Kritika zinematografikoa: ‘Mass’

Kritika zinematografikoa: ‘Mass’ –

Zuzendaria: Fran Kranz
Urtea: 2021
Herrialdea: AEB

-Barka diezazkiogun bekatuak-

San Paulok Kristoren hitza iragartzeko egin zituen misiolari bidaia haien garaitik hona, ebanjelizatzeko agindu unibertsala nagusitu da kristau pentsamenduan. Izan ere, egon al zitekeen Jesusen hitza sustatzeko Paulo Tarsokoa baino hoberik? Lehen kristauak jazarri zituen soldadu erromatar ohia baino hoberik, alegia, bere buruarengan konbertsioaren mito erradikalena irudikatuta? Affirm Films ekoiztetxe amerikarrak San Pauloren istorio hari buruzko filma atera zuen duela urte batzuk, Risen izenekoa; santua eredutzat hartuta, badirudi kristautasuna zabaltzeko ahaleginean jarraitzen duela ekoiztetxeak, zinema propaganda erlijiosorako erabiliz. Hain zuzen ere, Estatu Batuetan arrakasta handia izan duen estrategia da: Affirm Filmsekin batera, hor dabiltza Pinnacle Peak Picturesen tankerako beste hainbat ekoiztetxe etengabe film kristauak egiten (azken horrek, esaterako, God´s Not Dead sagarekin 200 bat milioi dolar bildu ditu nazioartean).

Massek (“meza” ingelesez), Fran Kranz aktoreak idatzi eta zuzendutako lehen filmak, Ameriketako aurreko film kristauek bezala, ateoaren konbertsio klasikoa jasotzen du istorioaren unerik katartikoenean. Hala ere (eta hona hemen, nire aburuz, egin beharreko galdera), egin al daiteke estruktura horrekin berarekin, hau da, fede-aldaketa helburu duen arku emozionalarekin, propaganda erlijiosoa ez den zerbait? Bada, esango nuke Kranzek lortzen duela. Arrazoia, beharbada, Blecker Street ekoiztetxe txikiak inor konbertitzeko asmorik ez izatea da; Estatu Batuei buruz esateko zerbait duten errealizadore berriei ahotsa eman nahi diela dirudi, fededunak zein fedegabeak izan. Izan ere, Europarrontzat ez da erraza izaten mezaren erritualek oraindik Ameriketan duten indarraldia ulertzea, baina sozializazio gune garrantzitsuak dira oraino ere elizak. Eliza batean batuko dira filmeko protagonistak, bi bikote ezkondu, iraganeko gertaera traumatiko bati buruz hitz egiteko, eta ordutik zabalik dituzten zauriak sendatzen saiatzeko. Ez nuke iraganeko arazo hura zertan datzan esan nahi, filmaren gidoiak informazioa ondo dosifikatzen baitaki, ia bi orduz ikuslearen arreta maisuki atxikitzeko. Esango dut herrialdearen arazo polemiko horietako batekin duela zerikusia, eta aukera-aukeran datorkiola Kranzi horrenbeste interesatzen zaizkion errukiaren eta barkamenaren gai kristauak lantzeko.

(…)

Kritika osorik irakurtzeko, sartu ZINEA atarian!

Euskal pantailaren gunea