Korintotik Sarara: Galburuak, mitxoletak eta azak
Korintotik Sarara: Galburuak, mitxoletak eta azak –
Gerra Zibilaren kariaz, on Joxemiel Barandiaranek hainbat urtetako egonaldia egin zuen Sara herrian. Erbestealdia, dena den, ez zitzaion batere antzu gertatu eta Lapurdiko herrian egindako ikerketen emaitzak liburu ezagun batean batu zituen: Bosquejo etnográfico de Sara (1957). Beste kontu jakingarri askoren artean, Olalde auzoko Ibarrola edo Ibarla etxearen berri ematen digu, Olhabidia baserriko Martin Legasa agurea berri-emailea zuelarik. Ibarla Sarako baserri zaharrenetariko bat zen, eta hango sei etxe “infantzoi”etako bat. Gainera, halako prestigio mitologiko batek ederresten zuen etxaldea; adibidez, mikolasek gaur bakar batez eraiki omen zuten, harriak harrobitik botata “Altxa, mikolas” “Pausa mikolas” deiadar egiten zutelarik. Bazen gehiagorik, ordea, Legasaren ahotik istorio hau jaso baitzuen Ataungo maisuak:
Errege batek Ibarla etxeko jaunari mezulari bat bidali omen zion gerra batean sarturik zegoelako, aholku eske. Ibarlakoak mezularia baratzera eraman eta, hitzik esan gabe, bertan zeuden azaburu hoberenak ebaki omen zituen, eta horrekin agurtu zuen. Herrira itzulita, mezulariak erregeari ikusi zuena kontatu omen zion. Erregeak, bada, erresumako buruzagiei lepoa moztu behar ziela ulertu omen zuen: hala egin eta gerra amaitu egin omen zen.
Bada, ondoren ikusiko dugunez, pasadizo honek urrutira eramango gaitu denboran eta espazioan zehar, haren agerraldi zaharrena noren eta Halikarnasoko Herodotoren lanetan topatuko baitugu.
Historiaren aita askotan iritzi zaionak, Halikarnasoko Herodotok, bere lanaren bosgarren liburukian dakarkigu Korinto K. a. VII. Eta VI. mendeetan gobernatu zuten tiranoen kontakizuna: zipselotarrak. Zipselo izan zen, hain zuzen, leinuaren sortzailea, tirano anker eta odol-gosearen arketipoa, baina haren seme eta oinordeko Periandro ere ez zen atzean geratu, hasieran gobernari ona izango zela bazirudien ere. Hona hemen, bada, nola kontatzen duen Herodotok nola lerratu zen Periandro gaizkiaren aldera:
Hasieran Periandrok eztiago jokatu zuen aitak baino, baina, enbaxaden bidez Trasibulo Miletoko tiranoarekin harremanetan sartu ondoren, Zipselo bera baino odolzaleago bilakatu zen. Izan ere, Trasibulori heraldo bat bidali zion baliatu behar zuen gobernu-moldea seguruena zein zen galdetzeko, hiria ahalik eta hobekien antolatze aldera. Mezularia Miletora iritsi zenean, Trasibulok hiritik kanpora eraman zuen, galsoro batera, eta alorren artetik pasieran zebiltzala behin eta berriz galdetzen zion ea zein zen Korintotik etortzearen arrazoia. Baina bien bitartean, galburu garaienak, besteen artetik gailentzen zirenak, ebaki eta lurrera boteaz zihoan, halako moldez, non azkenik uztaren zati ederrena eta mardulena suntsitu baitzuen. Galsoroa hala korritu ondoren, mezularia bidali zuen ostera ere, hitzik esan gabe. Heraldoa Korintora itzuli zenean, Periandro aholkua jakiteko irrikaz zegoen, baina hark esan zion Trasibulok ez ziola inolako argibiderik eman, aitzitik, harrituta zegoela zer zela-eta bidali zuen halako gizon batengana, hau da, ero batengana, bere ondasunak galtzen zituelako. Eta hori esanda, Trasibulok egindakoa kontatu zion, noski. Periandrok jokabide hori ulertu egin zuen, ordea, eta uste izan zuen Trasibulok aholkatu ziola hiritar nabarmenenak erail zitzan. Harrezkero, bada, gaiztakeriarik krudelena erakutsi zuen herritarrengana: Zipselok heriotzatik edo erbestetik salbuetsi zituen guztiak, bada, Periandrok akabatu zituen.
Istorio hau nahiko ezaguna zen Grezian; Aristotelesek, adibidez, haren berri ematen digu bere Politikan, maisu-ikaslearen rolak trukaturik, hala ere. Baita Greziatik kanpo ere. Erromako tradizio historiko-mitologikoan ere jasota daukagu, han protagonistak Tarkinio Harroa errega eta haren semea Sexto Tarkinio direlarik, hots, Erromako azken bi erregea eta monarkia galdu zuen haren semea, hurrenez hurren. Aitak semeari Gabii hiriaren ardura eman zion, baina gazteak ez zuen asmatzen nola gobernatu bertako jauntxo bihurriak, eta aitari mezulari bat bidali omen zion… Tarkinio Harroak, alabaina, mitxoletak ebaki omen zituen galburuen ordez; loreon kolore gorria oso egokia da odola baitakarkigu gogora.
Antzinate greko-erromatarretik at ipuinaren bertsio ezagunena Huescako Kanpaiarena dugu, Euskal Herriarekiko zerikusia daukana, gainera. Cronica de San Juan de la Peña izenekoan jasota daukagu, zein XIV. mendean aragoieraz idatzia baitzen Aragoiko Pedro IV.a —Bartzelonako III. kondea— erregearen aginduz. Hala ere, Ubieto Arteta irakasleak frogatu zuenez, elezaharraren pasartea kanta epiko askoz zaharrago baten prosifikazioa da.
Alfontso I.a Borrokalaria, Aragoiko eta Iruñeko erregea, 1134an hil zen seme-alabarik utzi gabe; bere testamentu zentzugabean erresuma ordena militar sortu berriei utzi zien, hau da, tenplarioei, besteak beste, baina istilu frankoren ondoren, Nafarroa aldeko jauntxoek Gartzia Ramirez Berrezarlearen alde egin zuten; Aragoin, aldiz, Alfontsoren anaia atera zen garaile: Ramiro II.a, Monjea deritzona. Ze, izan, monjea zen, Saint-Pons-de-Thomièresko monasterioan. Kronikaren arabera, bada, Aragoiko jauntxo bihurriek ez zioten begirune askorik gorde errege berriari —ezaguna zen garaian gerlariarek lekaideei gordetzen zieten destaina— eta erresuma kaosean murgildu zen. Zer egin ez zekiela, Ramirok Thomiéresen maisu edukitako Forzado izeneko monjeari mezulari bidali omen zion gutun batekin. Monasterioan dagoeneko ezagutzen dugun eszena errepikatu zen, baina oraingoan ere landare berriekin: Forzadok mezularia baratzera eraman omen zuen; bertan, aza mardulenak ebakitzeari ekin zion ganibeta batez, eta, ortuan zer egin zuen besterik gabe kontatzeko esanda, mandataria ostera bidali zuen Ramirorengana.
Erregeak mezua ulertu egin zuen, jakina, eta iruzkin sardoniko bat gaineratu omen zuen: aza onak egosteko haragia behar zela. Esan eta egin, erresumako jauntxo nagusiak Huescara joateko agindu zien, Frantziako maisu batek egin zion kanpai miresgarria erakutsi nahi baitzien; hain zen handia hura, non erresuma osoan entzun ahal baitzitekeen. Halatan, jaun boteretsuenak hirian bilduta, goiz batez bere gelara banan-banan deitu zien: sartu ahala, propio hartaratutako gizon batzuek burua ebakitzen zieten matxinoei. Bazkaltzeko ordua baino lehen, diosku kronikak, hamahiru erail zituen, eta gehiago ere erailko zituen, baina besteek susmo txarra hartu eta hanka egin zuten. Hala ere, erresumak bakea berreskuratu zuen.
Istorio honen beste bertsio bat Lope Gartzia Salazarkoaren Bienandanzas e fortunas kronika mardulean daukagu, hau da, XV. mendeko bertsio bat da. Banderizo eta historiagile bizkaitarra hartaz baliatu zen Abendaño leinuaren jatorria kontatzeko, bereziki zer dela-eta aldatu ziren abendañotarrak Arabatik Bizkaira:
Gasteiz hiria Nafarroako erresuman zegoeneko garaian, bazen zaldun-leinu bat bertatik hurbil dagoen herrixka batean, orain San Martin de Abendaño esaten dioten hartan; eskualdean itzal luzekoak ziren, eta gasteiztarrak etengabe gaizki zerabiltzaten. Hori dela-eta, hiriko batzarrak bere jauna zen Nafarroako erregearengana jo zuen kexu, eta baratze batean topatu zuten, zaldun batzuekin batera egurasten ari zela. Auzibidea adituta, erregeak ezpata bat hartu zion gasteiztarren mezulariari eta hamar bat azaburu ebaki zituen honako hau zioelarik: Jende ustela, gero, gasteiztarrok! Nik zer egin diedan azaburuei, berdin egin beharko zeniekete hankapean zauzkaten horiei! Hori entzunda, hirira bueltatu ziren, eta, herri osoak elkar hartuta, matxinatu eta Abendañoko zaldun horien aurka joan ziren (…). Guztiak erre eta erail zituzten seme-alaba, emazte eta ahaide guztiekin batera, haien seme nagusia izan ezik, bi urtekoa berau, hazten zuen inude batekin ihes egin zuelako.
Erregeak Antso VI.a izan behar du: Jakituna izenekoa, hain zuzen.
Ageri denez, soka luzea dakar apaiz euskaldun batek XX. mendeko laugarren hamarkadan baserritar bati entzundako istorio mitiko honek. Baina zein da haren atzean ezkutatzen den esanahia?
Herodotoren garaian Korinto hiria oligarkia aristokratiko batek gobernatzen zuen, eta seguru aski noble haietako bat izango zen haren informatzailea. Korinto menderatzen zuten oligarken aburuz, Zipselo eta Periandro tiranoak gaiztakeria ororen iturburua izan ziren. Tarkinio Harroa, aldiz, tirano ankerraren arketipoa zen Erromako elite patrizioarentzat. Ramiro erregeari dagokionez, kanpaiaren istorioa mitikoa izan arren, jauntxoren bati lepoa moztu ziola kontu historikoa eta, azkenik, ez da batere harrigarria istorioa Araba eta Bizkaiko ahaide nagusien artean arrakastatsua gertatzea: hiribilduak fundatzea eta haiek frankoz eta burgesez betetzea gustuko zuen errege bat protagonista dugu hemen. Ildo horretatik doa mundu anglo-saxoniarrean elezaharrari eman izan zaion interpretazio bat, Tarkinioren bertsioagatik tall poppy sindromea deritzona; nolabait esateko, behekoek, mediokreek, erkinduek-eta, gailentzen denari dioten herra. Kutsu neoliberaleko interpretazioa, inondik inora.
Ez da interpretazio bakarra, ordea. Zipselo eta Periandro ospe txarrekoak ziren Korintoko oligarken artean, baina gobernari trebeak eta zintzoak izan omen ziren beste tradizio batzuetan. Ramiro, berriz, handikien harrokeriari galga jarri zion erregea dugu San Juan de la Peñako bertsioan, ez tirano odol-gosea, eta, jakina, abendañotarren sarraskia ez zuten berdin ikusten leinuaren oinordekoek edo Gasteizko hiritarrek. Interpretazio berdinzale honetan, gobernariak herriaren alde egiten du handikien gehiegikerietatik babesteko, eta horregatik Euskal Herriko ahozko tradizioan jasota daukagu. Ahozko tradizioan ohikoa denez, Legasak Barandiarani kontatutako bertsioa toki jakin bati lotua dago, baina bestalde atenporala eta anonimoa da. Hala ere, baliteke garai batean pertsonaia zehatz bati egotzi izana. Sarako semea izan zen, hain zuzen, Joanes Ibarrola lege-gizona, sona handikoa XVI. mendearen hasieran eta Zuberoako coutume delakoa edo foruak idazteko ardura izan zuena Frantziako Frantzisko I.a erregearen aginduz: hain juxtu ere, botere feudalen aurka eratzen hasiak ziren estatu zentralizatuen zerbitzari leialaren prototipoa.
Biziki artikulu interesgarria. Mila esker, Jurtzi.
Eskerrik asko zuri!
Lan ikaragarria zuena!.