Kritika Zinematografikoa: “La Contadora de películas”
Kritika Zinematografikoa: “La Contadora de películas” –
Zuzendaria: Lone Scherfig
Urtea: 2023
Herrialdea: Espainia
60ko hamarkada, Txilen. Atacamako basamortuan kokaturiko meatze-eremu betean, baldintza sozioekonomiko zailetan bizi den arren, Maria Magnolia bere alabari, Maria Margaritari, artearekiko grina transmititzen saiatzen den emakumea da. Irudimenez beteriko haurra, herriko istorioen kontalari bilakatuko da, zinema-sarrera ordaintzeko diru nahikoa ez duten komunitateko kideen mesederako. Izan ere, neskak pantailako irudiak gogora ekartzeko duen gaitasuna egoera mingarriei aurre egiteko beharrezko heldulekua izango da inguru bereizi horretan abandonaturiko bizilagunentzat.
Hernan Rivera Letelier idazle txiletarraren izen bereko eleberria oinarri, Walter Sallesek, Rafa Russok eta Isabel Coixetek zinemarako ondutako egokitzapena duzue honakoa. Horiekin batera, zuzendari daniar bat -Lone Scherfig-, ekoiztetxe espainiar bat -A Contracorriente- eta lehen lerroko aktore-multzoa -Berenice Bejo, Antonio de la Torre eta Daniel Brühl buru dituena- plater nagusia osatzeko osagai gisa. Hasiera batean, ñabarduretan aberatsa den proposamen baten aurrean gaudela pentsatzera eraman gaitzake horrek, baina firmak aurrera egin ahala ideia hori desitxuratuz joango da.
Gauzak gertatzen hasiko dira; ezbeharrak bata bestearen atzetik. Beste bat. Eta beste bat. Eta ez diote gertatzeari utziko. Eta hain zuzen, nahasten dituen istorio horietan dago traba. Trama ugari eta sakabanatuak, tratamendu azkar eta arinekoak, protagonista dituzten aktore distiratsuen lana indargabetzeko modukoak.
Horrekin ere, ez nuke aditzera eman nahi film txarra denik. Izan ere, zinemaren ikuspegi erromantikorik ez dutenentzat ere ikustaldi atsegina izan daitekeela uste dut: ideia interesgarriak darabiltza, eta gogorarazten digu zinema plazebo ona izan daitekeela bizitza ilun eta arbuiagarri bihurtzen den une horietarako. Zinemaren botereari oda bat, baina baita filma kokatzen den garaiko testuinguru soziopolitiko gogor eta asaldatuari eginiko hurbilketa gordina, tarteka zirraragarria, batzuetan intimista eta bestetan, tamalez, azalekoegia.
Kritika osorik irakurtzeko, sartu ZINEA atarian!
Kritika Zinematografikoa: “La Contadora de películas”