‘La Plutónica’ auzia

‘La Plutónica’ auzia –

Bi mende iragan diren arren, La Plutónica delakoaren afera ezin da ahanzturaren putzuan desagertzen utzi. La Plutónica-ren historia ezagutzeko 200 urte atzera egiteaz gain, ozeanoz beste aldera jo behar dugu, Montevideora.

‘La Plutónica’ auzia
Montevideo, 1867

José Rosendo eta Valentín Ayllón anaiak inprimatzaileak ziren, 1821ean La Plata ibaiaren beste aldetik Montevideora arribatuak. Aspaldi ez zela, espainolak joanak ziren Uruguaitik, baina brasildarrek okupatu eta inperioari lotu zuten Uruguai “Provincia Cisplatina” izenarekin, uruguaitarren erresistentzia gorabehera. Garai politiko korapilatsu horretan, Ayllón anaiek lan handia egin zuten, Montevideoko bere inprimategitik atera baitziren hainbat berripaper, besteak beste, La AuroraEl PamperoEl Ciudadano; anaien inprimategian argitaratzen ziren horiek guztiak eta gehiago.

Duela 200 urteko ekain-uztailean, egile ezezagun baten –ala batzuen– oda bat, poema politiko luze errimatu bat, argitaratu zuten Ayllón anaiek: La PlutónicaOda dirigida a Plutón delakoak oin-ohar bat dakar, non zehazten den poema 1816koa dela, espainolak artean Uruguain nagusi ziren garaikoa, alegia. Segur aski, agintari brasildarrekin arazoak saihesteko trikimailu bat baizik ez zen. Egileak –edo egileek– bazeki(t)en ordurako urte anitz igarota gure Gabriel Arestik adierazitakoa: “Poesia mailu bat da” eta mailuaren kiderrari noren eskua heltzen zion zuhurtziaz gorde zuten. Nolanahi ere, zortzi orrialdeko eta hizkera kultuzko poema hori monarkia ororen aurkako poema ironikoa da, baina behar delarik ez ditu hitz gorriak saihesten; lagin bat, 18. ahapaldiaren zati honetan:

Hasta que la corona renunciando,

 el séptimo Fernando

 hoy la ciñe absoluta

 sin embargo de ser hijo de p…

Espainiako Fernando VII.aren gaineko oda kritikoa, finean, monarkia guztien kontrako kritika zen, eta agintari brasildarrek ere horrela ulertu zuten. Garai hartan sortuak ziren berripaperak egunkaria kritika politikorako bozgorailu bihurtzea ez zen boteretsu erregezaleen gustukoa izan. Hainbat neurri hartu zituen orduko gobernadoreak, eta errepresioak gogorrago jo zuen, Ayllón anaiek argitaratzen zuten El Febo Argentino egunkaria itxi zutelarik abuztuaren 2an; are, 26an gobernadoreak agindu zuen La Plutónica-ren ale guztiak bilatu eta konfiskatzeko, soldaduak etxez etxe joan behar izan baziren ere, Ley de Imprenta delakoa urratu izana egotzita. Anaiek La Plutónica-ren kontrako errepresioaren ondorioz, inprimategia egun batzuk itxi zuten eta kalte ekonomiko handiak jasan zituzten.

Ayllón anaiak, nahi gabeko biktimak eta, era berean, adierazpen askatasunaren borrokalariak, supituki desagertu ziren motu propio. Nora joanak ote? Ordurako independentea zen Argentinara bueltan, La Plata ibaiaren beste aldera? Ozeanoz beste alde honetara? Batek daki. Gerora, Simon Bolivar askatzaileak berak anaiak bilatzeko agindua eman zuen lagun ziezaioten, baina aurkitu ez.

La Plutónica-ren inguruan biltzen dira hainbat kontu: diskurtsoaren ahalmen iraultzailea eta boteretsuen aldetik jokabide errepresiboa; zentsuraren indar basatia eta horren biktimen pairamen eta irmotasun handia. Zentsuraren gogorra eta inperialisten bortxa gorabehera, uruguaitarrek lortu zuten –ez arazorik gabe– nazio izatea urtebete iraganda, 1825eko uztailaren 18ko konstituzioan jasotzen denez.

Zerendako ekarri orain duela 200 urteko auzi bat, eta gainera, ozeanoz beste aldekoa? Erantzuna komunista portugaldar batek eman digu, Jose Saramago zenak:  “Bada esaera bat faltsua bezain arrunta dena: iragana, iragana da, joana da. Baina iragana ez da inoiz joaten; zerbait joaten ez bada, iragana da. Iragana beti dago. Geure buruaren eta besteen memoria gara. Daukagun memoria gara”.

Orain dela 25 urte Egin eta duela hogei Euskaldunon Egunkaria itxi egin zituzten Espainiako Koroaren indar armatuek –eta ez da metafora bat, erreparatu, bestela, Guardia Zibilaren logoaren koroari–; 11 lagun atxilotu, torturatu eta Ayllón anaiek jasan behar izan ez zuten infernua pasarazi. Monarkien gehiegikeria eta zentsuraren adibideak ikusteko ez dugu 200 urte atzera egin beharrik, ezta ozeanoz beste aldera jo beharrik ere.

‘La Plutónica’ auzia  ‘La Plutónica’ auzia

Iruñean sortua, 1967an, baina aspaldi Berriozarkotua. Ingeles irakaslea —erretreta hartuta baina ez erretiratuta— poeta, idazlea eta artikulugilea. Narratiban, hainbat ipuin ditu sarituak eta argitaratuak, bertzeak bertze, Tene Mujika lehiaketa, Orixe saria, Iparragirre saria eta Atarrabiako Petri saria. Haur eta Gazte literaturan, Johanes, Bargotako Aztia liburua, (Txalaparta) eta Hiru Miru album ilustratua (Denonartean). Olerkigintzan, bi haiku-bilduma, Gerezi garaiko haikuak liburua (Maiatz) eta Orbel Azpiko Haikuak (Denonartean), Aingurak eta Arrangurak (Pamiela, 2018) eta Hitzen hasperenak (Maiatz, 2019). Zuihitsua saikaera da bere azken liburua (Dakit, 2022. Ohiko kolaboratzailea Euskalerria Irratian, Maiatz aldizkarian eta baita Hatsa olerki bilduman ere. Artikuluak ere, berrehun baino gehiago ditu argitaratuak han-hemenka. Noriko Matsui-ren How to perform kamishibai eta Ryookanen 101 haikuak liburuen itzultzailea da, eta, orobat, euskarara itzuli ditu Idea Vilariño, Wislawa Szymborska, Paco Urondo, Joan Margarit eta Ernest Hemingway-en poemak, Euskal Idazleen Elkarteko idazkari (2010-2014) eta Nafar Ateneoaren Euskara eleduna (2017-2020) izan da.

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude