Kritika Zinematografikoa: “The Teachers´ Lounge”

Kritika Zinematografikoa: “The Teachers´ Lounge” –
Kritika Zinematografikoa: "The Teachers´ Lounge"

Zuzendaria: Ilker Çatak
Urtea: 2023
Herrialdea: Alemania

Kritika Zinematografikoa: "The Teachers´ Lounge" -Elkar entzuten eta ulertzen ikasteko garaia dugu-

Isilean isilean, bete tokitxoa egiten ari da THE TEACHERS’ LOUNGE. Ez du beharbada Anatomie d’un chute laudatuaren oihartzunik izan, baina funtsean batak zein besteak gai edo helduleku berdintsua dutela aintzat hartuta (egia demostratzearen ezintasuna), eskola-eremuan girotutako thriller moralista hau ez litzateke inolaz ere ekoizpen frantziarraren itzalpean ahaztuta gelditu beharko. Justine Trieten drama judizialaren izaera performatibotik aldenduta, eztanda egitear dagoen lehergailua eraiki du Ilker Çatakek, erritmo bizia duen istorio magnetiko eta sarkorra dakarrena.

Bigarren hezkuntzako eskola batean gertatutako lapurretek zalaparta izugarria eragingo dute zinemagile alemaniarraren film berrienean, eta erantzulea nor den jakiteko premia itsuak (zentroaren ‘tolerantzia zero’ politikak) ondorio latzak izango ditu pertsonaia guztiengan. Hasi Carla Nowak matematika eta kirol zientzien irakaslearengandik, lankide, ikasle zein horien gurasoenganaino. Denek ere, konfliktoaren inguruko ikuspuntu distortsionatua elikatuko dute, zurrumurruen zurrunbiloari eta informazioaren desitxuraketari leihoa irekiz.

Bada, ikus-entzuleon saman estutzen joango den zapia da THE TEACHERS’ LOUNGE. Çatakek ez gaitu sekula eskolatik aterako, proposatutako planteamendu bisual hertsiak ihesbiderik ez baitu aurkituko. Eraikinaren egituraketa laberintikoa, planoaren formatu akademikoa/karratua eta soinu banda zanpatzailea presio-adierazle formalak dira, Léonie Benesch aktoreak konbentzio handiz haragitutako Nowak hezitzaileak jasango dituen epaiketa sozialen proiekzio estetikoak.

Çatakek irauli egin du ikaskuntza erdigunean jarri izan duten filmen ohiko ildo baikorra. Besteak beste, Dead Poets Society (Peter Weir, 1989), Entre les murs (Laurent Cantet, 2008) edota À voix haute – La force de la parole (Stéphane de Freitas, 2017) lan ameslarietan piztuta mantendu izan den esperantzaren sua itzali egingo da. Irakasleen bokazioa eta militantzia, ikasleen motibazioa, hezkuntzaren beraren garrantzia unibertsala… ez dugu horrelakorik hautemango, THE TEACHERS’ LOUNGE-k utopikotik baino krudeletik baitu gehiago. Gauzak horrela, eskolak ez du etorkizun oparoaren eta gure ondorengoen jakituriaren habiaren funtziorik beteko, baizik eta instituzio-egitura bertikala lez, gizarte ustelaren ispilu dela ohartaraziko digu.

Kritika osorik irakurtzeko, sartu ZINEA atarian!

Kritika Zinematografikoa: "The Teachers´ Lounge"

Kritika Zinematografikoa: “The Teachers´ Lounge”

Euskal pantailaren gunea

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude