Kritika zinematografikoa: ‘Charulata’

-Kritika zinematografikoa: ‘Charulata’ 

Zuzendaria: Satyajih Ray
Urtea: 1964
Herrialdea: India

Zorizko karta-jokoak eta ekaitzak dakartzan amodioak

Bizitza bakartia darama Charulatak, XIX. mendeko klase altuko emakume bengalarrak. Nahiz eta Bhupati kazetari aberatsarekin ezkonduta egon, senarrak The Sentinel izeneko egunkarirako egiten duen lan politikoari eskaintzen dio arreta. Charuk eleberriak irakurriz eta etxeko leihoetatik kaleko oinezkoei so igarotzen ditu orduak. Baina protagonistaren egunerokotasun lasaia hankaz gora jarriko da Amal, Bhupatiren lehengusua, etxera helduko den egunean. Poeta xelebre eta alaiak, ekaitz bortitz batek bezala asaldatuko du emakumearen bizitza (literalki, ekaitz egunean helduko da). Bere kabuz idatz dezan animatuko du Charu, eta prozesuan, jadanik itzalita zirudien gar erromantikoa berpiztuko dio. 1965ean Berlinen Zilarrezko Hartza lortu zuen Satyajit Ray-ren Charulatak, eta aurten, zinemagilearen mendeurrena dela eta, aretoetan berrestreinatu dute, zuzendariaren hitzetan, bere karrerako film borobilena. Rabindranath Tagore nobel saridunaren kontakizun batean oinarritua, Madhabi Mukherjeek (Charulata), Soumitra Chatterjeek (Amal), eta Shailen Mukherjeek (Bhupati) maisuki antzezten dute erotismoaren ekaitzak, jeloskortasuna eta leialtasuna nahasten dituen drama konplexu hau. Muinean, amodiozko istorio sinplea da Charulata, handikeria sentimental edota elementu melodramatikorik gabe trebezia handiz kontatua.

Poliki-poliki, Charuren iratzartze erotiko-artistikoa jarraitzen du filmak. Izan ere, pelikula sorkuntza artistikoari egindako odatzat ere har daiteke. Amal eta Charu etengabe ari dira abesten, poemak errezitatzen, ipuinak irakurri zein idazten… eta interesgarria da artearen eta erotismoaren artean bilbatzen den zubia, biek baitute edertasunaren gozamenean lokarria. Nola ez, Rayren filma ere plazerra da ikuslearen begi eta belarrientzat. Fotograma askok artelanak dirudite, eta musika bengalarren erritmora mugitzen den muntaia ere liluragarria da.

 

(…)

Kritika osorik irakurtzeko, sartu ZINEAn

Euskal pantailaren gunea