Kurdistango Kobane hiriko ordezkaritza izango dugu Azokan, “Hala ere” dokumentalaren proiekzioa ikusteko
Kurdistango Kobane hiriko ordezkaritza izango dugu Azokan, “Hala ere” dokumentalaren proiekzioa ikusteko –
Gaurkoan Landako Gunera sartzeko txanda guztiak bete dira, eta biharkoetan ere erreserba guztiak agortzear daude. Abenduaren 7an eta 8an izena eman daiteke oraindik, eta online denda martxan egongo da asteartera arte.
Bihar hainbat ekitaldi izango ditugu Durangoko Azokan: diskoen aurkezpenak (Trigger, Bixente Martinez, McOnak, Iheskide…); literatur solasaldiak (Unai Elorriaga, Irati Goikoetxea, Jon Arretxe, Alaine Agirre, Yolanda Arrieta…); Lander Garroren “Tipularen sehaska kanta” lanaren estreinaldia; Formol Laborategiaren “Album” antzezlana…
Durangoko Azokak bere laugarren eguna biziko du bihar, eta txanda guztietan erreserbak agortzear daude. Egunero bost txanda antolatu dira erakusmahaiak bisitatu ahal izateko, bakoitzean 1200 bisitarirekin, eta guztietan izen emateak amaitzeko zorian daude. Abenduaren 7an eta 8an ere Landakora sartzeko izena eman daiteke oraindik. Horrez gain, edizio honetako DA! poltsa bereziak ere agortu dira gaur, baina oraindik eros daitezke DA! poltsa beltzak, euro baten truke.
Erakusmahaiak bisitatzeko aukerarik ez dutenek erosketa online egiteko aukera izango dute durangokoazoka.eus webgunean. Bertan topatuko dituzte Landakon eros daitezkeen sormen lan guztiak: liburuak, diskoak, ikus-entzunezkoak, komikiak eta abar. Online denda abenduaren 7ra arte egongo da zabalik, hau da, aurrez aurreko Azoka baino egun bat lehenago amaituko da.
Azokak egitarau zabala izango du biharkoan ere. Hitzordurik bereziena 12:00etan izango dugu, Irudienean. Bertan “Hala ere” dokumentalaren proiekzioa izango da; lan honetan Kurdistango Kobane hiriko liburutegiaren istorioa kontatzen da. Kobane Durangorekin senidetuta dago, eta herri biek badute istorio amankomun bat, biek pairatu dituztelako bonbardaketak. Dokumentalean kontatzen den bezala, 2014. urtean DAEX talde armatuak Kurdistango hiri hau bonbardatu zuen, tartean, bertako liburutegia.
Gaur egun liburutegia berreraikitze lanetan ari dira, eta istorio hori kontatzen duen dokumentala egin du Sherwan Bilal Youssef zine-zuzendariak. Ikus-entzunezko lan hau euskaraz azpititulatuta eskainiko da, eta aurkezpena Kobanetik etorri den ordezkaritza batek egingo du: Nariman Mohammed (Siria Ipar eta Ekialdeko intelektualen eta idazleen batasunaren presidentekidea), Rawda Hasan (Jazira kantoiko kultura ministroa) eta Manal Mohammad (Kongra Star elkarteko kidea, Siria Iparraldeko emakume mugimendu guztiak barne hartzen dituen instituzioa).
Horrez gain, Irudienean, Lander Garroren “Tipularen sehaska kanta” dokumentalaren estreinaldia izango da, 18:30ean.
Ahotseneako disko aurkezpenei dagokionez, bihar ere hamar zuzeneko izango ditugu Plateruenan. Bertara joateko ezinbestekoa aldez aurretik izena ematea. Momentuz, bi aurkezpenetarako sarrerak agortu dira: McOnak eta Iheskide. Erreserbak egin daitezke gainontzeko zortzi zuzenekoetarako: Trigger, Jabi Patxon & Kofradia Rock, Bixente Martinez, Hibai, Iker Martinez eta zaldi herrenak, Bengo, Etxekalte + Habi eta Joseba Irazoki eta lagunak (J.I.E.L.).
Solasaldien kasuan, Landako Guneko Areto Nagusian eta Musika Eskolan idazle ugari izango ditugu: Jon Arretxe, Irati Jimenez, Yolanda Arrieta, Alaine Agirre, Unai Elorriaga, Jon Maia…
Szenatokian 19:00etan Formol Laborategiaren “Album” lana ikusi ahal izango da. Edurne Azkaratek zuzendutako antzezlan honek Zubi deialdiaren V. edizioa irabazi zuen. Saguganbaran, bere aldetik, ipuin kontaketak, liburu aurkezpenak eta tailerrak egongo dira egun guztian zehar, Elkartegian eta Landako Guneko Areto Nagusian.
Kabi@n geruza digitalen hirugarren saioa izango dugu, 11:30ean Landakoko areto nagusian: “Bideojokoetako munduak euskaraz ezagutzea, posible ote?”. Talaian, bere aldetik, hainbat proiektu aurkeztuko dira: “Aita Mari”, “Irudigintza Profesionala Euskal Herrian”, “Egunkaria, gizarte zibilaren arrakasta”…
Azokako gune guztietan ezinbestekoa izango da uneoro maskara jantzita izatea, jende-pilaketak ekiditea eta osasun-neurri guztiak betetzea. Durangoko Azokak dei egiten die kulturzale guztiei arduraz jokatzeko Azokako espazio guztietan, eta baita Azokatik kanpo ere, Durangoko herrigunean.
Kurdistango Kobane hiriko ordezkaritza izango dugu Azokan, “Hala ere” dokumentalaren proiekzioa ikusteko