Eraldaketa digitala eta harreman kultura

Eraldaketa digitala eta harreman kultura –

Duela hamar urteko bineta batean Zakilixut itxaroteaz ari zitzaigun: «…lehen, etxeko atarian zain, neska (edo mutila) noiz jaitsiko, …orain ere berdin, atarian zain (Interneten)… ea zer jaitsiko…». Lehengo garaiak gogoan, pentsakor ageri zen.

Eraldaketa digitala eta harreman kultura

Garai eta ekintza haiek zaharkituta geratu dira gaur, atarian neska (edo mutila) jaisteko zain egotea bezalaxe. Gaurko gaztetxoek ezagutu ere ez dute egingo, eta, era berean, helduok ere zailtasunak ditugu antzemateko ligatzeko eta harremanak egiteko kulturan gertatzen ari diren aldaketak. Ezarian-ezarian etorri da Internetek eta gailu digitalek ekarri duten aldaketa kulturala, baina gero eta abiada handiagoan doa.

Zenbait datu interesgarri

Gazteen ohituretan argi ikus daitezke digitalizazioak dituen inplikazio kulturalak eta datozen joerak; harremanak egiteko eran, hizkuntzen hautuan eta erabileran, erosketa ohituratan, denbora pasan, lan eta ikaste dinamikatan…

Gazteen Euskal Behatokiak Euskadiko gazteria eta sare sozialak argitaratu zuen 2019an. Bertan, EAEko 15-29 urte bitarteko gazteen ohiturak aztertu ziren.

Sare sozialak gazteen eguneroko bizitzaren zati garrantzitsua dira, ohetik jaiki aurretik eta gauean berandu arte konektatuta egoten baitira. Whatsappaz gain, Instagram da sare sozialik erabiliena (% 74,1 konektatzen dira egunero), Youtuberekin batera (%73,7). Musika entzutea eta bideo tutorialak dira jarduera ohikoenak (%83,3k egunero entzuten du musika eta %56,4k egunero ikusten du bideoren bat).

Beste jarduera batzuk ere badira, egunerokoak, baina gutxiagok egiten dituzte: serieak edo pelikulak ikustea, prentsa irakurtzea, edukiak argitaratzea, produktu edo zerbitzuak erosi edo saltzea, eta Skype, FaceTime edo antzeko plataformak erabiliz bideo-deiak egitea. Hamar gaztetatik batek (%9,4k) dio izan duela edo baduela blog pertsonalen bat, baina askoz ere gehiago dira (%52,4) youtuber, gamer edo influencerren bati jarraitzen diotenak. Bestalde, laurdenak baino gehixeagok (%28,8k) diote azken urtean abiarazi edo sustatu dutela Interneten edo sare sozialetan eztabaida edo salaketa sozialen bat, testu bat idatziz edo irudi edo bideoren bat zabalduz; ziberaktibismoa praktikatuz.

Hizkuntzarik erabiliena gaztelania da. 15 eta 29 urte bitartekoen %81,5ek diote sare sozialetan, batez ere, gaztelania darabiltela; %15ek diote bereziki euskara erabiltzen dutela, eta %3,3k ingelesa. Adinarekin batera igo egiten da, gutxi bada ere, sare sozialetan nagusiki euskara eta ingelesa erabiltzeko joera.

Bestalde, neskek diote mutilek baino gehiago darabiltela euskara hizkuntza nagusi gisa, baina aldea txikia da. Lurralde historikoen araberako azterketan ikusten da Gipuzkoan —non euskararen ezagutza handiena den— gazteen %30ek euskara erabiltzen dutela batez ere txatean idaztean edo sare sozialetan edukiak argitaratzean; Araban eta Bizkaian ehunekoak askoz baxuagoak dira, %3,5ekoa eta %8,4koa, hurrenez hurren.

 

Norantz goaz euskaldunok?

Aldaketa kulturalen abiadura gero eta biziagoa da, hamarkada eskasean Gauzen Internetik Oihaneko Internetera pasatu baikara. Gizartean bezala, lehian daude gaur egun edukiz zein harremanez aberastu gaitzakeen teknologia demokratikoa eta inklusiboa, eta merkantilismoa; Internet pertsonen identitate eta harremanetan sartu baita.

Eraldaketa digitalak aniztasuna ere (kulturala, hizkuntzena, generoarena, identitateena…) jar dezake ezbaian. Horrexegatik oso garrantzitsua da, berariazko zaintza eta politiken bidez, eraldaketak izaera libre, inklusiboa eta demokratikoa izateko, erabaki estrategikoak hartzea. Begi bistakoa da, herritarren ahaleginarekin batera, erakundeena ezinbestekoa dela, eta maila gorenean, gainera, lerrootan maiz aipatu izan dugun eran.

Argitaratu berri den Euskara Ingurune Digitalean bide-orrian zehaztasunez agertzen dira egin beharreko garrantzitsu ugari. Gazteak jarri ditu erdi-erdian. Horrez gain, gako nagusiak marraztu ditu izaera aholku-emailea duen txostenak: euskarazko eduki digitalak sustatzea; euskarazko tresna, aplikazio eta baliabide digitalak sustatzea; ikusgarritasuna, erabilera areagotzeko; eta zaintza teknologikoa.

Halaber, bi gai aipatzen ditu, hala nola: burujabetza teknologikoa —hainbatetan mahai gainean ipinita azken urteotan- eta software librea eta lizentzia libreak. Besteak beste, hau diote:

«Batetik, informazio eta komunikazioaren teknologiak eta azpiegiturak, datuak biltzeko eta gordetzeko erabiltzen direnek, bat etorri beharko lukete erabiltzaileak dauden herrialdeko legeekin, beharrekin eta interesekin. Erabiltzaileei buruzko informazioa ez litzateke geratu beharko erabiltzaileek kontrola ezin ditzaketen agenteen esku. Bigarrenik, garrantzitsua da azpimarratzea software librea eta lizentzia libreak sustatuta, bidea zabaltzen zaiela euskarazko eduki, baliabide, aplikazio eta tresnei».

Europako beste herrialde batzuei begira ere (Gales, Estonia, Katalunia, Islandia…), berehala jabetzen gara hizkuntza teknologien planek euren hizkuntza politiketan hartu duten pisuaz.

Egitasmo handi horiek, ikerketa eta garapena oinarri dutenak, ezinbestekoak dira bidea egiteko, hizkuntzak (hizkuntza gutxituak, ez sexistak, inklusiboak…) teknologian presentzia izan dezan eta integratuta egon dadin. Horiek horrela, euskaldunok euskara hautatu eta erabili ahal izateko teknologia ekarriko duen eraldaketa digital irekia nahi dugu.

Era berean, oso kontuan izatekoa da harremanen munduan eta gizarte egituraketan erabaki horiek zein ondorio kultural izango dituzten.

BERRIAn argitaratua

Eraldaketa digitala eta harreman kultura Eraldaketa digitala eta harreman kultura Eraldaketa digitala eta harreman kultura

Berrikuntza eta kulturgintzako eragilea