Demagun

Demagun –

Demagun: urtarrilaren zazpian 10.000 pertsona Bilbon. Desastrea. Porrota. Katastrofea. Norena? Sarerena. Presoena. Kolektiboarena. Alderdiena. Sindikatuena. Jendartearena. Eurenak ere ez dituzte maite. Ahaztu dituzte. Ez zaie axola. Gizarteak, orain, indiferentziara kondenatu ditu, bakardadera. Bizkarra eman die. Kartzela politikaren arrakasta. Legearen irmotasuna. Espainiako demokraziaren osasuna. Legearen inperioa. Okerragoak ere irakurri eta entzun beharko genituzke komunikabidetan, sare sozialetan.

Demagun
Arg: Dani Blanco (ARGIA)

Demagun: urtarrilaren zazpian 200.000 pertsonek Bilbo kolapsatu dute. Isiltasuna nagusiko litzateke, baina arrakastaren oihartzuna ziegetara ez ezik bulego askotara iritsiko zen, telefono asko dantzaraziko zituen, ateak ireki, erabaki asko erraztu, harrarazi, presoen aldekoak. Zailagoa litzaieke hirugarren graduak errefusatzea, gradu progresioak erraztuko lituzke, baimenak, askatasunak.

Hipotesiak, besterik ez. Zehatzagoak behar ditu Bilbora joan edo ez pentsatzen ari denak. Lehentasunen artean urteroko zita kokatzen lanak ditugunok ere bai. Batzuetan errazago zait negatiboan pentsatzea, ez egitea zer den, Bilbora ez joatea zer den: presoen eskubideak ez zaizkidala inporta, presoen egoera hobetzeak kezkatzen ez nauela, presoak espetxean jarrai dezaten bigarren, hirugarren mailako kontua dela, presoen egoera okertzeak garrantzirik ez duela.
Hotzikara.

Nahiago dut pentsatu presoen erabakiak babesten ditudala, presoak kalera ateratzeko martxan dagoen bidearen alde egiten dudala, dispertsioarekin amaitu duen praktika politikoa babesten dudala, presoen bizi baldintzak axola zaizkidala, legezkoa izateaz gain, justiziazkoa ere badela presoak etxean egon daitezen ahalegintzea.

Ahaleginaren tamainak ezezkoa zailtzen dit. Ahaleginaren nolakotasunak elkarrekin jardutearen garrantzia gogora ekartzen. Ez dago norberaren neurriko borrokarik, nire moduko iraultzarik. Zerbait lortzekotan, beste batzuekin, beste askorekin aritu behar. Gustukoak izan ala ez. Ahaleginak berak erakusten du ezer gutxirako balio duela norberaren baitan gelditzen den aldekotasunak.

Praktikoa izatea, hoberena. Zehatza. Dispertsioarekin bukatu da. Dute. Duzue. Dugu. Dut. Baldintza olatua gertatu behar izan du horretarako. Egia da. Bat, garrantzitsuena, ez dakit berez hala den, nire ustez bai, niretzat bai, nik eragin dezakedana delako: kalean jendea presoen alde egotea, ehunka mobilizazio txiki, gutxi batzuk kolosalak. Beharrezkoak denak. Olatua aprobetxatu behar bidean aurrera egiteko, sakabanaketarekin amaitu eta etxerako bidea egiteko.

 

Mikel MundiƱano, Nahikari Iturbe, Inaxio Oiartzabal, Aitor Lexartza eta Jon Marauri
Demagun

Sarean, han eta hemen argitaratzen direnak harrapatzen, zeure interesekoak direlakoan.