Landarbaso Abesbatza txapeldun 2nd Asia Choral Grand Prixen
Landarbaso Abesbatza txapeldun 2nd Asia Choral Grand Prixen –
Saria mugarri historikoa da euskal musika koralarentzat.
31 orduko bidaia, Errenteriatik Balira (Indonesia), 18 minutu eta 18 segundoko musikaren aurka: hori izan da Landarbaso Abesbatzak astearte honetan arrakastaz gainditu duen erronka. Euskal abesbatzak, Iñaki Tolaretxipiren zuzendaritzapean, 2nd Asia Choral Grand Prix saria irabazi du eta, horrela, Grand Prix korala lortu duen lehen euskal abesbatza eta Asian lehiaketa hau irabazi duen Europako lehen abesbatza bihurtu da.
Lehiaketa Baliko Giri Nata Mandalan egin da. 2019an estreinatutako areto honek koru-kanturako akustika zaila du; izan ere, eszenatokiaren tamaina handia dela eta, zailtasun handienetako bat musika publikoarengana eta, bereziki, nazioarteko epaimahaiarengana iristea izan da. Soinuaren potentzia eta kalitatea, ziur aski, faktore erabakigarriak izan dira Errenteriako abesbatzaren garaipenerako.
Bost taldek gehiagok parte hartu dute lehiaketan, guztiak Asiako zirkuituko lehiaketa garrantzitsuenetako irabazleak. Bitxia bada ere, Landarbaso Abesbatzak bi lanetan egin du bat Filipinetako Far Eastern University Chorale eta Indonesiako PSM Swara Wadhana UNY abesbatzekin, Robert Pearsal ingelesaren Lay a Garland eta Jekabs Jancevskis letoniarraren Atsalums obrekin. Konparazioak gorrotagarriak izan daitezkeen arren, oraingoan Tolaretxipiren abeslarien alde jokatu dute.
Sari banaketa Kartika Plaza Hotelean egin da, 2nd Asia Grand Prixi amaiera emateko eta 12th Bali Choral International Festival jaialdiari hasiera emateko balio izan duen ekitaldi batean. Hain zuzen ere, azken lehiaketa honetan hartuko du parte Landarbaso Abesbatzak datorren ostegunean, abesbatza mistoen, folklorearen eta musika sakratuaren kategorietan. Beraz, laster berri on gehiago eman ahal izatea espero dugu.
Landarbaso Abesbatza txapeldun 2nd Asia Choral Grand Prixen