Laino gainean izarren artean

Laino gainean izarren artean –

Jakina da uztailak jazz haizeak dakartzala Euskal Herrira, aspalditik. Era berean, ekainak rock eztanda dakarrela esaten hasi beharko dugu, gero eta ugariagoak baititugu rock jaialdiak, izan EHZ edo Andoaingo rock jaialdia (egun bakarrekoa eta doanekoa), izan Azkena Rock edo BBK Legends jaialdia. Gasteizkoari gitarren jaialdia deitu izan zaio, eta beste horrenbeste esan beharko dugu mintzagai dugun Sondikakoaz ere, argazkiei erreparatu besterik ez dago.

Legenda hitza ez darama edonork sorbaldan, eta BBK Legends festibalak eskarmentu handiko artistengan jartzen du arreta. Eta aiton-amonak izanagatik sasoi onean daudela erakutsi ziguten gehienek, izan ere horregatik dute hain itzal handia; izar uxoak agudo itzaltzen dira, baina iparrizarraren dirdira indartsua da beti, bidea edo, hobe, norabidea jartzen baitie atzetik datozenei. Horrelakoxeak dira jarraian zerrendatuko ditugun musikariak.

Laino gainean izarren artean
Mavis Staples oholtza gainean, eta beste guztia soberan (argazkia: nrtz).

Izan ere, inor asper ez dadin musikariez mintzatuko gara jarraian, jaialdiaren eremu eta giroa bukaerarako utzita, bere garrantzia ere baduen arren. Hasteko, eta ahalik eta zintzoenak izateko, esan kronologia alde batera utzi eta hiru multzotan sailkatuko ditugula afixako artistak. Arrazoi ezberdinak medio ikusi ez genituenak, aspaldiko lagunak, eta oholtza gainean lehen aldiz entzuten genituenak. Ulertuko duzuenez, guztiak ere aski ezagunak diren arren, ez da gauza bera Wilco Johnson zuzenean hogeigarrenez entzun edo Jeff Beck gitarra eskuan lehen aldiz ikustea.

.

Sasoi betean

Jalalditzarretan aukeratu beharra izaten da, kasik ezinezkoa baita orduro oholtzara erne egotea. Gure kasuan, tamalez, Siniestro Total galiziarren emanaldia galdu genuen ostiralean (argazkia egiteko baino ez ginen heldu, Julian Hernandez agurtzear zela), eta musikari sorta bat larunbatean, goiz samar jo zuten Motxila 21, Dead Bronco eta Moonshakers euskal taldeak, eta Ana Popovic blues gitarra jole serbiarra. Kontutan izan ostiralean bost taldek baino ez zutela osatu kartela. Larunbatean, zazpi talde ziren jotzekoak, baina Dead Broncok, ez dakigula zergatik, ez zuen jaialdian parte hartzerik izan. Hau esanda, azpimarratu nahi dugu jaialdiak etxeko taldeei ere nazioarteko izar handiekin jotzeko aukera eman izana, eta afixa egiterako orduan emakume musikariak ere kontutan hartzea, ez dena izaten oso ohikoa.

Hutsuneak atzean utzita, aspaldiko lagunengana joko dugu, zuzenean askotan gozatu ditugunengana, gustuko ditugun seinale. Talde honetakoak dira Gari, Wilco Johnson eta John Cale. Lehen biak ez zuten izan gaurik bikainena, hirugarrena, ordea, sasoi betean ikusi genuen.

BBK Legends festibala saiatzen da eskarmentu handiko euskal artistei ere bidea ematen, eta orain bi urte Niko Etxartek eta iaz Ruper Ordorikak jo bazuten bertan, aurtengoan Hertzainak taldeko abeslari izandako gizona genuen euskal rockaren ordezkari.

Ai gure Gari! Entzuna nion behin gustatuko litzaiokeela David Bowiek koroak egingo balizkio -zer litzateke legazpiarra Londonen edo New Yorken jaio balitz!-. Bere ametsa gauzatu ezina da jada, baina ezingo da kexatu, izarrez ondo inguratuta zegoen-eta.

Sondikan ohi baino hotzago sumatu genuen gizona, lasai bainoago motel, eta ez genituen bereziki gozatu “Zaharra zara Bilbo” bezalako ereserkiak. Gainera, inguruko jendeak ere ez zion merezitako arreta jarri, oraindik orain gurean euskaraz kantatzea behar beste preziatzen ez denaren seinale. Edozelan ere, Maldanberarekin laukotean (Miguel Moyano gitarretan, Oier Aldekoa baxuan eta teklatuetan eta Natxo Beltran baterian), “Estutu” aurkeztu zuen; ez da gutxi!

Gari baino dezente sutsuago agertu zen oholtzara Wilko Johnson, ohi duen legez. Dr. Feelgoodeko gitarra jole ohiak zintzo jokatu zuen, eta saiatu zen emanaldi kaliputsua eskaintzen -hirukotean, Dylan Howe (baterian) eta Watt Roy (baxuan) fidel eta nekaezinarekin-, Telecasterra jotzeko duen manera bakar eta bereziarekin. Gizona asko bajatuta dago ordea, eta arnasari eutsi ezinik bukatu zuen. Lan berria zuen aurkezgai baina… “Going back home”, “Roxette” edo “She Dois It Right” entzutearekin nekatzerik ez dago, eta gainera, aitor dezagun, mirari bat da oraindik Wilco zaharra oholtza gainean bizirik izatea. Luzerako bedi.

John Cale artista eklektikoa da oso, eta kapaza da zuzenekorik fin eta hauskorrena zein ozen eta indartsuena jotzeko. Edo hobe, batetik eta bestetik eskaintzeko emanaldi berean, iragan asteburuan bezala. Oraindik hotz ginela eta ordurik onena ez bazen ere, kontzertu labur eta zehatza, zuzen-zuzena eman zuen -jardunaldi borobila izan genuen larunbatekoa-, orain teklatuetan eta gero gitarran (“Helen of Troy”, “Gun”, “Pablo Picasso”…); askoz grinatsuago gitarran. Rock musikaren metafora da Velvet Undergroundeko kide izandako galestarra, ilea erabat urdindua izan eta zimurrez josita dagoen arren, sasoi betean dago; nork esango zuen 76 urte beteak dituela!

Inoiz ikusi gabekoen multzoan, Steve Winwood eta Jeff Beck -ez alferrik afixa buruak-, Glenn Hughes eta Marvis Staples. Azken hau zuzenean kantatzen entzuteak sortu zigun zirrara gehien, baina zalantzari gabe emanaldi bikainak eman zituzten beste hirurek ere, delikatua Winwoodek, sofistikatua Beckek eta indartsua Hughesek.

Jaialdiko izen guztien artean, Mavis Staples kantariarenak eragiten zigun zirrara gehien, eta hunkigarria izan zen lehen lerroetan bere ahots zaparrada jasatea. “If you´re ready (come go with me)” ezagunarekin ekin zion lanari, eta hasi bezain pronto harrapatu gintuen parean geunden guztiok. Talking Headsen doinu bat egiten ere ausartu zen, eta beti irribarretsu, oholtza gainean gustura zegoela zirudien, eroso. Tarteka atsedenaldiak eginez, kantuen arteko tarteetan iraganeko azalpenak ere eman zizkigun, bere musika ibilbideaz harro. “You Are Not Alone” kantuarekin zerua ukitu zuen, eta ukiarazi zigun. Gure jakin-mina aise ase zuen Staplesek, gure aburuz jaialdiko emanaldirik bikainenean.

A zelako hirukotea utzi dugun bukaerarako. Aitortu behar dugu, ezer baino lehen, zuzenean ikusteke izateaz gain, oso-oso gutxi jarraitu izan ditugula Steve Winwood, Glenn Hughes eta Jeff Becken ibilbideak -bai, badakigu, ez dugu barkamenik-. Eta onartu, hirurek goi mailako zuzenekoak jo zituztela, gugan Staplesen eragin zuen zirrara piztu ez arren.

Publikoaren gozamenerako, Hughesek Deep Purplen garaiko hit-ak jo zituen -horrela zegoen iragarrita-, hard-rock zaleentzako erabateko himnoak, ahots sendoz, soinu pisutsu eta izar batengandik espero zitezkeen imintzio guztiekin. Gaitasunak gainezka egiten dio, eta badaki; “Georgia on my Mind” eta “Smoke on the water” kantuetan erakutsi zigun.

Askoz iheskorrago, kasik uzkur agertu zen Jeff Beck oholtza gainera -argazkilarien lana debekatuz-, lauko formazio bitxian, Princen baxu jole izandako Rhonda Smith tarteko zela eta gitarra joleetako batek tarteka txeloa jotzen zuela. Historiak eman duen aizkolaririk onenetakoa omen da, eta Sondikan ez zuen hutsik egin, hotz utzi gintuen arren. Teknikoki akasgabe agian, baina baita arima gabe ere. Ez haserretu gurekin, horrela begitandu zitzaigun eta horrela kontatu beharra dugu. Bere lana txukun bete zuela ere esan beharko dugu bada, inolako betelanik gabe, konposaketa jasoak eta garapen luzeak joz eta soinu ortzadar ikaragarria erakutsiz. “A Day in the Life” eta “You Shook Me” kantuekin itxi zuen kontzertua.

Bukaerarako utzi dugu Steve Winwood, guretzat ezezagunena izanda gehien harritu gintuena baita, emanaldi aratz, fin eta dotore bati esker. Spencer Davis Groupeko kide ohiak “I´m a man” kantuarekin ireki zuen kontzertua, talde aparta ondoan zuela. Gizon lasaia dela ematen du Steve zaharrak, eta izandako arazo tekniko nekosoen erruz ere ez zuen galdu patxada. Rockaren unibertsoa ezin besarkatuzkoa da, baina gure buruari ezin barkatuta gabiltza Winwood jaunari aurretik jaramon egin ez izana. Bikaina.

Laino gainean izarren artean
Glenn Hughes, ahots hiperrurakanatua (nrtz).

BBK Legends Sondikako La Olan egiten da, eremu gorde ezin atseginago batean. Oholtza eta oholtza-aurrea asfalto gainean paratzen dira, baina belardiak eta zuhaizpeak inguratuta dago. Zoritxarrez, eguraldi petralak bertan gozo etzatea eragotzi zigun; zorionez, aterpea ere badago, jaten emateko edo eseri eta atseden hartzeko baliatzen dena. Alde horretatik batere kexarik ez. Gainera, eta batez ere Bilbo ingurutik datozenentzat, ezin praktikoagoa da trenez bertaratzea.

Guzti horrek jaialdi hurbil eta lasaia bihurtzen du BKK Legends festibala. Eta ikuslegoa? Oholtza zapaldu zuten artistei erreparatuta, bistan da ez dela “gaztediarentzat” antolatutako festa, musika zale amorratuentzako jaialdia baino. Bertaratutakoen artean ile urdinduak ziren nagusi, eta aiton-amona asko. Guzti guztiak kontzertuetara joateko ohitura dutenak, jada ez gaude parrandetarako-eta. Laburtuz, adinean aurrera doazen melomanoentzako zinez jaialdi gomendagarria. Ea eusten dioten!

Laino gainean izarren artean Laino gainean izarren artean Laino gainean izarren artean

ZUZEUko erredakzio kide