion izena) neguaren eta udaberriaren artean kokatzen den denboraldi erritual luzea dugu. Hau da, neguburu edo neguko solstizioaren eta udaberriko ekinokzioaren artean den denboraldia. Bere funtsa neguko eta udaberriko indarren arteko talkan oinarritzen da, eta hori garbi ikusten da pertsonaien arteko jokoan. Alde batetik kaskarotak ditugu, herritarren ikur diren pertsonaiak, zuriz jantzirik, eta bestaldetik, zirtzilak, trapu eta zatar zaharrez jantziak, herriko bizimoduan parte ez diren konpotar edota jende bitxiak.
Kaskaroten eta zirtzilen arteko jokoa garrantzi handikoa da, udaberriko eta neguko indarren arteko talka eta borroka agertarazten baitigu. Bi mundu, bi ikuskera ezberdin dira aurrez aurren direnak. Kaskarotena ederra, zintzoa, ona…, udaberriaren etorrera igartzen duena; eta zirtzilena itsusia, zikina, zarpaila, zirikatzailea…, neguko iluntasunaren adierazle.
Lapurdiko ihauteak bi zati nagusi ditu, herri ainitzetan, bi egun ezberdinetan jokatzen direnak: kaskaroten ibilerak lehena, eta Zanpantzarren epaiketa eta erretzea bigarrena. Aipatu lehen egun horretan kaskarotak etxez etxe eta karrikaz karrika ibiltzen dira, kantuz eta dantzaz.
Kaskarotek makil-ttiki dantza ematen dute, behin eta berriz. Etxeetako nagusiek, kantu eta dantzen truke, jan-edatekoak eskaintzen dizkiete, eta gero, denak, kaskarotak eta etxekoak, baita hurbiltzen diren auzoak ere, kanta-kantari izaten dira luzaz. Egun horretan, berriz, ez dira kaskarotak ibiltzen diren pertsonaia bakarrak, beraiekin joaten baitira, zirtzilak, hartza, kotilun gorriak… eta bertsolari pare bat.
Zirtzilek pitokeriak egiten dituzte etengabean, hartza (adarduna normalean, adar horiek emankortasunaren adierazle baitira). Bai zirtzilak eta bai hartza kaskaroten eta herritarren artean, sartzen dira, haien eginbeharra oztopatuz eta trabatuz. Ainitzetan jende-pilak egiten dituzte, batzuk besteen gainera jauzi eginez.
Kotilun gorriak, inguruetan mugitzen dira, dena behatuz. Kotilun gorriak, zaharrak dira, eta badirudi pertsonaia hau neguko indarrekin lotua dela. Aurpegiko maskan pikorrak ditu, eta horregatik zenbait ikertzailek izurrite beltzaren adierazlea dela diote. Lapurdiko ihautean, gaur ez du eginkizun haundirik, eta zirtzilekin batera ibiltzen dira, neguko indar ezkorrak baitira denak. Hori bai, tarteka, kaskaroten eginbeharra oztopatzen dute, beraien artean sartuz et pitokeriak egiten. Eskuan, ez beti, ixopoa edo zaldi-isatsa eramaten dute, izpiritu gaiztoak eta eritasunak zabaltzeko. Zenbait herritan kotilun beltzak ere ikusi izan dira, baina kotilun gorrien aldaera direla erran behar da.
Maskak kotilun gorrien antzekoak dira, baina ez dute pikorrik aurpegiko maskan. Buruan, kapela koloretsu eta puntadunak eramaten dituzte (ez beti). Neguko indarrak dira, eta zirtzil eta kotilun gorriekin batera ibiltzen dira pitokeriak egiten.

Herriko Anderea eta Herriko Jauna izeneko pertsonaiek auzapeza eta bere emaztea idurikatzen dute. Garai zaharretan, egiazko auzapezek herriko plazan harrera ona egiten zioten ihauteari (lehen egunean) eta aperitifa modukoa ematen zieten parte hartzaile eta hurbiltzen ziren auzoei. Geroago, egiazkoak jadanik ihautea hartzera ateratzen ez zirenez, bi pertsonaia horiek asmatu zituzten. Berez, ez dute garrantzirik Lapurdiko ihautean, eta gaur egun, oso leku guttitan ateratzen dira.
Kantu eta ohiko dantzetan (jauziak, zortzikoak eta fandangoak…, gehien bat), pertsonaia guzti-guztiek hartzen dute parte, hartzak ere, halanolaz bada ere, jakina!
Hartza ezinbesteko pertsonaia dugu euskal ihauteria guzti-guztietan, bera baita lotan dagoen naturaren ikurra, neguloan edo hibernazioan baitago, baina udaberria hurbiltzen delarik, iratzarri eginen baita. Ama-lurraren sinboloa da, neguan lo da, baina udaberrian berriz esnatuko baita.
Hori dela eta, zenbait tokitan, kaskaroten aitzinetik Hartzaren Eguna izeneko ekitaldia antolatzen dute. Hori ez da beharrezkoa, kaskaroten egunean, hartzaren etorrera garbi geratzen baita.

Kaskaroten lehen egun horretan, goiza horrela pasatzen dute, eta usaia izaten da herriko plazan bukatzea, kantatuz, dantzatuz, eta udaberriaren eta neguaren arteko talka irudikatuz. Gero parte hartzaile guztien arteko herri bazkaria izaten da, urtero etxe edo etxalde ezberdin batean, eta hortxe segitzen dute bestarekin, etxeko nagusiak kantu, bertso eta pitokerien bitartez zirikatzen. Gerora, auzoak ere azaltzen dira kafea eta pattarra hartzera, eta elkarrekin jarraitzen dute, besta eginez, arratsera arte.
Lehen egun honetan, udaberriko eta neguko indarren arteko borrokaren irudikapen horretan, neguko indarrak dira beti garaile. Horrela da tradizioa.
Bi edo hiru asteren buruan, Lapurdiko ihautearen bigarren zatia egiten da, hau da, Zanpantzarren epaiketa eta erretzea. Zenbait herritan, egun berean egiten dituzte bi zatiak: kaskarotak goizean, eta Zanpantzar arratsean, herri bazkariaren ondotik.



Bigarren zati edo parte honetan, pertsonaia guztiak ateratzen dira. betiko jokoa eginez. Baina bada, beraien artean, arrastaka, eta kolpatuz, eramaten duten panpina erraldoi bat: Zanpantzar du izena. Orain ihauteko pertsonaiak ez dira etxaldez etxalde ibiltzen, herriko karriketan egiten baita, hori bai, beti kantatuz, dantzatuz eta herritarrak zirikatuz. Bukaeran, Zanpantzar herriko plazan kokatzen da, makil luze bati lotua. Usaia da, epaile edo juje batek epaiketa moduko bat egitea, herrian, urte horretan izan diren ezbehar eta gauza txar guztien errua Zanpantzarri egotziz. Azkenean, su ematen diote, eta suaren inguruan, ihauteko pertsonaiek hasieran, eta ondotik, baita herritarrek ere, dantza erritualak egiten dituzte suaren inguruan, hau itzaltzen den arte. Euskal dantzak izaten dira: mutxikoak, arin-erin eta fandangoak, zortzikoak… eta gainerakoak.
Zenbait herritan ponpierrak ere ateratzen dira, pertsonaia hauek oso modernoak dira, eta piztutako sua itzali behar dutenak, besterik ez dira. Ez dute beste jokorik, eta ez dira ihauteko egiazko pertsonaiak.

Buka dezadan, bi kontu denon gogora ekarriz. Bigarren egun honetan, udaberria da irabazle edo garaile aterako dena, neguko indar ilun eta gaizto guztiak, Zanpantzarren irudiarekin batera erre baitituzte. Badoa negua eta badator udaberria, badoaz iluna eta hotza, eta badatoz argia eta eguraldi goxoa. Biziaren zikloa aitzina doa, eta laborantzari ekiteko aro eta garai egokiak datoz. Hau dena oso lotua dago euskaldunen animismo zaharrarekin, gure kultura zaharrarekin,… eta euskal izatearekin, horregatik euskara izan behar da erabili beharreko mintzaira bakarra, bera baita gure izatearen, gure nortasunaren eta gure mundu magikoaren erro edo sustrai nagusia.