Kritika Zinematografikoa: “Broker”
Kritika Zinematografikoa: “Broker” –
.
Zuzendaria: Hirokazu Kore-Eda
Urtea: 2022
Herrialdea: Japonia – Hego Korea
-Bidean aurkitutako familia-
Broker-en lehenengo irudiak etorriko denaren bidai-orria adierazten digunaren sentsazioa dugu. Emakume batek hiri batetako kalea zeharkatzen du mantsoki. Plano oso zabala da, goitik behera hartutakoa, apenas esan dezakegu ezer ñimiñotuta dagoen emakume horren inguruan. Anbientazio goxoa sortuta, bi kale-argik sortzen duten izpi zuri-horixka kale ilun eta zikinaren tonuekin nahasi egiten da, euria gogotik ari duela. Eta elektrizitate kable nahasiak ere badaude han eta hemen, hiri anabasa horren erdian, elkarri kateatuta eta angelu oso bestelakoak sortuz. Nolabait pelikulako pertsonaiak ere hala lotuko dira elkarri, bizitzako bidegurutzeetan elkar aurkitutako pertsonek nolabaiteko familia sinesgaitza sortzeraino. Izan ere, buelta gaitezen hastapeneko emakume horretara: bere ibilera mantxoak arrazoia badu, haur txikia darama bularraldean lotuta. Eta hasierako plano horretan ezin txikiago irudikatze horrek ere adiera lirikoa dauka, barrena urratzen dion erabakia hartuta, ume hori eliza baten atarian uzteko zorian baitago. Eta honek narratiboki pertsonaiak biderkatzea ekarriko du. Lehenik eta behin, bi polizia azalduko dira, eliza hori behatzen ari direnak. Eta ondoren umea jasoko duten bi gizonekin ere geratuko gara, izan ere, umezurztegi batekin harremanetan badaude ere, jaio-berrien salmenta negozio iluna daramatelako. Nolabaiteko hitzaurre luze honen ondoren ekingo zaio pelikularen auzi nagusiari, izan ere, hasieran ikusi dugun ama umea saltzeko negozio horretan ere sartuko da. Eta berriro ere kableen anabasa hura gogoan izanda, zinema generoen sinergia ere bilatuko du pelikulak, hastapeneko drama humanistaren ondoan lerrokatuko dira road movie komikoa (hamar urte bueltako umezurtza batuko da abentura honetan, komikotasuna handituz) edo zine beltzaren kodeak izango dituen filma.
Hala, umearen saltze prozesu hori da pelikularen bizkarrezurra. Hego Korean umeen abandonatze tasak izugarriak omen dira eta pelikularen hastapenean azaltzen diren ‘umea uzteko guneak’ ohikoak direla iradokitzen zaigu, beraz legez kanpoko giza trafiko horiek ere existitzen dira, nolabaiteko salneurria zehaztuta egoteraino (mutil txikiek 10 milioi won balio dituzte, eta neska txikiek…8!!!).
Harrigarria da horrek sor dezakeen gatazkaren eta moralki arbuiagarria gertatzen den praktikaren bitartez nola bideratzen den tonu atsegineko kontaketa, musika samurrez betea, pertsonaiak era zeharo jatorrean irudikatzeraino. Haien diskurtsoan jaio berriari hazteko toki hobea bilatzea da helburua… eta bidetik dirua irabaz badaiteke, zenbat eta hobeto! Honekin Hirokazu Kore-Edak trebe jokatzen badu ere, tonu alai eta hunkigarriz haur trafikatzaile batzuen humanizatze saiakera ez da erronka makala, eta are gehiago, ikuste esperientzia baldintza dezake. Kontuak kontu, hirurek, haurraren amak, eta bi gizonek barne zauri nabarmenak dituzte, iraganean pairatutako gertakari lazgarrien ondorio, eta nolabait elkarren sufrimenduen, bakardadeen, arteko elkartzeak eragingo du aurrera atera daitezen. Honek eramango gaitu nolabait Kore-Edak berezko dituen espazio tematiko horietara (zenbaitetan Yasujiro Ozu-ren marrazteetatik gertu), familiaren batasunaren kontzepzio horretara. Nahiz eta kasu honetan, sendi horren eratzea rokanbolesko suertatzen zaigun, eta familia ororen zutabe den etxearen ordez, Hego Korea (zuzendari japoniarrak azkenaldian bere herrialdetik kanporako produkzioak bideratu ditu) zeharkatzen duen furgoneta zaharkitua dugun.
(…)
Kritika osorik irakurtzeko, sartu ZINEA atarian!
Kritika Zinematografikoa: “Broker”