Laku bat munduan, amets egiteko
Hur Gorostiaga Seaska elkarteko presidenteak gogora ekarri du joan den urteko Herri Urrats eta gero deiadarra egin zutela, euriak jaia zeharo zapuztu zuelako. Ekarpen asko jaso izana eskertu du Gorostiagak, baina aurrerantzean ere beharko dituztela nabarmendu du, esate baterako, irakasleak izateko.
Abadiñoko Di-Da komunikazio enpresak egin du Herri Urratsen irudia eta leloa, Laku bat munduan. Senpere, euskararen aintzira dela, eta euskararen laku hori, denon artean, tantaz tanta, bete behar dela irudikatu nahi izan dute. Horrez gainera, euskara egiten ez duten euskaltzaleei, gurasoei adibidez, gonbidapen modukoa luzatu nahi diete eta erakundeei, ofizialtasunaren bidez, zor zaion lekua eman diezaioten eskatu diete.
Gorka Urbizu Berri Txarrakeko abeslariak azaldu duenez, kanta erraza baina era berean indartsua egin dute. Sustrai Colina bertsolariak egin ditu hitzak eta Izate taldeko Claire Lacarrak, koruak. Karlos Osinaga Txap-en laguntza izan dute. “Laku bat munduan / amets egiteko / Mundu bat lakuan / itsaso izateko”, dio kantak. Zuzenekoetan kanta horri “arnas emango” diotela iragarri du Urbizuk.
Herri Urratsen aurreko asteetan girotze lana egiteko zenbait jarduera egingo dituzte, esate baterako zenbait bertso saio. Jarduerok zehaztu ahala emango dituzte jakitera.