[#EztabaidaNazionala] Euskal Errepublika erdira

Euskal Errepublika erdira –

“… mundua ederragoa da 

hurbilduz bazterrera.”

Saioa Alkaiza

Merezitako txaloak jaso ditu Saioak Nafarroko Txapelketako agur bertsoa dela eta. Niri, artikulu hau idazten ari nintzela, bazterretan aritzea txikira jokatzearekin parekatzen duen diskurtsoa etorri zait burura. Foko guztiak beretzat dituenak bazterretan dagoenari zentralidadea emanez, sistemak ezarritako erdigunea hankaz gora jartzea baino gauza handiagorik bururatzen?

Euskal Errepublika erdira

Gogoetaren aurkezpen txiki bat

Eztabaida Nazionalean parte hartzea eskaini zidatenean ausartegia iruditu zitzaidan publikoa egingo den ezer idaztea. Osasun kontuak direla eta urte eta erdi erretiratua egon ondoren, herdoildua eta jokoz kanpo ikusten nuen nire burua. Baietz esan nuen ordea.

Kolektiboaren indarra izango bada burujabeak egingo gaituena, kolektiboak izango dira bideak eskatzen dituen erabakiak hartzeko ariketak. Hori da, laburbilduz, nire gogoetaren muina: eztabaida nazional honetan parte hartzen dut Herri hau eztabaidan jarriko duen ekimen nazionala behar dugula pentsatzen dudalako.

Ez naiz ni izango burujabetza prozesuaren korapiloak askatuz, Euskal Errepublikara eramango gaituen bidea proposatuko duena. Ez dut nire burua halako estimuan. Ezta beste inorena ere. Baina aurrera egin ezean, gure biziraupenerako baldintzak okertzen ari direla ikusten badugu (eta hori da nire kasua), arduragabea litzateke eztabaidari ihes egitea, halako iniziatibei bizkarra ematea.

Nondik gatoz – non gaude – nora goaz – nola egingo dugun, oinarrizkoa bezain funtsezkoa den eskema erabili dut gogoeta egiteko. Nora goaz galderan luzatu gabe. Ez dut uste Euskal Errepublikara eramango gaituen bidearen eztabaidan, bestelako aukerek lekua dutenik. Eta ez dut ikusten, Euskal Herriak etorkizun duin bat izango badu, bestelako aukerek, helburu eta iparrorratz gisa, ezer gutxi balio dutenik. Egongo dira gaurkoa gaindituko duten agertoki politiko-instituzionalak, sortuko ditugu gaur ez ditugun baldintza sozialak, baina horiek bidea nola egin eztabaidari erantzuten diotela deritzot. Nora goazen galderaren erantzuna bihurtzeak bidea bere osotasunean irudikatzeko harria bihurtzea ekarri dezake, Euskal Errepublikaren erreferentzia ezkutatzen duen harri handia, hain zuzen ere.

Euskal Errepublika erdira
Arg: Dani Blanco, ARGIA

Borroka ziklo berriaz

Aieteko Akordioari begiratu diot nondik gatoz galderari erantzun nahian. Askapen prozesua aztertzeko askoz ere atzerago egin behar badugu ere, Aiete da borroka garai berriaren irudia. Euskal Herriaren eta Estatuen arteko gatazka politikoa hemen eta nazioartean aitortzen duen akordioa, gatazka gainditzeko bide bat proposatzen duena bertako eragile nagusien babesarekin, eta borroka garaiaren izaera eta ezaugarriak izango direnak ezartzen dituena. Aiete diplomazia izan zen bai, baina baita guzti hau ere. Aiete horrela ikusita, ondorengo urteetaz hiru gauza azpimarratuko nituzke nik.

Batetik, zein erraza izan zitzaien (egin genien) bertan parte hartu zuten euskal eragile gehienei Aieteko bidetik alde egitea. Akordioa ez zen Estatuaren borondatean oinarritzen. Bai ordea, Estatua behartzeko eta mugiarazteko Euskal Herrian atzematen zen indarrean eta gaitasunean. Euskal eragileen ekimenez, herriaren kemena bideratzea zen Aieten ezarritako bidea egiteko giltza, gehiengoaren borondatea errealitate berriak sortuko zituen indarra bihurtzea hain zuzen ere. Aldiz, eragile gehienek ihes egin zuten. Inolako arazorik gabe.

Inolako kosturik gabe. Sorpresarik patronalaren jarreran? Batere. Ezustekorik estatuaren demokratizazioari 78an uko egin zionak Euskal Herrian marko demokratikoa eraikitzeko ahaleginik egin ez zuelako? Ezta ere.

Aztertzekoa da hala ere, geratutakoak ez ginela gai izan Aieteko bidea nazio prozesu herrikoia bilakatzen. Ez genuen Herriaren neurrikoa egin; ez genuen Herriaren erantzukizuna bilakatzearen aldeko hautua egin. Ez zen aukera bakarra, baina bazen aukera bat, logikoa gainera, borroka garai berriaren oinarria gehiengoaren borondatea izanik.

Bestetik, deigarria da ere momentu historikoari agenda amankomun batekin aurre egiteko erakutsitako ezintasuna. Aiete lurrikara politikoa izan zen, egoera politiko eta instituzionala goitik behera aldatzeko ahalmena zuen lurrikara. Krisi ekonomikoa gurutzatu zitzaigun bidean, eragile ekonomikoei hortzak zorroztu eta eragile sindikal eta sozialak muturreraino tenkatu zituen krisia. Herri mugimendua ez zen astinalditik kanpo geratu, noski. Nahaste borraste honetan, gogoratzekoa da norberaren burua birkokatzea eta bakoitzaren esparrurako planak egitea nagusitu zela.

Bake agenda, krisiaren kontrako greba eta mobilizazio agenda, lantokiz lantokiko borroken mapa enplegu suntsiketaren aurrean, egoera politikoa astindu eta errealitate instituzionala hankaz gora jarri zuen aliantza politikoa; eta borrokari segida euskalgintzatik, mugimendu feministan, herri eta auzoetan… Euskal Herrian zegoen eta badagoen borrokarako gaitasuna ikusi zen beste behin ere. Baina ezin esan borroka garai berriaren zutoinak, oinarriak, adostasun politiko eta sozialak ezarri genituenik.

Bakoitzak bere esparruan eta esparrutik, nekez esan genezake Herri erantzun antolatua izan zenik. Birkokatzeak guztiz logikoak dira testuingurua goitik behera aldatzen denean, norberak bere logikaren, edo guztion artean eraikitako logika komunaren baitan egiten dugun da aldea. Aurrenekoa gailendu zen gure artean, borroka garai berriak behar duen Herri logika eta pentsamendua sortzeko momentua aproposa izan arren, baldintzak hor egon arren.

Azpimarratuko dudan azkeneko gauza, eztabaida garrantzitsuenak dikotomikoak egiteko erakutsitako trebezia da. Instituzioetatik eta kaletik. Nazionala edo soziala. Erresistentzia edo eraikuntza. Protesta edo propuesta. Iñozoa da pentsatzea dikotomikoak ez diren eztabaidak egiteko gaitasunik badenik, ez dakigunik osagarriak direla; txanponaren bi aldeen irakurketa egin zuen Herria izaten jarraitzen dugu. Borroka ezberdinak elkarlotzeko, estrategiak bere osotasunean hartuz kontraesanak gainditzeko, arriskuak bereganatzeko eta aukerak baliatzeko ahalmenak ekarri gaitu hona neurri handi batean.

Eztabaidek halako forma hartzeak atzean zer duten eta zer erakusten duten aztertzea litzateke kontua. Korapiloak arakatzen eta askatzen ari gara?, edota prozesuaren lidergotza, ardatzak, eragileen arteko harreman ereduen lehian gabiltza? Esango nuke, ausartegia izan baliteke ere, espazio independentista berreraikitzeko eztabaidak zeharka egiten eta bulegoetan erabakitzen ari garela.

Euskal Errepublika erdira

 

KrisiA. KrisiaK. Aldaketak. Ziurgabetasunak. Egiak. 

Azken hamarkadak bi ezaugarri nagusi izan dituela esango nuke: krisiA(k) batetik, eta borrokaren bidean gauzak zenbat aldatu diren bestetik. Krisia egoera jakin eta koiunturala izatetik, errealitatea ezartzen eta azaltzen duen egoera izatera pasa da. Krisi finantzieroa, ekonomikoa, soziala. Krisi politikoa, instituzionala, zilegitasun krisia. Klimatikoa. Osasun krisia, zaintza krisia. Energetikoa, hornidura krisia, krisi ekonomikoa. Krisiak ez dira ziklikoak, ez dira aldaketak egiteko trantsizio momentuak. Krisia da egoera, elkarren artean elikatzen diren krisiak gordin gordinean ikusten eta bizitzen ari gara. Egoera bera da aldakorra, eta ezustean aldatzen da gainera. Errealitatearen bilakaera kontrolatzeko ahalmena zuen botereak, orain krisia kontrolatzea eta gestionatzea da boterea.

Egia da, eta borrokaren emaitza da, 78ko erregimena krisiak jota dagoela. Bereak eman ditu independentismoa itotzeko eta nazio aldarrikapenak likidatzeko helburuan. Eman ditu eman beharrekoak estatua espainiarra demokratizatzea helburu edo amets zuenarentzat. Eta hala bada ere, azken hamarkada guztietako krisiak kudeatzeko tresnak eta zilegitasunak ziurtatu dizkio Estatuari.

Egiturazkoak diren, gure bizibaldintzak markatzen dituzten eta etorkizuna nolakoa izango den ezartzen duten aldaketa gehien gehienak ez ditugu guk erabaki. Ez GU Euskal Herria, ez GU herria ere. Ezta GU langileria osatzen dugu gizon eta emakumeok. “Estatua edukitzea ez da nahikoa” diotenei, “Estaturik gabe ezin dugu” erantzun diegu. Biak ala biak egia izan, krisiari aurre egiteko burujabe egingo gaituen bidean ezer gutxi lagundu duen korapiloetan denbora eta indarra galtzeko arrazoi bihurtu ditugu norberaren egiak. Eta ez gaitezen okertu, segida eman diogu borrokari, horrela egin dugu aurrera, biribilgune batetik bestera, Euskal Errepublikarako bideak ez duelako bide zuzenik, zidorrik, ezta ziurrik ere.

Erabakitzeko giltzarik ez dugu behar, giltza gu bagara.

Bere momentuan baztertu genuen Euskal Estatuaren eratzeko prozesua martxan jarriko duen independentziaren egunari begira jarraitzea. -gintza borroka garaian buru belarri sartuz uztartu genituen nazio nortasunaren defentsa, etorkizunean estatua izateko instituzio nazionalen sorkuntza, gaur dagoenetik abiatuz etorkizun berri eta ezberdin bat irudikatzeko praktika instituzionala, eredu sozioekonomikoaz erabakitzeko tresnak eskuratzeko klase borroka. Erabaki genuen eta bidea hezur mamimatu genuen. Eragile asko gogoz atxikitu ziren eta beste asko mugitzera behartuak ikusi zuten euren burua. Gure kabuz, gure ekimenez.

Atzera begira segi gabe, krisi oso eta orokorrak irentsi ez gaitzan, Euskal Herriak biziraun behar duelako, erabakitzen jarraitzea, erabaki berriak hartzea beste biderik ez dugula adostasun orokorra dela esan genezake. Baldintzak daudela erakusten duena berriro ere. Egoerak Euskal Herriaren borroka gurea dela, langileona, feministena, belaunaldi berriena, pentsionistena dela erabakitzea eskatzen du. Eta hori da, hain zuzen ere, Euskal Errepublikak ziurtatu behar diguna. Etorkizunean ekarri baino, gaur, beharrezkoa den une honetan, eman behar diguna.

[#EztabaidaNazionala] Euskal Errepublika erdira
Arg: Ibai Lemon

Kapitalak, patriarkatuak, enpresaburuek, oligopolio energetikoek, edota kudeatzaile neoliberalek lapurtzen digutelarik, egunero egunero gure bizitzak gurutzatzen dituzten krisien aurrean zer egin erabakitzeko gaitasuna Euskal Errepublika da. Orain eta hemen, garai hauetan hitza eman eta erabakiak hartzeko aukerak eskaini ahal dizkiguna. Lapurtu diguten hitza berreskuratzeko aukerak ematen dizkigun bidea izatea da gaur egun, hain zuzen ere, Euskal Errepublika.

Jarduera instituzionalaren bidez, maila lokalean, baina baita gainontzeko mailetan ere. Mugimendu politikoen arteko elkarrizketa eta eztabaida antolatuen bidez. Parte hartze zuzena bideratuz momentuak, gaiak, erabaki esparruek aukera ematen dutenean. Nekez lortuko dugu inork Euskal Errepublika onartzea eta aitortzea, gure artean lekurik ez badu. Euskal Herriaren premia, eskubide eta interesak ziurtatzeko baliorik ez badu. Etorriko dira instituzionalizazio prozesuak, erabakitzeko eskubide formala lortuta praktikan eraiki dugunari forma juridiko, politiko eta instituzionala emateko garaiak. Etorriko dira, aldebikoak diren urratsak behartzeko presio mekanismorik emankorrena gure kabuz eta gure ekimenez urratsak egitea dela ikusi dugulako.

Ez dugu Euskal Errepublikarik edukiko Estatuak mugitu, nazioartearen babesa jaso, erabakitzeko eskubidea lortu eta gehiengoak Errepublikaren alde egin arte. Horretara iristeko bidea da Errepublika izaten hastea, gu geuk aitortzea erabakiak hartzeko ahalmena gure buruari.

Erdigunetik egiteko, parte hartze politikoa erdigunera

Ni ere banaiz krisiak jotako sistema hau bazterretatik aldatzerik ez dagoela pentsatzen duenetakoa. Ez dugu bazterretan gotortzerik, ez dugu zentralitateari uko eginez lortuko. Baina sistemak geroz eta jende gehiago kanporatzen duelarik erdigunetik, geroz eta murritzago delarik erdigunean dagoena eta egin daitekeena; erdigunea aldatzea lehen mailako helburu politiko bihurtu ezean, erdiguneak irentsi eta gu aldatzea izan daiteke emaitza.

Bazterretan borrokatuz eroso bizi dena badagoela entzuteak barruak astintzen dizkidala onartuko dut. Bazterretan dago erditik kendu nahi den prekarietate eta pobreziaren kontrako borroka, etxegabetzeei erantzuna, enplegu suntsiketaren ondorioak, bortizkeri matxista, zaintzaileen lana ezkutatzeak (oraindik ere emakume askorentzat dakarren pobrezia arriskuaz jakitun). Bazterretan dago migrazioaren errealitatea, atzerri legeak bilutsik uzten dituen kolektiboen egunerokoa. Bazterrean, etorkizunik ez duen lanbidea izanagatik arrantzaleen azken belaunaldia direla pentsatzen dutenak eta ondoan elikadura burujabetzari garrantzia eman baina bertako nekazaritza aurrera ateratzeko borrokan euren burua bakar bakarrik ikusten duten baserritarrak. Egia da bazter hauetan egiten den guztiak ibilbide eskasa duela sistema kapitalista suntsitzeko, borroka guzti hauek bide oso baten baitan kokatzen eta egiten ez baditugu. Hankamotza agian bai, erosoa sekulan.

Anbizio faltaz hitzegiten da ere. Ez zait sistemak baztertzen duen guztia eta baztertzen dituen guztiari zentralitatea emanez sistemaren erdigunea iraultzea baino helburu anbiziosogorik bururatzen. Hori izan daiteke, agian bai, bazterretatik-erdigunetik eztabaidarako irtenbideetako bat, aliantza marko berrietarako aukera bat.

Sistemak ezarritako eta sistemaren araberakoa den erdigunea konkistatzea eta Euskal Errepublikaren bandera jartzea, guztia aldatzeari ekitea, aukera bat da. Euskal Errepublika, bazterrak erdigunera eramango dituen bidea bilakatzea izan liteke beste aukera bat. Zentralitate berriak ezartzea agenda politiko eta soziala aldatzeko, eztabaida markoak gure helburuen arabera berregiteko, erabakiak gure kabuz eta Euskal Herriari begira hartu ahal izateko… eskala lokaletik nazionalera, gaurko marko instituzionala horretarako baliatuz.

Euskal Errepublika da bakarra, helmuga baino, prozesu bezala ulertua, zentralitate berriak eraikitzeko eskaintza politikoak egin ditzakeena. Herri bezala eztabaidatuz herri erabakiak hartzeko bideak antolatzeko bokazioa izan dezakeena. Egia da, bide honek, Estatuekin konfrontatzea ekarriko duela, goiz ala berandu. Horrek jendea uxatzearen beldur gara.

Baina sistemak hainbeste jende bota duenean, hainbeste lagunei lapurtzen dienean etorkizun duin baterako espektatiba oro… beldurgarriagoa iruditzen zait hainbeste sufrimenduren iturri den sistema kudeatzearen aukera.

Euskal Errepublika erdira Euskal Errepublika erdira Euskal Errepublika erdira Euskal Errepublika erdira Euskal Errepublika erdira Euskal Errepublika erdira Euskal Errepublika erdira Euskal Errepublika erdira Euskal Errepublika erdira Euskal Errepublika erdira Euskal Errepublika erdira Euskal Errepublika erdira Euskal Errepublika erdira Euskal Errepublika erdira Euskal Errepublika erdira