Kritika zinematografikoa: ‘Zumiriki’

.

Zuzendaria: Oskar Alegria

Urtea: 2019

Herrialdea: Euskal Herria

Luze galdutako haurtzaroaren paradisura begira topatzen du Oskar Alegriak zumiriki, agertu eta desagertzen den irla mirakuluzkoa. Fantasia hutsetik haratago, Arga ibaiko hertz isolatuan eraikitzen du etxola Alegriak, haurtzaroko jolasen lekuko izan zen irlaren parean, inguruan presa bat eraikitzearen ondorioz, urak irentsitako lur desagertua baino ez dena gaur egun. Iraganaren, orainaren, eta bien arteko zubia den memoriaren eskutik, lau hilabetez biziko da Alegria ibai hertzeko etxolan, zenbait animalia kuxkuxero eta bi oiloen konpainia soilaz, irla izandakoaren zantzu bakarrak diren zuhaitz luzangekin batera.

Kamera estenopeikoen funtzionamenduaren gisa, bere etxola ilunaren zirrikituetatik begiratuko du Oskarrek natura, horren distira harrapatu eta modu hunkigarrian ikusleari eskainiz. Kosmos berezi honetan murgilduta, Oskar entzun, ikusi eta bere esku trebea antzemango dugu, oihanean zehar barreiatu zituen hainbat kamerek bildutako irudietan. Bere egonaldi bakartiaren xehetasunak biltzera mugatu ez, eta kontakizun zeharo eskuzabal eta anitza konposatzen du nafarrak. Hala, ingurunearekin nahastuz, subjektu ugariko bilbe aberatsa onduz doa, lurraldeko izaki bizidun orori bere unea eskainiz: gaueko animalien joan-etorriei, ezusteko bisitariei, haurtzaroko irla izan zena ferekatzen duen uraren jarioari edota zuhaitzen arteko espazioari.

Oskarrek basotik kanpo ere garamatza Zumiriki-n (2019). Izan ere, arbolen adarrak bezalaxe, erro beretik sortu eta hamaika bide ezberdinetara zuzentzen dira istorio hau osatzen duten pasarteak. Aparteko aipamena merezi dute pasarte horietako batzuek, hala nola, idi gidarien filmazio zaharren soinua berregitearena edo euskal Pirinioetako zenbait artzainekin emandako azken gauarena. Benetan zoragarriak, haien kabuz film labur itxurosoak izan zitezkeen biak.

.

(…)

Kritika osorik irakurtzeko, sartu ZINEAn!

Euskal pantailaren gunea

3 pentsamendu “Kritika zinematografikoa: ‘Zumiriki’”-ri buruz

  • Arran O'pola 2021-06-19 23:59

    Bai jatorra Oskar hau. Euskaldunoi bizkar bi bider. Españolez egina ingelesezko azpitituluekin. Zumirikitik hartzera!

  • Arran(Tzaka Pox)pola: ingelesez kantatutako diska baten euskarazko kritika bat aditzen/irakurtzen duzularik ere begiak/belarriak ixten dituzu minaren minez?

  • Arran O'pola 2021-06-20 09:46

    Kabe Rgel maitea, euskalerritar batek españolez sortu eta ingelesez azpidatzitako lan batek, bizkarra ematen digu bai ala bai. Kosmopaletoei izan ezik noski.

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude