[Zine kritika] Kimuak 2018

[Kritika] Kimuak 2018 –[Kritika] Kimuak 2018

Ama

Zuzendaria: Josu Martinez

Baserria mundu txikia da, xumea, zelai eta soroengatik inguratutako babeslekua, lubakia. Kanpoan mundua, denbora, atzerria, hiria. Denbora ez da berdin igarotzen baserrian eta kanpo munduan, egiak ez dira berdinak kanpoan eta barruan. Arrotzak diren lurraldeek ez dakitelako zer gertatzen den baserrian, zer behar duen baserriak aurrera egiteko, babesleku izaten jarraitzeko.

.

Ancora Lucciole

Zuzendaria: Maria Elorza

Argia, bizia da, argirik gabe itsu gaude, errari, noranzkorik ez. Argi mota asko dago, kolore, tenperatura, intentsitate desberdinetakoak. Bada ere ikusezina den argirik ere, modu ez ohikoetan argitzen gaituena, barrutik kanpora, kanpotik barrura beharrean. Badago argia desagertu egingo dela dioena, eta horrela izango da agian, noizbait, akaso, nork daki. Egia da baina argia denborarekin batera aldatu egiten dela, zahar berritu, eraldatu, hortaz, biziraun, esaten baita energia ez dela sortzen ez deusezten, transformatu besterik ez dela egiten, beste modu batean berriro hasteko.

.

Espedizio Handia

Zuzendaria: Iban del Campo

Super 8 zinta formatuan ehunka metro,  bizi bat, irudietan, bi bobina, infinituan lotuak, istorio bat azaltzen. Kosmosa kafe katilu batean kabitzen da, bazkal osteko algaren artean, zelaian itzulipurdika dabiltzan umeak, eta helduak helduen kontuak eztabaidatzen, udako arratsalde amaigabeetan. Eta gauez izarrak, han urrutira, ilargiaz haratago, saturnoren uztaiak gaindituta, eguzki sistemaz gaindiko exoplanetetatik at, urrunago, barrurago, egingo dugu bidaia, etxera itzultzeko.

.

Kafenio Kastello

Zuzendaria: Miguel Angel Jiménez

Grezia ez da mito soil bat, ez da memorian galdua gelditu den tokia, ala bai? Non zaude Grezia? Mesede, ez etsi. Partenoia hiria zaintzen goialdean, jainkoak joan ziren Olinpotik nonbait, umezurtz zaude Grezia, ez etsi. Sendoak dira zure zimenduak, eta sendoa zure jendea, izan zinetelako, zarete, eta izango zarete.

.

No Me Despertéis

Zuzendaria: Sara Fantova

Esnatzeko modu asko dago, egunero esnatzen gara, goizero, ametsak nonbait uzten ditugunean eta errealitatera itzuli behar dugunean. Esnatzeko modu asko dago, errealitate bezain beste. Joneren errealitatea ez da nolanahikoa, batzuetan  ordea, esnatzeko modua ez da beti espero duguna.

.

Zain

Zuzendaria: Pello Gutierrez

Egunero berdina errepikatu, eta errepikatu, eta errepikatu, eta errepikatu, pausoz pauso, zerbait gertatuko denaren zain. Eta gertatzen dira gauzak, batzuetan gutxien espero dugunean. Eta gertatzen dira gauzak, gutxien espero dugunean. Gertatzen dira gauzak.

.

592 Metroz Goiti

Zuzendaria: Maddi Barber

Naturaren erresilientzia, hondoratutako herri baten hondakinak, birrindutako harrizko etxeak, orografia apetatsuak eta putreak, gupidagabeak. Batzuk bizirauten dute, besteak ez, latza da naturaren legea, latza gizakiaren esku-sartzea.

.

[Kritika] Kimuak 2018 [Kritika] Kimuak 2018 [Kritika] Kimuak 2018