Flandriar eta euskal kulturek bat egingo dute Flandria-Euskadi egitasmoaren baitan

Flandriar eta euskal kulturek bat egingo dute Flandria-Euskadi egitasmoaren baitan –

Arte eszenikoak, musika, arte plastikoak eta ikusizkoak, literatura eta beste hainbat alorretan egikarituko da kultur programa.

Tokiko hamaika eragile eta sortzaileren parte-hartzea ahalbidetuko du, euskal kultura nazioartean ezagutarazteko Etxepare Euskal Institutuak sustatuko programak.

2023-2024 urteetan zehar garatuko da egitaraua.

Flandriar eta euskal kulturek bat egingo dute Flandria-Euskadi egitasmoaren baitanEtxepare Euskal Institutuak “Vlaanderen-Baskenland” edo “Flandria-Euskadi” kultur trukerako egitasmoa aurkeztu du gaur Tabakalera Donostiako Kultura Garaikidearen Nazioarteko Zentroan. Bingen Zupiria, Eusko Jaurlaritzako Kultura eta Hizkuntza Politika Sailburuak; Irene Larraza, Etxepare Euskal Institutuko zuzendariak, Jan Jambon, Flandriako ministro-presidenteak (bideo bidez), Edurne Ormazabal Tabakalerako zuzendari nagusiak eta Fernando Saenz de Ugarte Dantzazeko zuzendari nagusiak xehetu dute dagoeneko abian den eta 2024 urtean jarraipena izango duen programaren nondik norakoak. Joan-etorriko egitasmo honek helburu bikoitza du: batetik, kultur eragileak elkartzea, esperimentatzea eta elkarrengandik ikastea. Bestetik, bi lurraldeetako sorkuntzaren kalitatea eta izaera berritzailea plazaratzeko kultur proposamen zehatzak lankidetzan garatzea.

Ekimenak, kultura, sorkuntza garaikidea eta hizkuntza ardatz hartuta, diziplina anitzeko eskaintza zabala aurreikusten du. Halaber, kultur eragileen arteko lankidetza, eta artista, sortzaile eta kultur industrien sarea sustatuko da hainbat alorretako hamaika proiektu baino gehiago jasoko dituen egitarau aberats baten bitartez. Kultur egitasmo hau bi urteren buruan bi lurraldeen artean landutako harremanaren emaitza da. Izan ere, 2021 eta 2022an Lehendakaritza, Flandriako Kantzilergoa eta Kultura Saila eta Flanders Arts Institute-ekin elkarlanean Euskadi eta Flandriara lan-bisita bana antolatu ziren. Gainera, aurten, bi lurraldeen arteko kultur-lankidetza sustatzeko deialdi bana atera zuten Eusko Jaurlaritzak eta Flandriako gobernuak. Hortaz, hautatutako proiektu gehienak lan-bisita haien ondorio dira.

Nahiz eta dagoeneko programa abian den, datorren urtera begira egitaraua zabaltzea aurreikusten da, eta gaur aurkeztu direnak programaren baitako lehen egitasmoak dira.

.

Kultur programa

Binded Bodies proiektuaren baitan, Flandriako eta Euskal Herriko kale arteeen inguruko topaketa profesionala izan zen iragan maiatzean Flandriako Leuvenen eta Leioako Umore Azokan. Aurrera begira, astebete eta bi aste arteko lau sorkuntza egonaldi izango dira 2023ko azaroan (euskal konpainiak Flandrian) eta 2024an zehar (Flandriar konpainiak Euskadin). Bestalde, eta kale arteen programaren baitan, profesionalen arteko elkartrukea egingo dute datorren urtean.

Tabakalerak eta Anbereseko Morpho zentroak, artisten egonaldirako deialdia jarri zuten abian. Euskal Herriko eta Flandriako artista bana aukeratu dituzte 2023an hiru hilabeteko egonaldia egiteko. Hautatutako euskal artista Gala Knörr izan da, “Passion Social Club” proiektuagatik. Abuztuan ekingo dio Knörrek egonaldiari.

Bestalde, Azkuna Zentroak 2022ko Flandria-Euskadi biran parte hartu ondoren, Lore Stessel artista flandriarrak Azkuna Zentroa bisitatu zuen. Horren ondorioz, Stessel Azkuna Zentroa 2023-2025 artista AZ kidea bihurtu da. “PROTOTIPOAK 2025” Arte Forma Berrien Nazioarteko Bienalean erakutsiko den BASKENLAND proiektu bisualarekin parte hartuko du. Bestalde, Azkuna Zentroak Bilbao Harbours for Arts & Culture proiektua sustatzen du, Europako hainbat tokitako instituzio, kultura-zentro eta jaialdiekin harreman eta lankidetza berriak sustatzeko eta daudenak indartzeko helburuarekin. Horren baitan, Anberesekin garatutako proiektua Etxepare Euskal Institutuak garatutako bi urteko truke kulturalaren baitan kokatzen da.

Gainera, bi asteren buruan, LLS Paleis eta ANTespaciok truke artistikoa sustatuko duten proiektua jarriko dute abian: “Antwerpen Bilbao: Itzulera guztiak!”. Taxio Ardanaz, Justine Grillet, Amaia Molinet, Leire Muñoz eta Rik Van Gorp artistek, bakoitzaren obraren zentzuari buruzko ekitaldia sortuko dute Anberesen eta Bilbon.

“Dance and Community” proiektuak Molenbeek (Bruselako eskualdean) eta Errenteriaren arteko antzekotasuna du abiapuntu. Biek ala biek dute zentro koreografikoa: Ultima Vez Molenbeek eta Dantzaz Errenterian. Haien metodologiak landu ostean, argitalpen bat egingo dute prozesu hauek eta lortutako emaitzak beste kultur- eta gizarte-erakundeekin partekatzeko.

Irailean hasi eta datorren urteko udara arte garatuko den “Vertical Visions” programari esker, dantza bertikaleko La Glo Zirko Dantza eta Cirkus in Beweging konpainiek lankidetza-proiektu pedagogikoa eta ikerketa proiektua jarriko dute abian. Guztiari amaiera emateko, proiektua jendaurrean aurkeztu ko dute, zirkua, musika eta ilustrazioa uztartuko dituen ikuskizun batean.

Urritik azarora bitartean, “Crossing Voices” egitasmoak euskal eta flandriar musika garaikidea elkartuko ditu. Akartia Triok kooperaazio proiektu bat garatu du Euskal Herriko eta Flandriako hainbat konpositorerekin batera. Hortik abiatuta bi estreinaldi barne hartuko dituen kontzertu-programa bat sortu da. Bata, Ward De Vleeschouwerrren konpositore flandiarraren eskutik, eta bestea Mikel Chamizo euskal konpositorearen eskutik.

Urte bukaeran, “Korrontzi Dantzan in Flanders” proiektuak euskal eta flandriar musika eta dantza uztartuko ditu. Korrontzik euskal musika eta dantza tradizionala eramango ditu Flandriara eta, bestetik, Muziekcentru Dranouter-eko dantzariekin koreografia berriak sortu eta bere ikuskizunean txertatuko dituzte.

Datorren urtean garatuko diren proiektuen artean dago “Flenbasque Chamber Music Exchange”, musika garaikidea eta abangoardiako sorkuntza deskubirtzeko aukera emango duena. Euskal Herriko eta Flandriako konpositoreek haien lanak aurkeztuko dituzte bestearen lurraldean. Proiektu honek, gainera, denboran zehar lankidetza egonkorra izateko esparrua ezarri eta bi lurraldeen arteko musika-zirkuitu bat sortu nahi du.

“Minority Languages and Translation Seminar” UPV/EHUrekin batera antolatutako mintegia da, eta hizkuntza komunitate gutxituen kontrasterako eta ezagutza partekatzeko espazioa izango da. UPV/EHU Flandriako hainbat unibertsitaterekin lanean ari da egitasmoa 2024. urtean zehar garatzeko.

Aiaraldeko Ekintzen Faktoriaren eta Bruselan egoitza duen YouYou Group ahots taldearen arteko lankidetza proiektua da “YouYou & Irrintzia, ahots praktika tradizionalaren begirada berri bat”. Ahozko ondarea berpiztu nahian, ahots eta sormen laborategiak, topaketak eta lantegiak izango dira, besteak beste.

“Transpoesie” urtero Hizkuntzen eta Hizkuntza Aniztasunaren Europako Egunaren karietara Bruselan egiten den literatur jaialdia da. 2023an Lizar Begoña poetak hartuko du parte jaialdian.

.

Kultur Konexioak: kulturaren bidez herrialdeen arteko elkarrizketa sustatzen

Etxepare Euskal Institutua 2019. hasi zen Euskadiren nazioartekotzerako esanguratsutzat identifikatutako lurraldeei modu berezian erreparatzen, Euskadi Basque Country estrategiarekin bat eginda. Hala sortu ziren Kultur Konexioak, nazioarteko harreman horietan kultur dimentsioa txertatu eta eremu kultural eta akademikoan hartu-emana sustatzeko. Lehendabiziko jomuga Eskozia izan zen, 2019an; Quebec etorri zen gero, 2021 eta 2022 urteetan; eta dagoeneko hasia da Flandriarekin 2024. urtera arte garatuko den programa (Vlaanderen Baskenland).

Flandriar eta euskal kulturek bat egingo dute Flandria-Euskadi egitasmoaren baitan

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude